Aire zabalean dauden kirol instalazioetan erretzea eta, adingaberen bat bertan badago, ibilgailu pribatuetan erretzea debekatzeadira Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Adikzioen Legeko neurrietako bi. Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jesus Maria Fernandezek adierazi duenez, Jaurlaritzaren helburua da «droga kontsumitzaileen eskubideak erregulatze eta adingabeen alkohol eta tabako kontsumoa eragozte aldera beste urrats bat» egitea neurri horiekin.
Fernandezen hitzetan, tabakoaren aurkako legeak «babes handia» jaso du; esan du biztanleen %80k egin dutela legearen alde. Hori dela eta, Jaurlaritzak legea zabaldu nahi duela jakinarazi du Fernandezek: «Kirol estadioetan erretzea galarazi nahi dugu, Londresko Joko Olinpikoetan egin duten bezala, tabakoaren aurkako legearen hedadura zabaltzeko». Horrez gain, ibilgailu pribatuetan erretzea ere debekatu nahi du Jaurlaritzak, adingaberen batek bidaiatzen baldin badu bertan. Fernandezen aburuz, adingabeen osasuna garrantzitsuagoa da gainerako kideen erretzeko eskubidea baino: «Ibilgailu batean, erretzaile batek erretzeko eskubidea dauka, pertsona librea izaki, baina ezin dio adingabearen osasunari kalte egin. Beraz, adingabearen osasuna lehenetsi behar da kasu horretan». Fernandezek nabarmendu du kirol erakundeekin eta herritarren ordezkariekin hitz egingo dutela neurriez, haien iritzia zein den jakiteko. Era berean, uste du «inolako arazorik gabe» ezarriko direla neurri horiek.
Kirol ikuskizunetan erretzea debekatzea lehendik ere aztertu izan du Eusko Jaurlaritzak; joan den urteko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zuten Tabakoaren Legean, hain zuzen. Lege horrek debekatzen du «aire zabalean dauden kirol instalazioetan erretzea, baldin eta adingabeentzako jarduerek lehentasuna baldin badute». Jarduera horiek lehentasunik eduki ezean, legeak zehazten du tabakoa kontsumitzeko aurretik prestatutako lekuetan soilik erre ahalko dela. Orain, lege horren edukia zehaztu nahi du Jaurlaritzak, Adikzioen Legearen barruan jaso duen neurriarekin.
Bestalde, alkoholaren aurkako hainbat neurri jaso ditu Eusko Jaurlaritzak Adikzioen Legean. Esaterako, adingabeei alkohola kontsumitzen den tokietan sartzea galarazi nahi die; gurasoekin batera soilik ahalko dira sartu.Era berean, alkoholaren salmenta «gogortu» egin nahi du Jaurlaritzak, ordu jakin batetik aurrera, supermerkatu eta dendetan; adingabeek bertan alkoholik ez erostea du xede neurriak. Alkoholarekin zerikusia duten iragarki kopurua ere murriztu nahi du aire zabalean dauden estadio eta frontoietan. Gainera, supermerkatuetan egiten diren «2x1 eskaintza bereziak» kendu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak.
Kirol ikuskizunetan erretzea galarazi nahi du Jaurlaritzak
Ibilgailu pribatuetan erretzea debekatzea ere proposatu du, baldin eta adingaberen bat badago ibilgailuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu