Bizkaiko Probintzia Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri zion edadetuentzako etxe komunitario bateko arduradunari, 2021eko ekainean emakume egoiliar bati sexu abusua egiteagatik. EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du zigorra.
Zigortuak epaiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen. Argudiatu zuen biktimaren kontakizunak ez zuela sinesgarritasunik, eta egiantzekotasunik gabea zela. Auzitegiaren ustez, ordea, emakumearen lekukotzak bete egiten ditu Espainiako Auzitegi Gorenak diseinatutako «fidagarritasun teknikoaren testaren hiru elementuak»: sinesgaiztasun subjektiboa zein objektiboa ez izatea, eta krimena egoztearen iraunkortasuna. Horiez gain, nabarmendu du lekuko batek ikusi egin zuela biktimak salatutako erasoaren zati handi bat.
2021eko ekainaren 28ko gauean, etxe komunitarioko emakume egoiliar bat jangelan zegoen, telebista ikusten. %40ko desgaitasun psikikoa du. Zuzendaria zaintza lanak egiten ari zen gau horretan. Emakumearengana gerturatu zen, bularrak ukitu zizkion, musu eman zion eta masturbatzera eta felazio bat egitera behartu zuen.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, lau urteko kartzela zigorraz gain, 9.000 euroko kalte ordaina eta bost urtez biktimarengandik 500 metro baino gutxiagora hurbiltzeko debekua ere ezarri zion etxe komunitarioko arduradunari. EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin ditu neurri horiek.
EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena ez da irmoa, eta zigortuak helegitea aurkez dezake Espainiako Auzitegi Gorenean.
Zigorra eskola bati eta Eusko Jaurlaritzari
Auzitegi horrek berak beste zigor bat ere berretsi du: Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Irungo eskola publiko bateko irakasle bati jarritakoa, ikasle adingabe bati sexu abusuak egiteagatik 2016-2017ko ikasturtean. Auzitegiak baztertu egin ditu zigortuak eta Eusko Jaurlaritzak jarritako helegiteak. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila erantzule zibil subsidiarioa zela, eskolako arduradunek irakaslea behar bezala ez zaintzeagatik.
Ikasgelan, irakaslea neskaren ondoan eseri zen, neskari eskua bere izterrean jartzeko esan zion, eta neskak marrazki bat egiten zuen bitartean, masturbatu egin zen.
Akusatuak helegitea aurkeztu zuen, bere iritziz errugabetasun presuntzioa urratu zelako, eta bera zigortzeko frogak ez zirelako nahikoak. EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, ondorioztatu du ez dela hala izan. Berretsi egin du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak aintzat hartutako larrigarria: nagusitasuna, akusatua nagusitasun horretaz baliatu zela uste duelako, bera irakaslea baitzen, eta biktima, berriz, ikasle adingabe bat.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erantzukizun zibil subsidiarioa atzera botatzeko eskatu zuen. Argudiatu zuen sexu abusua bazkalorduaren eta eskolen artean gertatu zela, irakaslea irakasle lanak egiten ari ez zenean, eta jangelako zerbitzuaren ardura dela garai horretan ikasleak zaintzea. Irungo eskolak enpresa bati azpikontratatuta zuen zerbitzu hori. EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu argudio horiek.
Bai zigortuak, bai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak helegitea aurkez dezakete Espainiako Auzitegi Gorenean.