Kataluniako independentzia prozesua ardatz Iparra-Hegoan

Bihartik igandera, kultur astea egingo dute Seguran, hiru mahai inguru eta hainbat kultur ekitaldirekin, mami politikoa eta festa uztarturik

David Fernandez (CUP) eta Joan Tarda (ERC) hizlari arituko dira biharko mahai inguruan, besteak beste. IÑIGO URIZ / ARP.
Maialen Unanue Irureta.
2016ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herria eta Katalunia elkarri begira lelopean antolatu dute 21. Iparra-Hegoa jaialdia, ipar eta hego euskal herritarren arteko harremana sustatzea helburu duena. Bihartik igandera artean egingo dute, Seguran (Gipuzkoa), Kataluniaren eta Euskal Herriaren egoera politikoak alderatuz eta bi herrien kultur adierazpenei leku eginez.

Lehenengo egunetan, bihar, etzi eta etzidamu, mahai inguru bana egingo dute Kataluniako independentzia prozesua ardatz hartuta: guztiak ordu eta leku berean, Segurako kultur etxean, 19:00etan. Kataluniako zenbait ordezkari politiko elkartuko ditu lehenengoak: Victor Terradellas (CDC), Joan Tarda (ERC) eta David Fernandez (CUP), Martxelo Otamendiren gidaritzapean. Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen aldeko indarra egin duten herri mugimenduen txanda izango da astearteko hitzaldian: ANC, Omnium Cultural eta Sumateko ordezkariak izango dira, Kristina Berasain kazetariak gidatuta. Hirugarren hitzaldian, Euskal Herritik Kataluniara begira jarriko dira EAJ, Sortu, Euskal Herria Bai eta Gure Esku Dago-ko ordezkariak, Enekoitz Telleria kazetariak gidatuta; aldaketarik ezean, EAJko Luke Uribetxebarria, Sortuko Pernando Barrena, Euskal Herria Bai-ko Iker Elizalde eta Gure Esku Dago-ko Angel Oiarbide eseriko dira mahaiaren bueltan.

Urtez urte, gai nagusi bat hartu ohi dute ardatz, izan politikoa, ekonomikoa, soziala edo kulturala, Xabier Albizu Iparra-Hegoako kideak azaldu duenez: «Aurten, iruditu zaigu momentu funtsezkoa dela Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko konparaketa egiteko, Katalunian independentzia prozesua nola bultzatu duten ikusteko». Hala, lehenengo bi mahai inguruetan, independentziaren aldeko Kataluniako alderdi politiko eta herri mugimenduen lekukotza jasota, Euskal Herriko alderdi abertzaleek «zer planteatzen duten» jakiteko balioko du hirugarrenak.

Kultur asteko beste bi ekitaldi garrantzitsu azken egunean egin ohi dituzte, igandean. Batetik, ekitaldi instituzionala egingo dute goizean Goierriko, Ipar Euskal Herriko eta Kataluniako hautetsiekin. Bestea, Gereziondoko ekitaldia, eguerdian egingo dute: Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen du zuhaitzak. Izan ere, duela 21 urte landatu zuten Itsasutik (Lapurdi) Segurara eramandako gereziondoa, eta horren bueltan egin ohi dute azken ekitaldi indartsua: «Oso txikia eta zimela zen gereziondoa ekarri genuenean, baina indartu da, eta zuhaitz garrantzitsua da guretzat».

«Aletxoa» herri eraikuntzan

Ipar eta Hego Euskal Herriko herritarrak urrun sentitzen zituzten duela 21 urte, eta hori irauli nahian hasi ziren Iparra-Hegoa jaia antolatzen. Eta, egun ere, hor daude oraindik mugak, Albizuren ustez: «Batez ere, diktadurak eta gero mugak markatu zuten zatiketa izugarri hori: gaur egun ere badaude muga horiek, baina uste dugu muga gogorragoak dauzkagula geure buruetan».

Muga horiek hausteko, hain zuzen, jarri ziren lanean, eta hala definitu du Arbizuk ordutik egindako lana: «Gauza hauek ez dira pisu edo balantza batean jarri eta gramotan neurtzekoak. Bi aldeak gerturatu nahi ditugu ikastolen mugimenduarekin, mendi taldeekin, elkarteekin, gazteekin, ordezkari politikoekin...». Gerturatze hori helburu, urtero ikastola bat edo bi gonbidatzen dituzte Segurara, hango herri eskolako haurrek eta gonbidatuek elkar ezagut dezaten. «Hori ere bada hazia ereitea. Horixe da gure lana». Euskal Herria «mila eratara» eraiki daiteke, Albizuren hitzetan, eta Iparra-Hegoa da horietako bat. «Hori da gure egitekoa eta gure nahia: guk gure aletxoa jartzen dugu».

Webgunea (iparrahegoa.eus) eta Twitter kontua (@iparra_hegoa) sortu dituzte aurten, eta horietan aurki daiteke 21. aldirako prestatu duten egitarau osoa. Amets Arzallus bertsolariaren hitzekin Xutik taldeak osatutako Gare, gera, gire abestia ere hor dago, entzuteko eta gordetzeko moduan.

Ostegunean hasiko dira asteburua girotzen. Halere, zenbait ekitaldi egin zituzten jada otsailean, eta, herenegun, kontzertu afaria egin zuten Pausun (Urruña, Lapurdi) Anje Duhalderekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.