Kanporatutako etorkinei Europara itzultzea debekatu nahi die Frantziak

Eskuin muturraren tesiak barneratzen dituen lege xedea aztertzen hasi da Frantziako Parlamentua

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Joan den apirilean ministroen kontseiluan onartu ondoren, Frantziako Parlamentuak etorkinen legea gogortzeko bideari ekin dio. Eric Besson Immigrazio, Integrazio, Nortasun Nazional eta Garapen Solidariorako ministroak aurkeztu duen lege xedea aztertzeari ekin dio Frantziako Parlamentuak lehen irakurketan.

Ezkerreko alderdiek eta giza eskubideen arloan diharduten elkarteek gogor gaitzetsi dute xedea. Beldurraren bozak eskuratze aldera, Frantziako eskuin muturraren tesiak bereganatzea eta Europako legedia haustea leporatzen diote Sarkozyren gobernuari. Eztabaida nagusien itzalean, etorkinen eskubideak urratzen dituzten neurri ugari pasatuko direla diote aurkariek.

Herritartasuna kendu

Frantses herritartasuna duela hamar urte baino gutxiago eskuratu duten etorkinei eskubide guztiak eta herritartasuna kendu nahi dizkiete jendarme, polizia edo suhiltzaile baten heriotza eragin edo horretarako saioa egin baldin badute. Parisko auzo herrietan izandako liskarrei erantzun nahi die horrela Sarkozyk. Azken urteotan auzo horietan ugaldu egin da suzko armen erabilpena polizien aurkako erasoetan. Neurri horren bidez, erasoen egileak gogortu eta kanporatu nahi ditu Frantziak.

Neurri hori legez kanpokoa litzatekeela azpimarratu du Laurence Hardouin abokatu eta Cimade taldeko kideak. Kasurik gehienetan, Frantziako herritartasuna lortzen dutelarik jatorrikoa galtzen dute Afrikako etorkinek. Herritartasun bakarra dute kasu horietan, eta xede hori onartuko balitz, pertsona horiek herritartasunik gabe geldituko lirateke. Horrela balitz, pertsona hori kanporatzea ezinezkoa litzateke, jatorrizko herriak ez lukeelako herritar gisa onartuko.

Europako legediak ere ez luke onartuko horrelako erabakirik. Izan ere, ez du bere eremuan pertsona bati herritartasuna kentzea onartzen, bakarra duelarik. Hardouinen iritziz, lege horren helburua eskuin muturraren bozak eskuratzea da, nahiz eta bi abiadurako frantses herritartasuna sortu horretarako.

Igurikatze eremuak

Ustez legez kanpo dauden etorkinak atxikitzeko zentro bereziak eraikitzeko eskatzen du lege xedeak. Gaur egun aireportuetan dauden igurikatze eremuen eredua hartu nahi dute, xede hori ugaltzeko Frantziako lurralde osoan. Frantziako mugetan dauden atxikitze zentroen osagarri lirateke, eta bederen hamar pertsona hartzeko eran izatea proposatzen du lege xedeak. Igurikatze gune bereziak mugetatik hamar kilometroko tartean egitea proposatzen dute.

Etorkinak bost egunez atxiki ditzakete eremu berezi horietan. Alta, etorkinen eskubideak bermatzen dituzten elkarteentzat esku-hartze eremuak biderkatzen dira, zailagoa bihurtzen da laguntza ematea eta lege urratzea ekiditea.

Prozedura luzeagoa

Gaur egun, Poliziak bi egunez atxiki dezake atxilotutako etorkina epailearen aitzinera eraman baino lehen. Denbora hori gaindituta, askatasun epailearengana eraman behar dute, eta hark erabakitzen du pertsona hori libre uzten duen edo atxikitze zentrora eramaten duen. Gehienez hamabost eguneko bi egonaldi egin ditzake etorkinak kanporatua izan edo libre gelditu arte. Lege horren bidez, aldaketa sakonak eragin nahi dituzte. Atxiloketa denbora bost egunera zabaldu nahi dute. Denbora hori gaindituta, Poliziak zuzenean eraman dezake etorkina atxikitze zentrora, epailearen baimenik gabe. Ondoren, atxikitze egonaldiak hogei egunera pasatu nahi dituzte. Prozedura guztia betez gero, 45 egunera pasatuko litzateke, gaurko 32 egunen ordez.

Egonaldi laburrak egiten dituzten etorkinak kanporatu nahi dituzte neurri horren bidez. Frantziako Gobernuaren arabera, etorkin anitzek turismo egonaldiak edo ikasketak argudiatzen dituzte Frantzian bizi ahal izateko. Etorkin horiek kanporatu nahi ditu Frantziak.

Ez da Sarkozyren gobernuak atxikitze denbora aldatzen duen lehen aldia. Kanporaketa gehienak hamar eguneko epean egiten badira ere, Frantziako Gobernuak etengabe luzatu nahi du epe hori. Etorkinen defentsarako elkarteen iritziz, punturik garrantzitsuena epailearen funtzioa ezabatzea da. «Gaur egun, epaileak deliberatzen du nor kanporatzen duen eta nor uzten duen libre; ikusirik kasurik gehienetan etorkinak libre uzten dituela, gobernuak epailearen funtzioa debekatu nahi du, aitzinetik finkaturiko kanporaketa kopurura heldu ahal izateko», adierazi du Hardouinek.

Itzulera debekatu

Frantziak kanporatzen dituen etorkinak bertara itzultzea debekaturik dute hainbat kasutan. Neurri hori orokortu nahi du xede berriak, eta Frantziara ez ezik, Europara itzultzea ere debekatzea nahi du. Debeku horrek hamar urte irautea nahi du.

Cimaderen iritziz, xede horrek argi eta garbi urratzen ditu Europako legeak. «Europak Frantziak agindutako kanporaketa bere egitea nahi dute, baina ezinezkoa da hori». Udan egin diren ijitoen kanporaketak aipatu ditu adibidetzat. Izatez errumaniarrak edo bulgariarrak dira. Frantziak lege hori indarrean ezarriko balu, herri horiek onartu beharko lukete Frantziak agintzea nor bizi daitekeen beren herrialdean eta nor ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.