Lagun talde bat solasean, Tuterako Herrerias kaleko terraza batean (Nafarroa). Euskaraz ari dira elkarren artean. Batzuk euskara dotorean; beste batzuk, berriz, euskañolez, noizbehinka erdarazko esaldiren bat txertatuta. Gutxi-asko, baina, euskarari eutsi diote solasaldi osoan, bakoitzak bere gaitasunaren arabera. Ahobizi batzuk eta belarriprest ugari. Pozik ari dira, usu ez baitute aukerarik izaten etxean, lanean edo lagunartean euskaraz egiteko. «Erriberan, zaila da euskaraz bizitzea», aitortu du terrazan daudenetako batek. Bat datoz gainerakoak. Hala ere, uste dute egoera aldatzen ari dela pixkanaka, eta gero eta ugariagoak direla euskararen aldeko egitasmoak. Atzo, esate baterako, Erriberako Euskararen I. Eguna ospatu zuten Arguedasen.
Castejon herriko bizilaguna da Carmen Casas. Belarriprest izatea erabaki du. «Bueno, erdi belarriprest», zehaztu du: «Euskara ikasten ari naiz, eta kostatzen zait oraindik». Hala ere, nabari du hobekuntza: Euskaraldiaren aurreko aldietan ez zen ausartu txapa janztera. Aurten bai. Castejongo Laubide kultur elkarteko eta Erriberan Euskaraz plataformako kidea da Casas, eta herrian Euskaraldiaren antolaketaz arduratzen den batzordean ere badago. Azaldu duenez, hamabost bat txapa banatu dituzte aurreko egunetan: «Badirudi gutxi direla, baina, Castejon herri txiki izanik, asko dira».
Euskaraz aritzea, zail
Pablo Catalan ere euskara ikaslea da AEKren Arrigarai euskaltegian. Corellan bizi da, eta euskaraz hitz egiteko lekuen falta sumatzen du han. «Euskaraz bizitzea zaila da Erriberan. Oso zaila. Batez ere, zure ingurukoek euskaraz ez badakite», esan du. Umetan, Catalanek ez zuen euskararen igurtzirik ere izan, eta orain ere kosta egiten zaio euskara praktikatzeko abaguneak topatzea: «Nik, Corellan, ez dut euskaraz hitz egingo didan lagunik, ezta kaña bat euskaraz eskatzeko tabernarik ere. Tabernariek eta dendariek arraro begiratzen dizute euskaraz egiten badiezu. Hori da gure errealitatea, zoritxarrez».
Hala ere, uste du egoera aldatzen ari dela «pixkanaka»: Tuteran, adibidez, euskararen aldeko mugimendua «indartsu» ikusten du Catalanek, eta pozik hartu ditu, besteak beste, Agerraldiak Erriberako herrietan azkenaldian eskaini dituen jarduerak. Erriberako Euskararen Eguna ere xede horrekin antolatu dute: eskualdean euskara sustatzeko eta euskaldunentzako arigune erosoak sortzeko.
Festaren antolatzaileen artean dago Maite del Alamo Aldanondo irakaslea ere. Tuterako Argia ikastolan egiten du lan, eta uste du Erriberako Euskararen Egunak «ikusmina» piztu duela inguruan: «Familiek interesa agertu dute, galdetzen digute...». Garrantzitsutzat jo du festa Arguedasen egin izana, «dena Tuteran ez zentralizatzeko», eta iragarri du Erriberan Euskaraz plataformaren xedea dela jaialdiari segida ematea, «urtero edo bi urtean behin, Erriberako herri ezberdin batean».
Casasek eta Catalanek bezala, Del Alamok ere aldea ikusten du euskarak gaur egun duen egoeraren eta garai batean zuenaren artean: «Txikiak ginenean, Tuteran norbait aditzen bagenuen euskaraz hizketan, bagenekien ikastoleroa izanen zela. Ez zegoen beste euskaldunik. Gaur egun, apur bat normalizatuago dago Tuterako kaleetan euskara entzutea. Ez dut esanen ohikoa denik, ez baita egia, baina euskara aditu aditzen da, eta bide horretan, ezinbestekoak izan dira Euskaraldia, Nafarroa Oinez, Euskararen Eguna eta halako egitasmoak».
Euskaraldiko sorpresak
Erriberako Euskararen Eguna eta Euskaraldia bera antolatzeko lanetan murgilduta dabil Iñaki Bakero ere. Euskara irakaslea da Tuterako euskaltegian, eta esplikatu du «sorpresa politak» hartu izan dituela Euskaraldian: «Oso pozgarria da bistaz soilik ezagutzen zenuen pertsona bat txapa jantzita ikustea, izan ahobizi, izan belarriprest, eta ordutik aurrera harekin euskaraz egin ahal izatea». Azaldu duenez, «txapa pila bat» banatu dituzte egunotan: «Nabari da jendeak interesa duela eta atxikimendua adierazi nahi diola euskarari». Hala ere, gogorarazi du Euskaraldia hori baino gehiago dela: «Erdaldunak ere etortzen zaizkigu txapa eske, egitasmoa nolabait babestu nahi baitute, baina ulertarazi behar zaie Euskaraldia ariketa praktiko bat dela, eta gutxieneko gaitasun bat behar dela parte hartu ahal izateko. Euskaraldia ez da txapa bat bakarrik: konpromiso bat da».