Koronabirusa

Madrilek bi astez luzatu du itxialdia, baina zirrikitu bat ireki die haurrei

Maiatzaren 9ra arte jarraituko du konfinamenduak, eta ñabardura bakar bat izango du: umeek modua izango dute irteteko hilaren 27tik aurrera. Maiatzean konfinamendua arintzen hastea da xedea

Egunotan nabarmen ugaritu da umeei kalera ateratzen uztearen aldeko aldarria. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
COVID-19aren izurria hesitzeko asmoz ezarri diren konfinamendu neurriak arintzen hasteko sei baldintza ezarriak ditu OME Osasunerako Mundu Erakundeak. Bat: birusaren transmisioa kontrolatuta izatea. Bi: osasun sistema epidemiari aurre egiteko prest egotea. Hiru: zentro soziosanitarioetan infekzioak kontrolatuta edukitzea. Lau: lantokietan-eta prebentzio neurriak ezarrita egotea. Bost: atzerritik datozen pertsonen kontrola bermatuta egotea. Sei: gizartea epidemia honetarako ondo hezita egotea. Horiek Espainiak ez dituela oraindik betetzen esan zuen atzo Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. «Orientabide horiek betetzeko bidean gaude, baina ez gaude oraindik bigarren fasera pasatzeko eran». Izurria kontrolatzeko egin diren lorpenak nabarmendu zituen. «Zailena lortu dugu: kolperik bortitzena gainditu dugu. Baina lorpenok ez dira aski, eta hauskorrak dira». Horiek horrela, iragarri zuen konfinamenduak bere hartan jarraituko duela maiatzaren 9ra arte. Ñabardura batekin. Apirilaren 27tik aurrera, haurrek —12 urtetik beherakoentzako neurria izango dela esan zuen— modua izango dute irteten hasteko.

Ez zuen askorik zehaztu zer ezaugarri izango dituzten umeen irteera horiek, baina argi utzi zuen «mugatuak» izango direla, eta datozen egunetan emango dituztela argibide gehiago nolakoak izango diren adierazteko. Nabarmendu zuen aldaketa horrek ez duela ekarriko konfinamendua samurtzeko beste inolako neurririk: «Arintze txiki bat besterik ez da; araubide orokorra konfinamendua da oraindik». Neurri sakonagoen aroa maiatzean hasiko dela esan zuen, eta «motela» izango dela hortik aurreragoko bidea. Bolada batean, gainera, helmugan bakartze neurriak edukiko dituen gizarte bat egongo dela ohartarazi zuen: «Normaltasun berri bat izango da». Oroitu zuen, gainera, izurriak lagatako «txikizioa» agerian egongo dela gizarte horretan, eta gizartea «berreraikitzeko» prozesu bat jarri beharko dela martxan. Bide horretan, «erakunde arteko akordio» zabal bat beharko dela nabarmendu zuen, eta hainbat dei egin zuen horren alde. Dei egin zion Europako Batasunari ere: babes eske. «Populismoak» hauspotzeko arriskua dagoela ohartarazi zuen.

Bide «asimetrikoa»

Zehaztapen gutxi eman zituen maiatzean konfinamendua arinduz joateko hartzen hasiko diren neurrien inguruan. Iragarri zuen, hala ere, aukeren artean dagoela prozesu «asimetrikoa» izatea; alegia, tokian tokiko egoeraren arabera egokituko dutela. Orain arteko neurrien «homogeneotasuna» irmo defendatu zuen: «Horiei esker, hamarnaka mila bizitza salbatu dira». Baina maiatzetik aurrera gauzak egiteko beste era bat egon daitekeela esan zuen. «Izan ere, errealitate ezberdinak daude». Propio prozesua onduz joateko aditu taldea martxan dela azaldu zuen, eta joango direla argibideak ematen poliki-poliki. Agindu zuen autonomia erkidegoetako buruzagiekin harreman joria izango duela prozesu guztian. Autonomia erkidegoei eta Espainiako Parlamentuari gaur bertan emango die konfinamendua luzatzeko asmoaren berri. Beste bi asteko alarma egoera eskatuko die, «beste zerumuga bat» zabaldu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.