Karabela portugesa Euskal Herrian: bainatzea debekatu dute Miarritzen eta Angelun

Euskal Herriko kostalde guztian topatu dute marmoka itxurako espezie hori. Bakion bi pertsona ziztatu dituzte, baina ez dute zauri larririk eragin.

Karabela portugesa bat, 2023an, Lekeitioko uretan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Karabela portugesa bat, 2023an, Lekeitioko uretan. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2025eko uztailaren 25a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Udak aurrera egin ahala, eta ura berotzen doan heinean, karabela portugesa Euskal Herriko hondartzetara iristen ari da. Kostalde guztian zehar topatu izan dute espezie hori, eta Miarritzen (Lapurdi) eta Angelun (Lapurdi) bainatzea debekatu dute; izan ere, zauri larriak eragin ditzake espezie horrek.

Donostiako Zurriola hondartzan ere topatu dituzte karabela portugesak, baina Donostiako Udalak adierazi du ez dutela inor ziztatu. Bizkaian ere ikusi dituzte; Bakion, esaterako, bi pertsonak ziztadak jaso dituzte, baina ez dira larriak izan. Lagan eta beste hondartza batzuetan ere atzeman dituzte.

Karabela portugesa marmoka itxurako espezie kolonial bat da, baina ez da marmokaren familiakoa. Milaka organismo elkartu egiten dira kolonia bat osatuz, eta denek elkarrekin funtzionatzen dute koloniak bizirik iraun dezan. Hainbat organismo mota daude, eta mota bakoitzak bere ezaugarriak eta funtzioak ditu. Tamaina handiko karabela portugesek zauri eta erredura larriak eragin ditzakete.

Gero eta maizago ikusten dira karabela portugesak eta marmoka mota batzuk Euskal Herrian, klima aldaketagatik bereziki. Izan ere, Euskal Herriko kostaldeko ura gero eta gehiago eta azkarrago berotzen ari denez, ur epeletan bizi diren espezie gero eta gehiago iristen ari dira Kantauri itsasora. Hala azaldu zion BERRIAri duela bi uda Jon Saenz EHUko fisikariak: «Ur epeletako espeziea da karabela portugesa; beraz, ura beroago egotea arrazoi bat izan daiteke. Baina harrapakari gutxiago egoteak ere eragiten du. Nik esango nuke marmoka gehiago ikusiko ditugula aurrerantzean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.