Kirol eta kultur alorretako eragileentzat izango dira aurtengo Sabino Arana sariak

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa txirrindularitza taldea, Antton Valverde musikaria, Armando Llanos ikertzailea, Euskal Artzainak Ameriketan elkartea eta Javier Clemente futbol entrenatzailea dira saridunak.

ANTTON VALVERDE
Antton Valverde musikaria, artxiboko argazki batean. JON URBE / FOKU
arantxa elizegi egilegor
2024ko urtarrilaren 16a
13:04
Entzun

Sabino Arana fundazioak eguerdian iragarri ditu aurtengo saridunen izenak; kultura eta kirol arloko ordezkariak dira gehienak, baina ez guztiak: Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa txirrindularitza, Antton Valverde musikari donostiarra, Armando Llanos ikertzaile eta arkeologo gasteiztarra, Euskal Artzainak Ameriketan elkartea eta Javier Clemente futbol entrenatzailea. Fundazioko presidente Mireia Zaratek eta erakundearen idazkari Ignacio Etxeberriak jakinarazi dituzte saridunak. Sariak, baina, urtarrilaren 28an banatuko dituzte, Bilboko Arriaga antzokian.

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa «berdintasuna, inklusioa eta talde lana» bultzatzeagatik sarituko dute. Halaxe azaldu du Zaratek berak: «Emakumeez eta profesionalez osaturiko talde honek eredugarria izan nahi du nazioartean, emakumearen irudia indartuz, harrobiko txirrindulari gazteei aukera emanez eta mundu mailan euskal emakumezkoen txirrindularitzaren aldarria eginez». Valverderen eta Clementeren kasuan, egindako ibilbide profesionala goraipatu nahi izan du fundazioak sariarekin. Llanosek arkeologiaren alorrean egindako urratsak ere nabarmendu ditu Zaratek: «Arabako Arkeologia Institutuaren sortzaile eta Joxe Miel Barandiaranen ikasleak bere lanbide jardueratik at egin du euskal kulturarekin engaiatutako lan hori guztia, hau da, diseinu grafikoan egindako lanez kanpo».

Diasporako elkarteari dagokionez, atzerrian euskal kultura eta hizkuntza zabaltzen egindako lana goratu du fundazioak, baita Ameriketara migratutakoek euskal ondarea ezagutarazteko egindako ahalegina ere. «Haiek idatzi zutelako, eta haien ondorengoek ere idazten jarraitzen dutelako, nekez eta ahaleginez, gure herriaren historiaren zati garrantzitsu bat, Ameriketan euskal kulturaren eta hizkuntzaren igorle bihurtu zirelarik», esan du Zaratek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.