Iñigo Urkullu eta Maria Txibite Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin bildu dira gaur goizean, beste erkidego batzuetako presidenteekin batera. Sanchezek atzo iragarri zuen haurrak kalera ateratzen hasi ahal izango direla apirilaren 27tik aurrera Hegoaldean. Urkulluk esan du OMEren arabera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «etapa berri baterantz» joateko adierazleak daudela, eta murrizketak arintzeko eskatu dio. Haren hitzetan, «euskal gizartean sendotuta daude prebentzioaren eta babesaren kultura zibikoa». Horregatik, haurrak kalera «segurtasun neurriekin» ateratzen uzteaz gain, eskatu dio apirilaren 27tik aurrera kirola egiten uzteko eta saltoki batzuen irekiera baimentzeko.
Umeen kasuan, irteerek denbora mugatua izango lukete, distantziak gordeta eta beste ume batzuekin elkartu gabe, Urkulluk proposatu duenaren arabera. Kirola egiteari dagokionez, proposatu du espazio irekietan egin ahal izatea, kasu horretan denbora mugatu batean eta banaka. Azkenik, saltoki eta enpresa txikiak irekitzea proposatu du, «segurtasun neurri zorrotzekin eta pertsonen arteko distantzia gordez».
«Normalitate berri baterako trantsizioa» deitu dio Urkulluk etapa horri. Sanchezek atzo iragarri zuen Espainiako Gobernuak gidatuko duela «asimetrikoki» egingo den prozesua. Hori ikusita, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eskatu dio bien artean bideratzea, «koordinatuz eta ardura partekatuz». Alde horretatik, salatu du joan den igandean egin zituen hainbat galdera erantzunik gabe geratu direla, eta adierazi du espero duela gaurko bileran egindako proposamenei helduko diela Espainiako Gobernuak.
Urkulluk argudiatu du kasu positiboak hamalau egunez jaistea dela etapa berri horretarako adierazleetako bat, kasu berriak atzemateko testak egiteko gaitasuna izatearekin batera. Horrez gain, osasun sisteman nahikoa profesional eta ohe dagoela ere aipatu du, bai plantan eta baita ZIUan ere, eta esan du badagoela gaitasuna gaitzari aurre egiteko berriz hedatuko balitz. Lan arloan eta jarduera sozialetan neurriak hartzea ere ezinbestekoa litzateke Urkulluren arabera, eta konpromiso kolektibo eta indibiduala izatea. Uste du euskal gizartea prest dagoela horretarako.
«Adibide gisa, jarduera produktiboaren itzuleraren balorazio positiboa jartzen dut. Euskadin normaltasunez eta ia intzidentziarik gabe funtzionatu du enpresa bakoitzean garatu den akordio eta kolaborazio ereduak».
Estatuaren eta autonomia erkidegoen harremanen eredu gisara Alemaniakoa jarri du Urkulluk, non, haren hitzetan, gobernu federalak hiru neurri adostu dituen landerrekin. «Akordio horren arabera, lander bakoitzak erabakitzen ditu oinarrizko hiru neurriak ezartzeko programak». Gogorarazi du Espainiako Estatuan argi zehaztuta dagoela eskumenen banaketa, hori errespetatu behar dela, eta errealitate sozioekonomiko desberdinak daudela.
Txibite: «Ez dute bermatu ikasleen aukera berdintasuna»
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak esan du Nafarroa trantsizioari aurre egiteko moduan dagoela: «Jakitun gaude horrek planifikazio zorrotza eskatuko digula». Txibitek babesa adierazi dio Sanchezi haurrei kalera ateratzeko baimena emateagatik, eta harago joatearen alde egin du, gainera: «Hasi beharko dugu arautzen banaka jarduera fisikoa egitera egindako irteerak».
Sanchezek nabarmendu zuen ezohiko neurriak arintzea «asimetrikoa» izango dela, eta Txibitek eskatu dio autonomia erkidegoei uzteko erabakitzen zer neurri behar dituzten lurralde bakoitzerako.
Bestalde, Txibitek adierazi du osasun larrialdia ezarri zutenez geroztik ezin izan dutela «bermatu» ikasle guztiek «aukera berdintasuna» izatea. Esan du Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta autonomia erkidegoek ikasturtearen inguruan adostutakoek «ikasleengan eta familiengan» jarri behar dutela arreta, «eta ez horrenbeste curriculumean».