Kanpoko kaiaren proiektua «behin betiko» uzteko eskatu dute

Ekologistak Martxan-ek dio «albiste ona» dela Ingurumen Ministerioak proiektuari alegazioak jarri izana

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Ingurumen Ministerioak Pasaiako kanpoko kaiaren proiektuari alegazioak jarri eta egitasmoak ingurumenari kalte «ezin itzulizkoak» eragingo dizkiola adierazi izana «pozgarria» dela agertu du Ekologistak Martxan erakundeak. «Urteak daramatzagu kanpoko portuak Jaizkibelen eragingo lituzkeen ingurumen kalteak salatzen. Azkenean, Ingurumen Ministerioak hitz egin du, eta pikutara bidali ditu aberastasun handiko itsas eremua duen babestutako ingurune baten ondoan kanpoko kaia eraikitzeko asmo gehiegizkoak».

«Alegazioek erakusten dutepertsona publiko jakin batzuek enpresen interesak jartzen dituztela interes orokorrekoa den ingurumenaren babesaren gainetik», agertu du erakunde ekologistak. Hori dela eta, kanpoko kaia eraikitzeko proiektuari «behin betiko» uko egin diezaioten eskatu du Ekologistak Martxan-ek.

CADE, ACE eta Auñamendi Lapurdiko elkarteek ere «poza» adierazi dute. «Zurituezina iruditu zaie Madrilen, ekonomikoki, sozialki eta ekologikoki justifikatzerik ez dagoelako». Nolanahi ere, «etor litekeenari so» eta mobilizatzeko prest egoteko deia ere egin dute hiru elkarteek: «Ez baita ahantzi behar Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Portu Agintaritzak protokolo bat sinatu zutela apirilaren hasieran».

ELA sindikatuaren iritziz,«proiektua ingurumen eta ekonomia ikuspuntutik bideraezina» dela adierazten du ministerioaren txostenak. «Ministerioak proposatzen duen alternatiba bakarra gaur egungo portua birgaitzea eta kanpoko kaia ez eraikitzea da». Gainera, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren jarrera kritikatu du ELAk: «Ez dio inori eta ezeri kasurik egiten, eta zementuaren lobby-aren bozeramaile bihurtu da. Lobby-aren helburu bakarra eraikitzen jarraituz etekinak ateratzea da, diru publikoz finantzatuta».

Ezker Batuak Miguel Buen Pasaiako Portu Agintaritzako presidente ohia eta Olano kritikatu ditu, «hilzorian baino gehiago, hilda dagoen proiektu bat su eta gar defenditzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.