'Klik', Azpeitiko Ikasberri ikastolaren «orainaren eta geroaren» alde

Datorren urteko Kilometroak jaiaren leloa eta logoa aurkeztu dituzte; festa urriaren 2an izango da

ainara arratibel gascon
Donostia
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Datorren urteko Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiak, hau da, Kilometroak festak, baditu leloa eta logoa. Klik da jaia antolatuko duen Azpeitiko Ikasberri ikastolak aukeratutako leloa: «Klik da gaur egun ikastolen mugimenduaren hotsa. Klik egitean parte- hartzailea, berritzailea eta erabakitzeko ahalmena duen eredu baten alde egiten dugu. Pedagogia berritzaileak bilatzen eta hedatzen jarraitzea da gure xedea, euskal izaera indartuz eta hezkuntza sistema propioa eraikitzen jarraituz», adierazi zuen atzoko aurkezpenean Beñat Azurmendik, Ikasberri ikastolako zuzendariak. Logoa, berriz, hiruki bat da. Gailu elektronikoak martxan jartzeko sinboloa irudikatzen du. «Aktibazioa eta mugimendua adierazten du. Sinplea da, ulerterraza eta edukiz beterikoa. Aniztasunaren seinale, kolore jokoak sortzen ditu eta bat, bi lauedo sei agertzen dira». Urte gutxi barru ikasle guztiak sartzeko lekurik gabe egongo direla aurreratu du Ikasberri ikastolako lehendakari Aitor Unanuek, eta bildutako diruarekin Ikasberri ikastolaren «egungo eta etorkizuneko proiektuak» bermatu nahi dituztela. «Horien artean dago haur ikastola berria».

Hirugarren aldia da Azpeitian Kilometroak jaia egiten dela. 1979an eta 2000. urtean ere han egin zen Gipuzkoako ikastolen aldeko festa. Datorren urteko festa urriaren 2an izango da. Urola erdian dagoen ikastola bakarra da Ikasberri. Hala, urtetik urtera gora egien ari da bertako ikasle kopurua. Egun 450 ditu, eta etorkizunari begira hazten jarraitzea espero dute. Proiektua egoera horretara egokitzeko dirua bildu nahi dute Kilometroak antolatuz. «Haur ikastola berria da dugun proiektu garrantzitsuenetakoa. Ikastolara lehen aldiz etorriko den haurren beharretara egokitua egotea nahi dugu».

Ikastolaren etorkizunari begira gurasoen arteko auzolana ere indartu eta bultzatu nahi dute. «Ikastolaren ezaugarriak Urola bailaran zabaltzea eta gure proiektu berritzaileak herritarrei jakinaraztea dira ditugun beste bi helburu nagusietakoak».

Horrekin batera, jaiak ikastolen mugimendua eta proiektua «indartzen eta zabaltzen» laguntzea espero dute. «Gurasoek berebiziko garrantzia dute proiektu honetan, parte-hartzea eta erabakitzeko ahalmena eskuratu baititutzte. Gainera, ikasleen presentzia bilatzen da, haiek direlako ikastola».



Aurkezpen festa

Hedabideen aurrean egindako aurkezpenaren ostean, iluntzeanherrian, Azpeitian erakutsi zituzten logoa, leloa eta salgai egongo den materiala. Besteak beste, ikastolako gurasoek, ikasleek eta irakasleek hartu zuten parte arropa eta materiala erakusteko Izarraitz pilotalekuan egin zen desfilean.

Hain zuzen ere, gaurtik aurrera material hori salgai egongo da Artzubia kalean zabalduko duten dendan. Bertako ordutegia ondorengoa izango da: astelehenetan 16:30etik 20:00etara; eta asteartetiklarunbatera 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.