Karrantzako herritarrek zezenketak egiten jarraitzea erabaki dute galdeketan

Boto-emaileen %53,8k baiezkoaren alde egin dute, eta %43,9k, kontra; udalak emaitzak errespetatuko ditu

urtzi urkizu
2013ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurrerantzean ere zezenketek lekua izango dute Karrantzako (Bizkaia) jaietan. Hala erabaki baitute herritarrek. Joan den asteazkenean eta igandean herri galdeketa egin zuten, eta atzo jakinarazi zituzten emaitzak: 409 herritarrek zezenketen alde bozkatu dute (%53,8), eta 334k, kontra (%43,9). Karrantzan erroldatutako 2.500 biztanlek zuten botoa emateko eskubidea, eta horietatik 760k parte hartu dute (%30,4).

Karrantzako Udalak esana zuen galdeketan ateratako emaitza errespetatuko zuela, eta hala izango dela baieztatu du Raul Palacio alkateak. Karrantza Zabala herri plataformako kideek osatzen dute udal gobernua, Bilduren sostenguarekin. Alkateak esan duenez, jai batzordearekin lanean hasiko dira, jaien egitaraua lantzen hasteko. «Galdeketaren ondorioa da jendeak zezenketak nahi dituela. Udalak emaitza onartuko du, galdeketa bete beharrekoa baitzen», azaldu du Palaciok.

Herriko 25 elkartek osatzen dute jai batzordea, eta horiek agertutako zalantzaren ondoren erabaki zuen udalak herri galdeketa egitea. Izan ere, jaientzako urte osoko aurrekontua 35.000 eurokoa da, eta horietatik 7.200 euro behar dituzte zezenketak egiteko. Zezenketei emandako diruarekin kontzertu bat antolatzeko aukera proposatu zuten elkarte batzuek. Iaz jai batzordeak zezenketak egitea erabaki zuen, baina aurten udalaren esku utzi zuen erabakia. Udalak, berriz, herritarrei galdetzea hobetsi zuen. Karrantza Zabala plataformak galdeketa egitea proposatu ostean, EAJ galdeketaren alde agertu zen; Bilduk, berriz, aurka bozkatu zuen, eta esan zuen erabakia udal zinegotziek hartzea nahiago zuela.

Herriko zaindariaren egunean egiten dituzte zezenketak urtero Karrantzan, irailaren 18an. Aurten ere hala egingo dutelako, Karrantzako biztanleak zoriondu ditu Zezenzaleen Bizkaiko Federazioak. Zezenketa hori «tradizio handikoa» dela nabarmendu du federazioak.

Karrantzan egiten duten aurreneko herri galdeketa izan da zezenketen ingurukoa. Joan den astean alkateak esan zuen esperientzia etorkizunerako «eredugarria» izatea nahi lukeela: «Aurrerantzean ere herritarrek komunikatzeko modu hau kontuan hartzea nahi dugu, eta udalerriko erabakietan parte hartzeko aukera izatea».

Iazko ekainean, zekorketen inguruko beste herri galdeketa bat egin zuten Gipuzkoako Zestoa herrian. 963 herritarrek egin zuten zekorketen alde (%63), eta 542k kontra (%37). Boto eskubidea zutenen %50,5ek hartu zuten parte. Bilduko udal gobernuak emaitza errespetatu zuen, eta zekorketekin jarraitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.