Klandestinitatetik bizitza publikora itzuliko dela esan du Aurore Martinek

«Jakitun naiz atxilotu, Espainiaratu, Auzitegi Nazionalak epaitu eta kartzelatu egingo nautela», dio gazteak

Aurore Martin, iazko azaroan, Donibane Garaziko polizia etxera joan zenean bere aurkako euroaginduaren berri jasotzera. GAIZKA IROZ.
Erredakzioa
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Aurore Martin bizitza publikora itzuliko da, sei hilabete gordeta eman ondoren. Hala jakinarazi die Le Journal du Pays Basque kazetari eta Ipar Euskal Herrikoirrati ugariri, elkarrizketa baten bitartez. Dioenez, jakitun da jendaurrean agertzerakoan atxilotu egingo dutela, Espainiara igorriko dutela, Auzitegi Nazionalak epaituko duela eta kartzelatua izango dela. Gertatuko zaionaren jakitun dela badio ere, hori guztia onartezina dela iritzi dio Martinek: «Hamabi urteko espetxe zigorra jasotzeko arriskuan nago».

Egoera politikoak «aldaketa azkarrak» bizi izan dituela adierazi du Martinek. Azaldu duenez, bere kasuaren inguruan sortu diren mugimendu eta elkartasun urratsengatik erabaki du bizitza publikora agertzea. Sei hilabetez bizi izan dituen egoerak esperientzia gogorrak eta txarrak izan direla ziurtatu du, baina bere kasuak iritzi publikoan «sekuentzia berri bat» zabaldu duela nabarmendu du. Ezkutuan ibili izanak «esanahi politiko handia» duela iritzi dio Martinek: «Nire konpromisoaren isla da, baina baita eskubide zibil eta politikoen aldeko dinamikarena».

Frantziaren eta Espainiaren jokamoldea mintzagai izan du Martinek. «Ezker abertzalea zortzi urtez legez kanporatzearen atzean, beti izan dute proiektu politiko bat desegiteko borondatea. Zergatik? Proiektu koherentea, egingarria eta herritar askoren babesa duena delako». Haren irudiko, Espainiak ez lioke darabilen estrategiari jarraituko, ezker abertzaleak herritarren gutxiengoa ordezkatuko balu.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren abiadura politikoak ezberdinak direla uste du Martinek, baina gazte independentisten «kriminalizazioa» bi aldeetan berdina dela dio. Hala ere, baketzean Frantziak ere zeregin ugari izango dituelakoan da Martin: «Jakin badakigu Frantzia gatazka politikoaren parte dela eta, beraz, gatazkaren konponbidean eginkizunak izango dituela».

Sei hilabete gordeta

Martin gorderik egon da azken sei hilabeteetan, Frantziako Gobernuak Espainiako Auzitegi Nazionaleko euroagindua onartu ondoren. Bere lan politikoarekin jarraitzearren hartu zuen ezkutatzeko hautua. «Ez dut gordetzea beste hauturik, Batasunaren baitan dudan ekimen politikoa segitu ahal izateko», esan zuen Martinek sasira jotzeko erabakia azaldu zuenean. Ipar Euskal Herriko hautetsi ugarik babesa azaldu zioten iheslariari, eta Martin horien etxeetan gordeta zegoela ohartarazi zuten urtarrilaren 13an. «Babestu nauten pertsonek oinarrizko eskubideen defentsa dute komunean. Haiek badakite nire kasua aurrekari bat izan daitekeela», dio Martinek.

«Datozen egunotan» agertuko dela jakinarazi du Martinek, baina ez du zehaztu agerraldi publiko hori noiz izango den. Bitartean, ekainaren 18an eskubide zibil eta politikoen aldeko jaialdia egingo dute Miarritzen (Lapurdi), hari babesa adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.