Euskal Herria - Katalunia. Adituen iritziak

Kataluniaren lorratzari begira

Adituen arabera, Kataluniako prozesua «eragin eskasa» izaten ari da Euskal Herriko alderdi abertzaleengan. EAJk «beste bide bat» aukeratu izanak indar metaketa zaildu duela diote

Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu subiranistak hautsak harrotu ditu Espainian. Urteetan luzatu den egitasmoa azken txanpan sar liteke Diadaren egunetik irailaren 11tik erreferendumaren egunera bitartean urriaren 1ean. Prozesuaren emaitza edozein izanda ere, bide berri bat marraz dezake mugimendu independentistarentzat eta Espainiako Estatuaren batasunean pitzadura berri bat zabaldu. Hego Euskal Herriko gizartearen sektore batentzat ere eredu bilakatu den prozesua da Kataluniakoa, eta badira han eginiko urratsak hemen ere praktikan jarri nahi dituztenak.

Alderdi abertzaleek, PPk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek, denek eman dute beren iritzia prozesuari buruz, hura babestuz edo hari eraso eginez, eta han gertatuko dena Euskal Herriaren etorkizunerako ere funtsezkoa bilakatu da. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldeak, esaterako, Kataluniara begira abiatuko ditu bere lanak urte politikoaren hasierarekin batera.

Hori guztia aztertzeko, Kataluniako prozesuari eta euskal politikari erreparatzen dioten hiru unibertsitate irakasle batu ditu BERRIAk: Eguzki Urteaga Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia irakaslea, Ainhoa Larrañaga Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazioko irakaslea eta Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Langintza eta Komunikazioko irakaslea.

EGUZKI URTEAGA

EHUko irakaslea

«Katalunian ez bezala, hemen gizartea eta klase politikoa ez doaz batera»

Eguzki Urteagaren ustez, Kataluniako mugimendu subiranistak bi mailatan izan du eragina euskal gizartean. Alde batetik, nabarmendu du hango mobilizazioek hemengo gizarte zibila aktibatzeko balio izan dutela. «Gure Esku Dago egitasmoa da horren adibidea». Baina, Urteagaren aburuz, Kataluniako prozesua «eredugarria» izan arren, Hego Euskal Herrian ez du lortu Katalunian lortutako maila edo arrakasta. Nolanahi den, EHUko irakaslearen arabera, Gure Esku Dago-k atera du irakaspenik hortik: «Ulertu du gizarte mugimendu batek egituratzeko beharra duela. Hots, «esprint» baten ordez, maratoi bat korritzeko prestatu behar dela. «Horregatik ari dira orain herriz herri, oinarri sendo bat osatzen».

Bestalde, politikan edo alderdiengan izandako eragina azpimarratu du Urteagak. Hemen alderdi abertzaleen artean bi jarrera oso desberdin daudela dio. EHUko irakaslearen ustez, EAJ «giroa epeltzen» saiatu da, Euskal Herriko eta Kataluniako egoeren arteko desberdintasunak nabarmenduz, baita bi alderdi abertzaleen artekoak ere. «Hausturaren bidea alboratu du EAJk eta hobetsi egin ditu Gernikako Estatutua betetzea eta estatutu berriaren negoziazioa».

«Ezker abertzalea», aldiz, Kataluniako prozesuarekin «erabat identifikatuta» ikusten du Urteagak, eta uste du lehentasuna eman nahi diola alderdi abertzaleen arteko batasunari, «EAJk ez bezala!». «Ezker abertzalearen ustez, Madrilekin alde biko harremana izatea ez da posible, gobernu zentralak ez duelako negoziazio bat martxan jartzeko borondaterik, eta, beraz, haustura da aukera bakarra».

Ipar Euskal Herriko egoera ere mintzagai izan du Urteagak. «Oso bestelakoa» dela adierazi du, eztabaida erakundetzearen inguruan —Euskal Elkargoa— antolatu delako, eta ez horrenbeste erabakitzeko eskubidean. «Gainera, Iparraldean, bakegintza, desarmatzea eta presoen gaiak hartu dute zentralitatea, eta, beraz, erabakitzeko eskubideari lotutako eztabaidak ez du Hegoaldean bezain beste indar hartu».

Kataluniako prozesuaren ibilbideaz galdetuta eta hori Euskal Herrira ekarrita, Urteagak dio «Kataluniako herriak» ulertu duela bide legal guztiak errespetatuta ere ez duela autogobernuan aurrera egiteko aukerarik, eta azpimarratu du hemen «oraindik» euskal gizartearen gehiengoa ez dela ondorio horretara iritsi.

Halaber, haren iritziz, krisi ekonomikoak eragin handiagoa izan du Katalunian Hego Euskal Herrian baino. «Finantzaketa eredu desberdina dute: han ez dute kontzertu ekonomikorik eta langabezia eta defizit publikoa handiagoak izan dira». Gainera, haren ustez, Kataluniako klase politikoak ulertu du «olatu handi bat» zetorrela eta harekin bat egiten ez bazuen «gainditu» zezakeela. «Beraz, gizarte zibilak eta alderdi politikoek bat egin dute, hemen ez bezala, eta batak bestea elikatu du; horrek ahalbidetu du prozesu subiranista».

Kataluniako prozesuaren etorkizunaren inguruan, baina, «zuhur» mintzatu da EHUko irakaslea: «Bai Kataluniako Parlamentua, bai Espainiako Gobernua kartak gordetzen ari dira. Ikusi beharko da zer gertatzen den haustura legeekin eta Espainiako Gobernuaren errekurtsoekin; xake partida bat jokatzen ari dira».

Azkenik, Urteagak ez du uste Katalunian berriki gertatutako atentatu jihadistek prozesuan eragin handirik izango dutenik: «Komunikabideek izugarrizko atentzioa eskaintzen diote horrelako kontuei, eta beste guztia bigarren planoan geratzen da. Hala ere, halako ekintzak biderkatu ahala, jendea ohitu egiten da, eta, nire ustez, pare bat aste pasatu eta gero prozesu subiranistak indarra hartuko du berriz».

AINHOA LARRAÑAGA

Mondragon Unibertsitateko irakaslea

«Iraganak egin gaitu herri, eta hori erdi-erdian jarri behar dugu»

Zorrotz eta kritiko mintzatu da Ainhoa Larrañaga: Euskal Herrian hartutako bidearekin haserre eta Kataluniako prozesuaren emaitzarekin ezkor. Euskal Herriko alderdi abertzaleak Kataluniako prozesua «baliatzen» ari direla dio, baina «ezer ez» egiteko. Azaldu duenez, EAJk, bereziki, ez du «inolako asmorik horrelako prozesu bat abiatzeko». Benetan hautu seriorik ez duela egingo dio, eta jeltzaleen «aurpegi bikoitza» nabarmendu du: «Alde batetik, gauzak hitzartzen ditu PPrekin. Bestetik, kontzertu ekonomikoaren eta autonomiaren aldeko praxia egiten du, eta, gero, keinuak egiten dizkio Kataluniari. Baina PPrekin joanez, Kataluniaren kontra egiten du zuzenean, nazionalismo sinpatikoaren etiketa hartuz.». Hor «hipokrisia handia» dagoela pentsatzen du Larrañagak.

Kontrara, EH Bilduri buruz dio «hobeto datorkiola» Kataluniako prozesuarekin bat datorren ildoa jorratzea, baina, haren ustez, koalizioko kideek badakite egun ez dagoela Euskal Herrian baldintzarik hori garatzeko.

Batzuen eta besteen jarrerak ikusita, Larrañagak uste du Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldearen lanek, adibidez, «ezertarako ez» dutela balioko.Euskal Herriko alderdi politikoek «askatasunaren alde zerbait egiten ari diren itxurak» egiten ari direla dio, «ezer lortuko ez dutela jakin arren». «Independentziaren aldeko estrategia serio bat behar da, Kataluniatik asko dago ikasteko; baina egin dugun kopia automatikoak ez du balio».

Bestalde, alderdi ez-abertzaleekin «jai daukagula» erantsi du Larrañagak. «Podemosi, adibidez, oso ondo datorkio erabakitze eskubidearen aldeko posizio bat izatea. Baina ez da inoiz aliatu bat izango».

Gizarte zibilaz, eta bereziki Gure Esku Dago-ri buruz, zalantzak ditu Larrañagak. Uste dumugimendu horrek lagundu baino gehiago gizartea «pixka bat nahastu» egin duela. «Gauza bat da aldarrikatzea erabakitze eskubidea jarrera demokratiko moduan eta beste bat independentziaren aldeko prozesu serio bat hastea: herri honetan ez dago ezer seriorik egiteko asmorik». Larrañagak dio Euskal Herrian independentziaren aldeko estrategia bat «sortu» behar dela. «Alderdi politikoek kontrolatuko ez duten mugimendua, gizartean jadanik zabalduta dauden hainbat ildo ideologikotatik abiatuta, eta oinarri moduan izango duena gure hizkuntza, gure identitatea: abertzaletasuna».

Mondrago Unibertsitateko irakaslearen ustez, erabakitzeko eskubidearen alde jende gehiago pilatzeko aitzakiarekin «gure identitate ikurrei uko egiten ari gara». «Debate hori Katalunian ere egon da, baina han hizkuntza eta lurraldetasunaren egoera desberdina da», adierazi du. Adibidez, Katalunian erabakitze eskubidea «independentziarekin oso lotuta» egon dela argudiatu du, eta instituzioetatik alderdiek «ausardia politikoa» erakutsi dutela. «Nik uste dut euskararik gabe eta historiarik gabe ez legokeela eraikitzeko ezer, ez eta independentziarako gogorik ere. Iraganak egin gaitu herri, eta horri ezin zaio bizkarra eman».

Kataluniako prozesuak izango duen emaitzari buruz ezkor azaldu den arren, egindako lanaren balioa nabarmendu du Larrañagak: «Ez dakit zer gertatuko den, eta uste dut ez dutela beren helburua lortuko, baina horrek ez du esan nahi egin dutena eredugarria eta titanikoa izan ez denik».

Azkenik, irakasleak adierazi du Katalunian jazotako eraso jihadistek prozesuari «mesede handirik ez» diotela egingo. «Egoera larri baten aurrean [Espaniako] estatuak bere babesa eskaintzen du, duen aita irudia ateraz. Baina deskonexio prozesu bat egiten ari bazara eta gero batasun irudia ematen baduzu, hor zerbaitek kale egiten du».

FELIX ARRIETA

Deustuko Unibertsitateko irakaslea

«Independentismoak beste diskurtso bat behar du Euskal Herrian»

«Beste ilusiobatekin» mintzatu da Felix Arrieta. Baina Larrañagak bezala, hark ere uste du Kataluniakoaren moduko prozesu bat hemen abiatzeko euskal gizarteak mobilizazio maila handiagoa behar duela. «Gure Esku Dago-k bultzatutako kontsultak Kataluniatik ikasitako prozesuaren ondorio dira, eta, maila politikoan, batez ere EH Bildu ari da aldarrikatzen Kataluniako eredua: baina aldarri hori ez dago agendaren lehen tokian, ezta EH Bildurenean ere». Halaber, Gure Esku Dago-k «helburu eraikitzaile batekin» jardun behar duela uste du, «ondorengo jokalekuak marrazteko bidean eta beti alderdietatik at». Eta bere eragin esparrua zabaldu beharko lukeela, «erabaki eskubidearen eztabaida beste sentsibilizazio maila duen jendearengana hedatzeko».

Alderdiei erreparatuz, Arrietak ere uste du EH Bilduri Kataluniako eredua errepikatzea gustatuko litzaiokeela, eta EAJk ,modu ofizialean prozesua babestu arren, «beste eredu baten alde» egiten duela, «nabarmen». Hortaz, abertzaleen batasuna urruti dagoela ondorioztatu du, «EAJren estrategiak beste helburu batzuk dituelako». Nolanahi ere, eta Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldeari buruz, Larrañaga baino baikorrago mintzo da: «Erabakitzeko eskubidearen aldarriarekin bateragarria izan beharko luke handik ateratzen denak, baina ikusiko dugu. Uste dut alderdien eskutik lantalde horrek baduela bide bat egiteko aukera».

Kataluniari buruz, Arrietak ez du zalantzarik galdeketa egingo dela: «Beste gauza bat da nola eta zer eragin izango duen». Urriaren 1ean gertatzen dena gertatzen dela, auzia oraindik luze joko duelakoan dago, eta espero du «erdi lo dagoen» Euskal Herriko gizartea mobilizatzeko gai izango dela; abertzaleengandik haratago izatea espero du: «Ona litzake abertzaleak ez diren beste sentsibilitateak ere kontsentsuetara batuko balira». Horretan, adibidez, Elkarrekin Podemosek «giltza» izan dezakeela dio, baina Katalunian galdeketaren inguruan posizio bat adosteko dituen zailtasunak ikusita, Euskal Herrian hortik jotzea «latza» izango dela uste du. «Kataluniako gizarteak asko landu du independentziaren diskurtsoa beste era batera ikusteko bidea. Bide hori euskal gizartean lantzeke dago oraindik: independentismoak beste diskurtso bat behar du Euskal Herrian».

Azkenik. atentatu jihadisteneraginari buruz, Kataluniak «estatu bezala» erantzuteko gaitasuna erakutsi duela dio, eta Madrilen gabeziak agerian geratu direla: «Aurrera begira nik uste dut iritzi publikoan efektu positiboa izango dutela bai erakundeek bai Kataluniako Gobernuak erakutsitako jarrerek; heldutasuna adierazten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.