Karrantzako (Bizkaia) herriko jaietan zezenketak egiten jarraituko dute, herri galdeketan baiezkoak irabazi du eta. 2.500 herritarrek zuten botoa emateko eskubidea, eta 760k eman dute, %30,4k hain justu. Udalak aurreratu zuen galdeketan ateratakoa errespetatuko zutela, eta hala izango da. Raul Palacio alkateak esan duenez, jai batzordearekin lanean hasiko dira herriko jaien egitaraua lantzen hasteko.
Jai batzordeak, zeina 25 elkartek osatzen duten, zalantza agertu zuen, eta horren ondoren erabaki zuen udalak galdeketa egitea. Jaietako musika emanaldietarako eta zezenketetarako, 13.000 euroko aurrekontua du batzordeak, eta horietako 7.000 eurotik gora zezenketetara bideratu beharko lituzke. Jaientzako urte osoko aurrekontua 35.000 eurokoa da. Iazko jaietan zezenketak egitea erabaki zuen, baina aurten udalaren esku utzi zuen erabakia, eta udalak herritarrei galdetzea hobetsi zuen. Udal taldea gidatzen duen Karrantza Zabala plataformaren proposamenaren alde agertu zen EAJ; Bilduk, berriz, aurka bozkatu zuen, zezenketak kentzearen aldekoa baita.