«Haur eskolak ez itxi». Horixe eskatu dute ELA, LAB eta EILAS sindikatuek Gasteizen, udaletxearen aurrean atzo egindako elkarretaratzearen bidez. Protesta horrekin, Gasteizko Udalak eta Haurreskolak Patzuergoko zuzendaritzak adostutako proposamena salatu dute sindikatu horiek: Almudena Cid, Txirrinbil eta Andre Mari haur eskolak ixteko asmoa, alegia. Udalak jarri du mahai gainean aukera hori, eta Haurreskolak Patzuergoko zuzendaritzak onartu egin du.
«Haur eskolak ixteko asmoaren atzean murrizketak baino ez daude; haur eskolen diru saila aurreztu nahi dute; udalak aipatu dituen arrazoiak aitzakia hutsa dira». Horixe salatu du LAB sindikatuko ordezkari Lorea Igartuak. Gasteizko agintarien hitzetan, haur eskolen inguruko dekretua ez betetzea da Txirrinbil eta Almudena Cid zentroak ixteko arrazoia: Txirrinbilek jolastokirik ez duelako, batetik; eta Almudena Cid haur eskola bi solairuko eraikina delako, bertzetik. Andre Mari zentroari dagokionez, matrikulazio eskasa aipatu du Gasteizko Udalak, ixteko arrazoi gisa.
Argudio horiek, hala ere, ez dira nahikoak eskolak ixteko erabakia hartzeko, Igartuaren hitzetan. «Andre Mari zentroaren kasuan, Abetxuku auzoan sare publikoan dagoen bakarra da; ixten badute, hango familiak haur eskolarik gabe utziko dituzte, eta ez da batere erraza seme-alabak auzo batetik bestera mugitzea», salatu du LABeko kideak. Gogorarazi du datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina oraindik ez dela egin.
Gurasoak, haserre
Eskolak ixteko erabakia hartzeko modua ere salatu du Igartuak. «Astebetean egin dute dena, eta ezkutuan, gainera», erran du LABeko kideak. Gurasoak «haserre» direla erantsi du, eta haiek ere hasi direla mobilizatzen. Haur eskolak ez ixteko, hain zuzen ere, sinadurak biltzen hasiak dira jada Gasteizen.
«Erabakia hartuta dago», erran du Igartuak, baina «herritarren presioaren bidez» egoera alda daitekeela gaineratu du. 0-3 zikloaren garrantzia nabarmendu, eta adin tarte horretarako zentroek publiko, doako eta euskaraz izan beharko luketela erantsi du LABeko ordezkariak.
Itxi nahi dituzten haur eskoletan beharrean ari diren langileen egoerak ere kezkatzen ditu sindikatuak. «Hezitzaileak Haurreskolak Patzuergoko langileak dira, eta beste zentro batzuetara eramango dituztela esan dute. Ikusi beharko da beste zentro horietan matrikulazioa nolakoa den ere. Garbitzaileak eta gainerako langileak Gasteizko Udalaren menpe daude, eta ez dakigu haiekin zer gertatuko den», salatu du Lorea Igartuak. Mobilizazioekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu du sindikatuko ordezkariak, haur eskolak ez ixtea lortzeko.
Karrikan salatu dute hiru haur eskola ixteko asmoa
LABek, EILASek eta ELAk elkarretaratzea egin dute Gasteizen, eta «aitzakiatzat» jo dituzte udalaren argudioak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu