ikastolak

Karmele Esnal hil da, ikastolen mugimenduko aintzindarietako bat

Frankismo garaian hasi zen ikastolak sortu eta andereño gisa lan egiten. Hainbat sari eta izendapen jaso izan ditu.

2012ko maiatzaren 30a
19:12
Entzun

Karmele Esnal Zulaika (Orio, 1932) ikastolen mugimenduko aintzindarietako bat hil da. Frankismo garaian ekin zion ikastolak sortu eta andereño gisa lan egiteari, 1997an erretiroagatik utzi zion arte, 65 urte zituela.

Ikastolen sorreran izandako garrantziagatik 2009an Durangoko Azokako Argizaiola saria jaso zuen, Gipuzkoako ordezkari gisa, Izaskun Arrue (Araba), Libe Goñi (Ipar Euskal Herria), Izaskun Gastesi (Nafarroa) eta Begoña Arangurenekin (Bizkaia) batera.

Esnal Orion jaio zen, baina 1940an haren familia Donostiara joan zen bizitzera. Irakasle ikasketak egin zituen, lehenik Gasteizen eta gero Donostian. 1953an Elbira Zipitria ezagutu eta harekin ikasturte osoko praktikak egin zituen Donostiako Parte Zaharreko ikastolan, goiz eta arratsaldez, 1954ko uda artean.

1955ean, bere ikastola sortuta, andereño lanetan hasi zen Donostian, Amara auzoko Pedro Egaña kalean, zazpi ikaslerekin. Berehala ekin zion beste herrietako andereñogaiak bere ikastolan hartzeari, praktikak egin zitzaten. 1965ean Donostiako Santo Tomas Lizeoan hasi zen lanean, eta han, irakasle ez ezik, administrari, zuzendari eta idazkari aritu zen.

Ikastola munduan jarduteaz gain, antzerkian eta udalekuetan begirale aritu izan zen, Zeruko Argia aldizkarian idatzi zuen, eta Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartea sortzeko bileran parte hartu zuen.

1998an Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen, eta Euskal Idazleen Elkarteak ohorezko bazkide. 1999an, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia saria eman zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.