Gizarte babesa. Krisiaren eragina

Karitatearen kontu

Behar handiena dagoen garaian, erakundeak ahultzen ari dira gizarte babesa. Irabazi asmorik gabeko elkarteek hartu behar izan dute lana beren gain. Gainezka eginda daude.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Ahulen ahuleria eta behartsuen beharra areagotu egin ditu krisi ekonomikoak, eta lehen justuan zebiltzanak ezinean jarri ditu. Azken boladako datuek gauza bera diote: pobrezia hazten ari da. Hego Euskal Herrian, hiru familiatik bat larri iristen da hilabete bukaerara, eta bostetik batek ezingo luke aurrera egin aparteko gasturen bat sortuz gero. Espainiako Estatistika Institutuaren azken datuek azaleratu dute hori. Azken boladan, egoera horri gehitu zaio beste arazo bat: gizarte laguntzak murrizten ari dira erakundeak. Noiz, eta behar handiena dagoenean. Elkarteetara jotzen ari dira milaka herritar laguntza eske, eta gainezka eginda daude. Hegoaldeko elikagai bankuetan, esate baterako, %60 handitu dira eskariak bost urtean. Gizarte babeserako eskubidea karitatearen kontu geratzen ari da.

«Baztertuta daudenekin aritu ohi gara, baina krisia aldatzen ari da gure eremu tradizionala: hilabete bukaerara iritsi ezin den jende asko dago, ezin duena janaria edo arropa erosi». Ezintasun ekonomikoengatik Caritasera jotzen dutenak oldean gehitzen ari direla dio Gipuzkoako ordezkari Jose Emilio Lafuentek. Datuak bistan daude: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2010ean 40.000 lagunek jo zuten Caritasera, 2007an baino 10.000 gehiagok. Nafarroan ere gisa bereko datuak dauzkate,hango Caritaseko zuzendaria Angel Iriartek dioenez. «Jadanik ezin dugu hitz egin profil jakin bati buruz: orain urte batzuk, bazterkerian zegoen jendea etortzen zitzaigun; orain, klase guztietakoa, baita gizarteratuta egon eta lanik gabe geratu direnak ere».

Uste bera izan da azken urteetan: etorkinak dira gisa horretako erakundeetara jotzen dutenak. Eta egia da. «Baina hori aldatu da. Immigranteen kopuruak bere horretan segitzen du, ez bada jaitsi; orain bertakoak datoz laguntza eske, inoiz etorri ez direnak». Elikagai bankuetan ere ari dira krisi ekonomikoaren eragina ikusten, Bizkaiko elkarteko zuzendari Nicolas Palaciosen hitzetan. Bistan dago horrek zer ekarri duen: nabarmen areagotu zaizkie eskariak. «Aurreko urteko datuak erraz gainditzen ditugu urtero».

Herrialde guzti-guztietan ari da gertatzen. Hegoaldeko elikagai bankuek eman berri dituzte 2011ko datuak, behin-behinekoak: iaz 83.835 laguni eman zieten zerbitzu, eta 8,6 tona janari baino gehiago banatu zituzten. Handia ari da izaten igoera: konparazio batera, 2006an baino 31.193 pertsona gehiagok jo zuten elikagai bankuetara, eta 3.494.169 kilo janari gehiago banatu zituzten. Negua iristearekin batera, Bihotzeko Ostatuak hasi berri dira lanean Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta gisa bereko kontuak dituzte han ere. Zenbait datu: Angeluko (Lapurdi) Bihotzeko Ostatuetan 60.000 bazkari eman zituzten iazko neguan, 2005ekoan baino 11.000 gehiago; Donibane Garazikoan (Lapurdi) 22.530 bazkari eman zituzten, 2005ean baino 12.500 gehiago. Aurten ere gehituko direla ziur daude.

Iritsi ezinik

Egoera gero eta estuagoa da. «Eskari ahalik eta gehienak asetzen saiatzen gara; ezin diegu guztiei erantzun. Gure ahalmena ez da hainbestekoa», aitortu du Iriartek. Eta hori, elkartasuna handitu denik. Laguntza handiagoa jasotzen ari dira Caritasen eta elikagai bankuetan. «Solidaritatea pizteko balio izan du krisiak; jendeak ematen dituen diru laguntzak asko handitu dira». Lafuentek eskertzekotzat jo du jarrera hori, areago egoera zaila denean.

Horrelako arazoei ezikusiarena egin ohi baitzitzaien lehen. Hala dio Palaciosek: «Saltokietan egiten ditugun kanpainetan, jendea beste aldera begira pasatzen zen lehen; gutxik egiten dute hori orain: sentsibilizatuago dago jendea, arretaz hartzen du gaia, eta gehiagok ematen dute laguntza».

Langabeziak sortu ditu arazoak. «Lan prekarioak zeuzkan jende askok, eta, langabezian geratu direnean, bideraezin bihurtu da egoera», dio Lafuentek. «Eta horrek beste arazo bat sortu du: etxebizitza ezin dute ordaindu. Eguneroko kontua dira etxe husteak». Diru asko behar da horri aurre egiteko, eta Caritaseko arduradunek diote ezinezko dutela arazo horren aurka egitea. Iriarte: «Ez dugu ahalmenik horretarako; berehala egingo genuke porrot».

Erakundeen ardura da herritarrak babestea, baina murrizketak besterik ez dira albiste. «Handia da kezka. Babes sistemak egon behar du egoeraren neurrian; krisi aldian, beraz, indartu egin behar da, pertsonak orduan daudelako egoera zaurgarrienean. Bazterketa handitzeko arriskua dago», ohartarazi du Lafuentek. «Murrizketen bidetik jarraituz gero, egoera okertu baino ez da egingo»

Gizarte laguntzak lortzea zaildu egin dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, diru sarrerak bermatzeko laguntza jasotzeko, ezinbestekoa da gutxienez hiru urtean erroldatuta egotea —orain arte urtebetekoa zen gutxienekoa—; Nafarroan, bi urtera igo dute erroldan gutxienez egon beharreko aldia. Caritasek aurreratu du nola eragingo duen neurriak: 3.400 pertsona geratuko dira laguntzarik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

«Gizarteko talde batzuk babesik gabe geratzeko arriskua dago. Ikusi beharko da nola egiten dioten aurre», nabarmendu du Iriartek, Nafarroako Caritasekoak. Aurreikuspenik gabe jokatzea leporatu die Gipuzkoako ordezkariak erakundeei: «Behar duen jendeak jasotzen du laguntza hori. Orain kanpoan geratuko dira. Zer egiteko asmoa dute erakundeek? Besterik ezean, pertsona horiek geratuko dira gizarte elkarteen esku. Baina administrazioaren egitekoa da haiei laguntzea».

Segitu beharko dute elkarteei laguntza eskatzen. «Jendearentzat ez da erraza elkarteetara laguntza eske etortzea», dio Arabako elikagai bankuko kide Heraclio Palominok. Urteak daramatza boluntario. «Lehen lasai esaten nuen: 'Gasteizen ez dago goserik'. Orain ez nago ziur. Alargun asko daude hilean 300 eurorekin bizi behar dutenak. Ezin dute». Erakundeetara jotzen dute, baina laguntzarik ez dago denentzat.

Zaila da eskatzeko urratsa egitea, batez ere lehen aldia bada eta bertakoa izanez gero. «Pobre lotsatiak badaude: ez dute eman nahi jasaten ari direnaren berri, estututa segitzen dute gehiago ezin duten arte. Azkenean etorri egiten dira», azaldu du Palaciosek. Ez baita berdin erakundeetara jotzea, edo elkarte batera. Iriarte: «Azken flotagailua gara. Lehenago ateak itxi dizkioten jendea dator guregana». Eta zinez behar duen jendea da, guztiek nabarmendu dutenez: «Kontrolatu egiten da guztia. Ez da gustatzeko modukoa janari eske aritzea», esan du Palominok.

Laguntza galtzeko beldur

Erakundeen ardura beren gain hartzen badute ere, haien babesik ezak arriskuan jar ditzake aurki. Elikagai bankuak eta Bihotzeko Ostatuak larri dira datorren urtetik aurrera Europako laguntzarik ez ote duten jasoko. «Europako Batasuneko soberakinak biltzen ditugu; urtean lau alditan helarazten dizkigute, eta guk, beste guztiarekin egiten dugunez, elkarteen artean banatzen dugu, jendearengana iristeko», azaldu du Palaciosek. Kontua da hainbat herrialdek —Alemania tartean— ez dutela segitu nahi sistema horrekin; laguntzak blokeatzeko eskatu zuten, baina akordio bat egin dute: 2013ra arte bermatu dute soberakinak elikagai bankuei ematea. «Bi urte dauzkagu borrokatzeko eta aurrera egiteko».

Berri onik ez dute espero urte berrian. «Beharrak handitzen ari dira, eta gehikuntza handia izatea espero dugu», dio Lafuentek. Gipuzkoako Caritasen %50 baino gehiago handitu dira eskariak. Elikagai bankuetan joaten zaien jendeari kasu egiten segitzea dute erronka: «Ahalegin berezia egin beharko dugu», dio Palaciosek. Baina karitateak ez du denerako ematen. Boluntarioak falta dituzte kanpainak eta horrelakoak egiteko. Palomino: «Gazteak behar ditugu, gazteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.