Iñaki Barcena eta Rosa Lago. Ekologistak Martxan-eko kideak

«'Kapitalismo berdea' indartua ez ateratzea da gure erronka»

Iñaki Barcena eta Rosa Lago entzule gisa egongo dira presidente eta gobernuburuen bileran, baina parte hartuko dute, bete-betean, gaur hasiko den Herrien Bileran.

Iñaki Barcena, Martin Mantxo eta Rosa Lago, herenegun, Rion. BERRIA.
inaki petxarroman
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko ordezkari batzuk ere izango dira gaurtik hilaren 23ra Rion izango den Herrien Bileran.

Rioko goi bilerari garrantzi handia aitortu izan zaio. Zertan datza haren ekarpen nagusia, zuen ustez?

IÑAKI BARCENA: 1992an Ipar industrializatuaren eta Hego azpigaratuaren arteko akordio bat egon zen, eta garapen iraunkorra jaio zen, ekonomia eta ekologiaren ezkontzaren bidez. Hegoak bioaniztasunaz arduratu behar zuen, eta Iparra klima aldaketaz. Hogei urtean Iparreko potentzia nagusiek ez dituzte isurketak jaitsi nahi izan, eta karbonoaren merkatuarekin konpondu nahi dute euren agindua, airearen erabilera pribatizatuz eta Hegoaldeko herriei euren isurketak erosiz. Bioaniztasunaren alorrean ere hainbat konpromiso hartu ziren, baina, enpresa transnazionalen eredu xahutzailearen ondorioz, galera larriak izan dira. Horren froga Euskal Herrian dugu. BIORES-bioerantzukizuna ikerketak erakusten digu bertako jarduera ekonomikoek eragin larriak dituztela Bolivian,Indiako Ozeanoan eta Indonesian, eztainu, arrantza eta palma olioaren inportazioengatik, adibidez. Gure garapen eredua ez da iraunkorra, ezta duela 20 urte baino ezta iraunkorragoa ere.

Bilera honek jarri zuen politikarien agendan ingurumenaren gaia, eta geroztik hainbat konpromiso hartu dira (Kioton, esate baterako). Ematen du azken boladan lasaitu egin dela herrialdeen konpromisoa, klima aldaketari buruzko azken goi bilerak adibide moduan hartuta.

ROSA LAGO: Klima aldaketa arazo larria da, eta herri aberastuek erantzukizun historiko nagusia dutela onartzen dute, baina ez dute lortu (nahi) euren gas isurketak jaistea. Klima justiziaren mugimenduak salatzen duenez, ezin da merkatu kapitalistarekin konpondu merkatuak berak sortu duena. Merkatu libreak mundu osoan pobrezia gehiago sortu du, eta, teknologia zikinak gelditzeko neurriak hartzeaz gain, txirotuen aldeko dinamika politiko-sozialak ez badira bultzatzen, merkatuak berez ez ditu txirotuen arazoak konponduko. Alegia, munduaren gutxiengo batek diru sarrerak handituko ditu, baina pobrezia ez da desagertuko. Eta puntu horretan politika neoliberal eta sozial-liberalekin egite dugu topo.

Ekonomia Berdea egokia al da politika berriak martxan jartzeko?

LAGO:Kapitalismo berdea kontraesan bat da. Alegia, ekonomia berdearekin hazkunde ekonomikoari eutsi nahi diote, diru sarrerak handituz. Baina Ama Lurrakmugak ditu, eta, beraz, mugak dituen planeta batean etengabeko hazkundea ezinezkoa da. Gainera, ekonomia berdea merkatuaren bidez garatu nahi dute bakarrik. Azken 20 urteetan ekonomiaren hazkundea nabarmena izan da, baina arazo sozioekologiko nagusiak ( klima aldaketa, biodibertsitate galera, energia, ura…)ez dira konpondu, eta, orain, ekonomia berdearekinlighting edo pisu arintze bat eman nahi diote gorputzari, baina gorputzak baraua eta ariketa fisikoak behar ditu: desazkundea, hain zuzen ere... Tamalez, botika hori legez kanpokoa da Nazio Batuen Erakundearentzat.

Zer espero duzue hurrengo astean hasiko den goi bileraz?Konpromiso sendoak hartuko diren itxaropenik ba al duzue?

BARCENA: 2002. urtean Johannesburgon gertatu zen bezala, aurten ere transnazionalen ordezkaritzak gobernuenak baino handiagoak izango dira, eta presio handia egingo dute kapitalismo berdea ezartzeko. Multinazionalek NBEren egitura bahitu dute, jaun eta jabe egin dira. Euren irudi sozial kaskarra berdez mozorrotu behar dute, eta, horregatik, Giza Erantzukizun Korporatiboari ekiten diote, duela berrogei urte Eliza Katolikoak misioetarako limosnak eskatzen eta batzen zituen moduan. Hogei urte pasatu dira, eta argi ikusten dugu Ekonomia Berdearekin eta Giza Erantzukizun Korporatiboarekin transnazionalen jarduera antisozial eta antiekologikoak ez direla geldiarazten. Hori dago jokoan Rio+20 konferentzian. Kapitalismo berdea indartua ez ateratzea, hori da gure erronka.

Euskal Herria ordezkatuz hainbat gizarte mugimendu izango zarete Rioko Herrien Bileran. Gure herriaren ingurumen eta garapen egoeraz ze kontatuko diezue bertan direnei?

BARCENA: Rion egingo dugun ekarpen nagusia energia eta zor ekologikoaren alorrean egin nahi dugu, agerian uzteko Euskal Herriko sistema energetikoaren loturak nolakoak diren munduko beste herrialdeekin. Gure aburuz, energia pertsona guztiek behar dugun zerbitzu bat da, eta, horregatik, gaurkosistema kolokan jartzen dugu, eta loturak bilatzen ditugu Ekuador, Txile, Brasil, Nigeria edo Mexikon dauden protestaldien eta Euskal Herriko proiektuen artean (Muskiz, Zornotza, Pasaia, Castejon, Lantaron edo AHT...). Zor ekologikoaren kontzeptua osolagungarria da Hegoa etaIparraren arteko loturak azaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.