Kezkaz begiratzen die Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteak euskal erakundeei. Jeltzaleen esku ez daudenei batik bat. «Noraezean» ikusten ditu, «hartu beharreko bidea asmatu ezinik». «Bildu ezinezko eszenatoki batean» dagoela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiaz, eta «Patxi Lopezek Euskadi eredua suntsitu» duela adierazi du Eusko Jaurlaritzaz. Donostian egin zuen diagnostikoa atzo, Lurralde Batzarrean, datozen hilabeteetarako GBBren ekintza plana aurkeztean.
Egibarren arabera, EAJk oso argi du norantz jo behar duen gizarteak. Bilduk ez bezala: «Etengabeko inprobisaziotik atera behar du, eta joko demokratikoaren arauak onartu». Bere ustez, koalizioak ez du barneratu ez daukala gehiengo absolutorik: «Gipuzkoako gizartearentzat ona dena bilatu behar du, gainerako indarrekin negoziatuz eta akordioetara helduz, eta ez erakundeak bere zerbitzura jarriz».
Jaurlaritzako lehendakariari, aldiz, EAJk eraikitako eredua suntsitzea egotzi dio, «hamarkadetan zehar landutako estrategia», hain zuzen. Antzera mintzatu zen atzo Iñigo Urkullu Euskadi Buru Batzarreko presidentea, «Euskadiren etorkizuna hipotekatzea» egotzi baitzion Patxi Lopezen exekutiboari, EAJk osasungintzari buruz antolatutako jardunaldi batzuetan.
«Jaurlaritzak ez dio krisi ekonomikoaren errealitateari aurre egin nahi izan; areago, herritarrei ezkutatu nahi izan die», esan du Urkulluk. Bere ustez, «diagnostiko okerra» egin du gobernuak, eta horrek politika publikoak baldintzatu ditu. «Orain, Euskadik jakin du zulo batean sartu gaituztela».
Jaurlaritzaren zorra zortzi aldiz biderkatu eta defizita bikoiztu egin dela ekarri du gogora, eta ondorioz, zorraren zama gero eta handiagoa dela. «Errealitatea ez onartzeak larriagotzea dakar». Larriagotze hori osasun sisteman ikusi du Urkulluk: azken hiru urteetan anbulatorioak itxi dira, ordezkapenak murriztu, inbertsioak geldotu, itxaron zerrendak luzatu... «Kalitatea jaitsi» dela ondorioztatu du.
Hala ere, murrizketez mintzatu da zerbitzu publikoak aipatzean: «Errealitatera egokitu beharko dute, eta etorkizunean baliabide gutxiago edukiko dute». Osasun arreta publiko eta kalitatezkoa «bermatzearen» alde agertu da, besteak bete, «sektoreak jarduera ekonomikoa, ikerketa eta enplegua dinamizatzen dituelako».
Kezkatuta agertu da Egibar, euskal erakundeak «bidea asmatu ezinik» daudelakoan
Krisiaren «diagnostiko okerra» egitea eta «Euskadiren etorkizuna hipotekatzea» egotzi dio Urkulluk Lopezi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu