Kargudun publikoen babes maila koska bat gora

Kargudunen etika eta gardentasun printzipioak zehazten dituen 68. artikulua moldatu berri du Nafarroako Parlamentuak. Auzitegiek ikertzen badituzte, ez dute dimititu beharko auzipetuta egon arte.

Nafarroako Parlamentuko bilkura bat. JESUS DIGES / EFE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikertuak kargu publikoa uztera behartzen dituen 14/2004 legeko 68. artikulua aldatu berri du Nafarroako Parlamentuak. Nafarroako Gobernuak egin zuen proposamena, eta Geroa Bai, PSN, Ahal Dugu, Ezkerra eta EH Bilduren aldeko bozkarekin atera zen aitzinera. Navarra Sumak, aldiz, gogor gaitzetsi zuen aldaketa.

2018an, Uxue Barkos gobernuburu zela aldatu zuen parlamentuak lehenengoz 14/2004 legeko 68. artikulua. Artikulu horrek goi kargudunen etika eta gardentasun printzipioak zehazten zituen. Bertzeak bertze, ezarri zuen kargudun publiko batek «karguan segitzea bateraezina» dela herritarrek emandako konfiantzarekin, baldin eta Zigor Kodean ustelkeriari lotutako delituen auzibideren batean karguduna ikertu gisako egoera prozesalean baldin badago. Aurrerantzean, beraz, kargudun publikoak bere aurkako epaiketa ireki edo epaileak kautelazko espetxeratze agintzen duen kasuetan bakarrik dimititu beharko du.

Interpretazio okerrak saihestea da helburua, aldaketa bultzatu duten alderdien hitzetan, eta,aldaketaren bidez, segurtasun juridikoa eman nahi diote. Izan ere, aurreko arauak zehazten zuen kargudunak dimisioa eman behar zuela ikertuaren egoera prozesalean bazegoen, baina ez zuen zehazten zehazki noiz zen hori. Aldaketa bultzatu duten alderdiek onartu dute aitzineko artikulua ez zela zehatza, eta atea irekita uzten ziola politika judizializatzeko aukerari.

Navarra Sumako eledun Juan Luis Sanchez de Muniainen hitzetan, aldiz, artikuluaren aldaketaren gibelean Manu Aierdiren kasua dago. —Aierdik urtarrilaren 29an aurkeztu zuen dimisioa,Auzitegi Gorenak diligentziak abiatu ostean—. Sanchez de Muniainek nabarmendu zuen erabakia gobernuko kargudun publikoak babesteko hartu zutela, eta harago ere jo zuen: «Lotsarazteko moduko erabakia da», nabarmendu zuen.

Hain zuzen ere, Navarra Sumaren argudioa erabat gezurtatu du Eduardo Santos Nafarroako Migrazio Politiketako eta Justiziako Kontseilariak, eta argi utzi nahi izan du artikulua aldatzea ez dela kargudun publiko bat edo bertze salbatzeko hartutako erabakia izan: «Legearen funtzionamendu zuzena bermatzeko hartutako erabakia izan da. Gaizki planteatuta zegoen, eta ez zen teknikoki zehatza».

Zehaztasun falta

Santosek nabarmendu duenez, bi izan dira legea moldatzeko arrazoiak. Alde batetik, nabarmendu du du aitzineko artikuluan ez zela nahikoa zehaztu noiz aurkeztu behar zen dimisioa, eta horrek hainbat galdera eragiten zituela: «Noiz zaude ikertua? Kereila onartzen denean? Kereila jartzen denean? Prozedura onartzen denean?». Hori dela eta, pozgarritzat jo du lege berriak zehaztasunak ematea. «Jende denak ulertzen du behin epaiketa irekita arrazoi indartsuak daudela kargudun publikoaren kontra, eta hor gardentasunaren printzipioak exijitzen du kargua uztea.

Halaber, Santosek nabarmendu du aitzineko legeak lobbyen edota auzibideak irekitzeko baliabideak dituzten pertsona edo alderdien esku uzten zuela politika. Izan ere, diligentziak hastea bera nahikoa zen kargu publikoa uztera behartzeko: «Horrek gatazka sortzen du subiranotasun publikoarekin eta demokraziaren funtzionamenduarekin: oreka egon behar da botere politikoaren eta botere judizialaren artean. Botere judizialak ezin du erabaki nor den gobernukide bat,ez bada aurretik azterketa zuhur bat egon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.