"Hitzematen duzue zintzoki eta legearen arabera beteko duzuela hartzen duzuen kargua, Kataluniaren zerbitzura eta Kataluniako Generalitateko presidentearekiko leialtasunez?". Esaldi hori erabili dute Generalitateko kontseilari berriek karguaren zina egiteko.
Hiru alor nagusitan banatuko da gobernu berria: ekonomikoa, Oriol Junquerasen esku; gizarte arloa, Neus Muntek kudeatuko duena; eta nazioarteko harremanetarako alorra, Raul Romevaren esku. Gainontzeko kontseilaritzak hiru adar horien menpe egongo lirateke.
Hain zuzen ere, Junqueras, Munte eta Romeva izan dira karguaren zina egiten lehenak, eta haien ondoren heldu dira besteak. Puigdemontek eskerrak eman dizkie denei, eta nabarmendu du ziur dela emandako hitza beteko dutela.
Puigdemonten kargu hartzea, auzitan
Zeresana ematen jarraitzen du, bestalde, Carles Puigdemontek kargua hartzeko erabilitako formulak. Generalitateko presidente berriak "Kataluniako herriaren borondateari" soilik agertu zion leialtasuna, Espainiako Konstituzioa eta erregea aipatu gabe. Ondorioz, Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Mariano Rajoyk iragarri du Estatuko zerbitzu juridikoek aztertu egingo dutela erabilitako formula, "lege hausterik" balego ere.