Ainhoa Moiua. Keinu hizkuntzako itzultzailea

«Keinu hizkuntza ikastea ez da zaila; gogoa bakarrik behar da horretarako»

Zea Mays musika taldearen 'Negua joan da ta' kantuaren itzulpena egin du Ainhoa Moiuak, eta bideo baten bidez zabaldu da haren lana hara eta hona. Korrikaren mezua ere irakurri zuen amaiera ekitaldian.

BERRIA.
2011ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
BERRIAren egoitzan izan zen atzo Ainhoa Moiua elkarrizketa digitala egiten. Irakurleen galdera ugari erantzun zituen.

Oihartzun handia izan du Zea Maysen kantuaren itzulpenak, baina uste duzu bitxikeriatik harago jendea gor-mutuen egoeraz konzientziatzeko balioko duela?

Keinu hizkuntzan halako gauzak egitea dagoela erakutsi dugu, eta momentu batez keinu hizkuntzaren gaia jarri dugu gure ahotan. Hori garrantzitsua da; kontzientziatzeko ez bada ere, gai honetan erreparatzeko astia eman digu.

Keinu hizkuntza bat al dago hitzezko hizkuntza bakoitzeko? Baita euskaraz ere? Bideoklipean eta Korrika hasieran eta amaieran egindakoa, zein keinu hizkuntzatan egin zenuen?

Keinu hizkuntza ez da unibertsala, eta munduan keinu hizkuntza ugari ditugu. Nik erabiltzen dudana espainiarra da, nahiz eta geure dialektoa izan. Katalunian keinu hizkuntza propioa dute, baina Euskal Herrian ez.

Nolatan grabatu zenuen bideoa etxeko ordenagailuko kamerarekin eta Zea Mays taldekoei eman? Bideoklipa egiteko ideia zenuen buruan?

Zea Maysi opari bat egiteko asmoz grabatu nuen etxeko kamerarekin, baina inolaz ere ez nuen bideoklipa egiteko ideia izan buruan. Urteak dira Zea Mays entzuten dudala, eta autoan behin eta berriz itzuli ditut beraien abestiak. Hala, bakardadean Zea Maysen musikarekin egiten nuen hori oparitu nahi nien, beraiek oparitu dizkidaten une zoragarri horien truke.

Non ikasi zenuen keinu hizkuntza? Gaur egun, nora jo daiteke ikasteko?

Keinu hizkuntzako itzultzaile ikasketak (goi mailako zikloa) Bilboko Botikazar institutuan egin nituen. Baina egon badira keinu hizkuntzako ikastaroak pertsona gorren elkarteetan (Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Tolosan) eta Euskal Gorrak federazioan (Bilbon).

Korrikako furgonetara igo zinen, Seguratik Zerainera bidean, keinuekin abestia gorpuzteko. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Bideokliparen ondoren bizi ahal izan dudan beste momentu zirraragarrietako bat izan da.

Nola ikusten duzu keinuen hizkuntzaren osasuna bideoaren ostean? Aldatu egin dela uste al duzu?

Hori ondorioztatzeko garaiz dela uste dut. Poliki-poliki ikusi beharko da; oraingoz, keinu hizkuntzari erreparatzeko tartea izan dugu, orain itxaron egin behar dugu.

Gorren komunitateko jendeak zer esan dizu lan honetaz?Keinu hizkuntzan sorkuntza lan askorik egiten al da? Poesia, antzerkia...

Lagun gor batzuk izan baditut, eta gustuko izan dutela esan didate. Euskal Herrian urtero izaten da jaialdi bat keinu hizkuntza eta antzerkia batuz. Pertsona gorren elkarteek eta Euskal Gorrak federazioak antolatzen dituzte.

Azkenaldian keinu hizkuntzaren presentzia handitu egin da. Gorren komunitatea ordezkatua dagoela uste duzu?Edo moda kontuagatik integratzaile irudia emateko entzuleok eginiko antzerki hutsa da?

Komunitateen arteko zubiak eraiki behar dira, alde batetik zein bestetik. Nik hori guztia keinu gisa ikusten dut, hots, onarpena eta prestutasuna erakusten duten keinuak.

Zer da bideoaren amaieran esaten duzuna, letra bukatu denean?

Kitarraren soinua entzuten da, eta keinu hizkuntzan soinuak adierazteko erabiltzen den keinua hori da.

Zenbat denbora behar izan zenuen keinu bidezko hizkuntza ikasteko?

Keinu hizkuntzako itzultzaile izateko Bilbon dagoen goi mailako zikloa egin nuen (bi urte). Ez dago hizkuntza zailik ikasteko; gogoa bakarrik behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.