Etxerat Elkarteak Kinkea izeneko produktu promozioa abiarazi du, elkartearen jarduera finantzatzen laguntzeko. Hernanin (Gipuzkoa) aurkeztu dute gaur eguerdian, eta helburua zera da: "Preso eta iheslarien senide eta lagunei asistentzia, aholkularitza eta laguntza eskaintzeaz gain, berriki gure gain hartu ditugun presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzea".
Kinkearen lehenbiziko promozioan Zigor Merodio artistak egindako Erraldoia izeneko litografiaren 20.000 ale salduko dira. Litografiaren promozioa 2018ko urtarrilaren 1etik martxoaren 20ra gauzatuko da. 25 euroren truke litografia jasoko duen bakoitzak, zozketa batean parte hartzeko boleto bat jasoko du. Zozketa hori Andoaingo notarioaren aurrean egingo da, martxoaren 21ean, aplikazio informatiko baten bitartez, eta banatutako boleto guztiak sartuko dira zozketa horretan. 20.000 euroko sari bat, 5.000 euroko hiru sari, 1.000 euroko hamabost sari, 500 euroko hogei sari eta 100 euroko 100 sari zozketatuko dira.
Argitu dute, sustapen-helburua duten ausazko konbinazioak antolatzeko EAEko Gobernuko Joko eta Ikuskizunetarako Zuzendaritzak agindutako oinarri arautzailearekin bat datorrela Kinkea egitasmoa. 2018. urtean lau promozio egiteko asmoa du Etxerat Elkarteak.