Eñaut Zubikarai, Mikel Labaka, Mikel Gonzalez, Ion Ansotegi, Mikel Aranburu, Markel Bergara, David Zurutuza eta Imanol Agirretxe Realeko jokalariak, Xabier Jauregi, Zuhaitz Gurrutxaga, Hodei Mendinueta, Oier Larrainzar, Jagoba Beobide, Markel Robles, Eneko Romo eta Iñaki Goikoetxea Real Unioneko jokalariak, Mikel Astarloza Euskaltel-Euskadiko txirrindularia, Oinatz Bengoetxea, Asier Olaizola eta Oier Mendizabal pilotariak, Patxi Jauregi Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentea, Ibon Gaztañazpi arraunlari eta entrenatzailea eta Gaizka Garmendia patroia, Martxel Toledo ESAITeko kidea edota Jesus Mari Zamora Realeko jokalari ohia izan dira gaur, Donostian, Egunkaria-ren epaiketaren aurkako eta auzipetuen aldeko elkarretaratzean.
Auzipetuak ere izan dira. Baita hainbat eragile eta herritar ere; haien artean, kasu, Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia.
Egunkaria libre! lelopean egin dute bilkura, Bulebarrean, 13:00etatik aurrera. Egunkariaren Alde Elkarteak deitu du ekimena.
Lehengo ostiralean euskal zinemako hainbat ordezkarik egin zuten elkarretaratzea, Donostian bertan, Kursaal atarian, Donostiako Zinemaldia zela probestuz.
Gaur zortzi, berriz, alderdi politikoetako ordezkariek egingo dute, Gasteizen.
Epaiketa, aste batzuk barru
Azaroan hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen.
Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.
Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).
Egunkaria-ko langile izandakoak epaiketa prestatzen hasi dira, gizartea mobilizatzeko asmoz. Herri batzordeak sustatu nahi dituzte, epaiketarako dirua bildu, mobilizazioak antolatu...
2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'
2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.
Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
'egunkaria auzia'
Kirolariak ere 'Egunkaria'-ren epaiketaren aurka
Mikel Aranburu, Imanol Agirretxe, Mikel Astarloza, Oinatz Bengoetxea, Asier Olaizola edota Gaizka Garmendia izan dira gaur Donostiako elkarretaratzean, 'Egunkaria libre!' lelopean. Lehengo ostiralean euskal zinemako hainbat lagunek egin zuten bilkura, eta gaur zortzi politikariek egingo dute, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu