INDARKERIA MATXISTA

Kartzelan jarraituko du Kote Cabezudo argazkilariak

Donostiako Probintzia Auzitegiak atzera bota du defentsaren helegitea. Maiatzaren 5ean eman zuten espetxeratzeko agindua.

Cabezudoren biktimentzat justizia eskatzeko elkarretaratze bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko uztailaren 3a
13:16
Entzun

Hamasei emakumek jarritako salaketak aztertzen ari da Donostiako instrukzio epaitegia. Kote Cabezudo argazkilaria salatu dute, modelo ari zirela abusuak egin zizkielako eta haien irudiak baimenik gabe sarean jarri zituelako, besteak beste. Biktimen lekukotasunak kaleratu ditu BERRIAk: maiatzean kaleratu zuen lehena, eta ekainean beste bi.

Mugimenduak izan dira azken hilabeteetan auziari dagokionez. Batetik, akusazio partikularrak salatu egin zuen instrukzioko epailea, Ana Isabel Perez Asenjo, delituak pertsegitzeko eginbeharra ez zelakoan jarraitzen ari; EAEko Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu zuen salaketa hori, eta, beraz, kasutik apartatu egin zuten Perez Asenjo epailea. Hain justu, joan den astean iritzia aldatu zuen Auzitegi Nagusiak, eta ezerezean utzi du Perez Asenjoren aurkako salaketa. Bestetik, gorabehera horrekin lotuta, aldatu egin da Cabezudoren egoera: Perez Asenjo apartatu zutenean, beste epaile baten esku geratu zen instrukzioa, eta hark kartzelara bidali zuen argazkilaria —bost urteko instrukzioa darama kasuan, eta ez zuen neurri hori inoiz hartu aurreko epaileak—.

Defentsak helegitea jarri zuen kartzelatzeko erabakiaren aurka, baina atzera bota du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, gaur kaleratutako auto baten bidez. Iñaki Subijana auzitegiko presidentea izan da helegitea aztertu duen epaimahaiaren burua. Autoan azaldu dute zantzu argiak daudela Cabezudo behin-behinean kartzelan sartzeko: instrukzio fasean justiziari oztopoak jarri dizkiola —esandakoa baino material erotiko gehiago atzeman diote orain— eta delituak errepikatu egin dituela —instrukzioa hasi ondoren, salatzaileetako batzuen argazkiak jarri zituen sarean—. Hori ikusita, egoki ikusi dute kartzelara bidaltzea. Fiskalak babestu egin du erabaki hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.