Kimioterapia hartzea izan ohi da gauzarik gogorrenetako bat minbizia duten gaixoentzat. Eri batzuen kasuan, gerora frogatu da ez zutela tratamendurik behar. Halako kasuak saihesteko asmoz, zehaztapen genetikorako test bat hasi da erabiltzen Osakidetza, bularreko minbizia duten emakumeekin. Donostiako eta Arabako ospitaleetan egin dute proba. Bularreko minbizia zuten 30 emakumeri egin diete testa. Horietatik hemezortziri kimioterapia hartzea agindu zieten hasieran, baina testaren bidez ikusi zuten 11k ez zutela horretarako beharrik.
Osakidetzako Osasun Harretarako zuzendari Eduardo Garatek uste du urrats handia dela: «Gaixoaren bizi-kalitatea asko hobetzen da, kimioterapiaren nahi gabeko ondorioak saihesten baitira. Gainera, osasun publikoak dirua aurreztuko du. Izan ere, kimioterapia aldi bakoitza 2.645 euro kostatzen da. Horri tratamenduak eskatzen duen bestelako arreta gehitu behar zaio». Espero dute irailetik aurrera Osakidetzako ospitale guztietan erabiltzea. Test bakoitzak 2.300 euro balio du.
Urtero, 1.200 emakumeri diagnostikatzen diete bularreko minbizia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Testa bularreko minbizi mota batzuk dituzten andreentzat izango da. Ezaugarri batzuk izan behar ditu gaixoak: tumorea txikia izatea, gongoilak hartuak ez izatea eta hormonen tratamenduak hartzeko aukera izatea.
Minbizia atzematen dieten 1.200 emakume horietatik 300 inguruk testa erabili ahal izatea espero dute. «Gure aurreikuspenen arabera, test hori gabe kimioterapia emango geniekeen ehun bat kasu atzemango ditugu», zehaztu du Garatek.
Testa nola egiten den azaldu du Donostiako Ginekologia Zerbitzuko arduradun Arantxa Lekuonak. «Ebakuntza eginda, eta tumorearen ikerketa anatomiko-biologikoa egin ostean, ikusten badugu baldintzak betetzen dituela, testa egiteko aukera ematen diogu. Oso sinplea da: tumorearen ehunaren zatitxo batzuk hartu, eta laborategian ikertzen dira. Bi astean, emaitzak jasotzen ditugu. Grafiko batzuk dira». Horien bidez, ikusten dute kimioterapia hartzea gaixoarentzat eraginkorra izango ote den eta tumorea berriz garatzeko aukerarik baden. «Tratamenduaren eraginkortasuna eta gaitza izateko arriskua txikiak badira, tratamendua ez ematea erabakitzen dugu». Halaber, Lekuonak adierazi du testak aukera emango diela gaixoei tratamendu pertsonalizatuagoak emateko: «Hori ere oso garrantzitsua da».
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoa pozik azaldu da, Osakidetza «aitzindari» izan delako testa erabiltzen. «Gero eta minbizi kasu gehiago diagnostikatzen dira, baina, medikuntzan izandako aurrerapenei esker, ugaritu egin da sendatzen direnen kopurua. Testa aurrerapen horietako bat da».
Kimioterapiari aurrea hartzeko asmoz
Minbizia duten gaixoek beharrik gabe kimioterapia ez hartzea nahi du Osakidetzak. Horretarako, test bat hasi da erabiltzen bularreko minbizia duten emakumeekin. Urtean tratamendurik behar ez duten ehun kasu atzematea espero dute. Irailean hasiko dira eskaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu