«Klima aldaketa ez ezik, bioaniztasunaren galera ere eten egin behar da»

Klima larrialdiari buruzko kazetaritza liburua ondu berri du Iñaki Petxarromanek. Aldaketa biofisikoei buruzko datuak bildu eta trantsizio ekologikoaren bidea aztertu du, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiarekin ere lotu du ingurumenaren auzia.

GORKA RUBIO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun

Ingurumen gaiek ardaztu dituzte Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariaren (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973) azken urteetako lan nabarmenenak, eta mugimendu ekologistaren buruhauste handienetako baten inguruko azterketarekin biribildu du bide hori: klima aldaketaren inguruko datuak eta hausnarketak jaso ditu, Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian liburuan. BERRIAk, Jakin-ek eta Elkarrek bultzatutako Aleka bildumako hamargarren lana da; gaur egin dute aurkezpen ofiziala.

Zure aita zenari egin diozu liburuko lehen aipamena, aldarrikatzeko hark aspaldi nabaritu zuela zerbait aldatzen ari zela kliman, azken hamarkadetan aritu eta aditu askok egin duten bezala. Zergatik ez zaie entzun?

Lehen zantzuak aspaldi agertu ziren: 1950eko hamarkadan AEBetako zientzialariek jada bazeuzkaten datuak eta iragarpenak. Zer gertatu da bitartean? Ekonomia kapitalistak hazkundea behar duela, eta hazkunde hori bideratzeko erregai fosilak tresna egokia izan direla: azken hamarkadetako baliabideen eta gaien kontsumoa eta produkzioa ez ziren posible izango ikatzik eta petroliorik gabe. Horregatik, nahiz eta jakin zeintzuk ziren albo kalteak, inor ez da ausartu horri galga jartzera, kasik ohartu arte atzera-bueltarik gabeko egoera batean gaudela.

Ezezagunerako bidaia du izenburua liburuak. Ez al da jakina nora doan mundua? Zeren araberakoa izango da etorkizuna?

Zientzialariek eginak dituzte proiekzioak, esana dute zer gerta daitekeen. Eta badakigu iraganean ere izan direla beste klima aldaketa prozesu batzuk: Lurra oso dinamikoa da, eta izan ditu aldaketa handiak. Kontua da aldaketa horiek ez zirela doakoak izan bertan zeuden espezieentzat, eta, gainera, ez zituela gizakiak eragin, baizik eta beste prozesu biologiko batzuek; baina orain gizakiaren jardunak eragin du gertatzen ari dena. Hortaz, badauzkagu iraganeko ereduak eta etorkizunerako proiekzioak, baina erabat prozesu berria da hau, eta inor gutxi ausartzen da esatera zer gertatuko den. Azken batean, aldaketa prozesu honek baditu kontrola ezin diren osagai batzuk, baina horietara ez iristeko badakigu zer egin behar dugun: ahalik eta azkarrena deskarbonizatu.

Liburuaren atal luzeena eskaini diozu klima nola aldatzen ari den deskribatzeari. Zerk harritu edo kezkatu zaitu gehien?

Dena da kezkagarria, baina bi kontu nabarmenduko nituzke. Batetik, prozesu klimatikoak eta biologikoak oso azkar doazela, eta bioaniztasuna galtzen ari dela. Ez gaude klima aldaketa huts batean, baizik eta bioaniztasun galera prozesu bortitz batean, eta horrek zerikusia handia du gizakion jarduerarekin. Eta, bestetik, ikuspegi sozialago batetik, sistema kapitalista bera desberdintasun sozialetan oinarritzen da, eta prozesu honek muturrera eramango ditu desberdintasun horiek. Aldaketa biofisiko batean gaude, baina hori geratzeko prozesuak oso kontuan izan beharko du justizia soziala: berdintasun handiagoko mundu bat izan beharko du xede. Horrekin lotuta, Yayo Herrerok ekofaxismoaren arriskuaz ohartarazi du: baliabide naturalak galtzen direnean —ura, adibidez—, baliabide ekonomiko, militar eta politiko gehien dutenak horien bila joango dira, eta joaten ari dira jada Afrikara, Asiara edo beste herrialde batzuetara; horren ondorioetako bat dira iheslari klimatikoak.

2019an, Madrilgo COP25 bilkuran izan zinen, eta Hegoalde globaletik iritsitakoen testigantza batzuk bildu zenituen, orain liburuan jasoak. Nola ari zaie eragiten klima aldaketa?

Klima aldaketaren zantzuak jada mundu osoan sumatzen dira, baina aldaketa horien aurrean denak ez gaude berdin kokatuta: abiapuntu desberdina da. Hegoalde globalean edozein gauzak eragiten du gogorrago; urakan batek ez du inpaktu bera Madagaskarren edo Floridan. Hegoaldeko herrialdeetan, gainera, bioaniztasunaren bankua handiagoa da —nahiz eta gutxituz doan—, baina herritarren egoera gogorragoa da, eta zaurgarriagoak dira lehorteetan edo baso suteetan. Adibidez, ur faltarekin zailtasun handiak dituzte Txilen, Perun eta Bolivian: pauta meteorologikoak eta euriaren ezaugarriak aldatzea inpaktu handia izaten ari da nekazaritzan dabiltzan herrietan.

Eta Euskal Herrian? Nola nabarituko da klima aldaketa?

Inoizko mundu beroenean bizi gara. Guri iruditzen zaigu gradu bat ez dela asko, baina tenperatura globalak milaka urtetan izandako bilakaeraz ari gara. Eta hemen ere ari gara sumatzen uda gero eta luzeagoak —nahiz eta aurten ez den betetzen ari oraingoz—, eta euria egiteko moduak aldatzen ari direla: asko egiten du, eta oso bortitz. Itsasoaren mailaren igoera ere hasi da eragiten gure kostaldean, eta datozen hamarkadetan hondartza ugari desagertuko dira marea gora dagoenean, eta egun bizitzeko modukoak diren hainbat toki ur azpian geldituko dira. Hala ere, ikuspegi positibotik, indartzen ari da jendearen kontzientzia hartzea, eta agenda politikoan gero eta presenteago dago gai hau.

Liburuan diozu Euskal Herriak baldintza pribilegiatuak dituela klima krisiari aurre egiteko. Zergatik?

Munduan denak ez gaudelako abiapuntu berean. Ziklogenesi leherkor bat Euskal Herrira iristen bada, gure baliabideak, etxeak eta ehun soziala eta ekonomikoa ez dira Senegalen egon daitezkeenak. Eta oso inportantea da horretaz jabetzea: migrazio fluxuak gertatzen direnean, kontuan izan behar dugu guk sortzen ditugun arazoek Hegoalde globalean eragiten dutela. Horrekin lotuta dago erantzukizunaren auzia: klima aldaketaren ardura denona da, baina denok ez dugu ardura bera. Zeresan handiagoa izan dute eragile ekonomiko eta politiko jakin batzuek: erregai fosilen industria osatzen duten multinazional handiek Afrika osoak baino ardura handiagoa dute, bai arazoa sortzean, bai arazoari irtenbideak emateko orduan.

Klima larrialdia deklaratu dute Euskal Herriko gobernuek. Zer neurri hartzen ari dira larrialdiari aurre egiteko?

Datuek erakusten dute neurri gutxi hartu direla. Adibidez: lehengo astean Europako Parlamentuan bozkatutako ebazpen batek helburu jarri zuen 2030erako gas isurketak %60 murriztea; horren aurka bozkatu zuen EAJk, eta EAJk hemen dauzkan planek ez dute aurreikusten baliabide berriztagarrien hazkunde izugarri bat, eta, aldiz, planteatzen ari dira hurrengo hamarkadetan gasa izatea mix energetikoaren erregai nagusia. Eta badago beste gai bat, Gorka Buenok aipatua: Europako herrialde batzuetan serio hartzen ari dira desazkundea, hau da, energia kontsumoa murriztea —Alemaniak erdira jaitsi nahi du energia primarioaren kontsumoa—, eta hemengo erakundeek oraindik ez dute inoiz aipatu.

Ekonomia deskarbonizatu beharra dagoela ados daude ia eragile guztiak; auzia da nola. Liburuan elektrifikazioaren iraultza aipatu duzu. Zertan datza?

Unai Pascualek aipatu du hori, erregai fosilen lobbyen agiriak irakurrita: funtsa da aldatzea gaur egungo sistema fosilista energia berriztagarrietan oinarritutako beste sistema batekin: adibidez, garraioa elektrifikatzea, auto elektrikoen bidez. Baina hori egin daitekeen oso zalantzagarria da. Azken batean, gaurko sistema ez da ordezkatuko energia berriztagarriekin: ezingo dugu energia berdina produzitu; beraz, aldaketa batzuek sakonagoak izan beharko dute. Eta hor, dudarik gabe, kontsumoaren eta produkzioaren desazkunde batzuk gertatu beharko dira.

Bidegurutzearen unea ere aipatu duzu liburuan.

Ekonomia deskarbonizatu behar da, baina munduak bizi duen krisia ez da klimatikoa bakarrik, krisi ekologiko oso gogor batean baikaude: bioaniztasuna galtzen ari gara, bizitzari eusten dioten baldintzak kolokan daude; aditu batzuek ohartarazi dute seigarren desagertze masibo baterako bidean egon gaitezkeela. Eta horrekin lotuta dago COVID-19aren krisia: gizakiok joan gara birus eta bakterio gordailuetara —animalia basatiengana edo oihan tropikaletara—, eta bueltan etortzen ari zaigu; birus eta bakterio horiek ez dira beti desagertuko, beste izaki bizidun batzuk bilatuko dituzte, gizakietara salto egingo dute, eta guk garraiatu egingo ditugu. Beraz, deskarbonizatzea posiblea da; baina, hazkundearen logikari eusten bazaio, oso zalantzan dago bioaniztasunaren galera etengo den; eta klima aldaketa ez ezik, bioaniztasunaren galera ere eten egin behar da. Izan ere, bioaniztasuna gure bizitza asegurua da; hori kolokan jartzen badugu, gure bizitza ere, espeziearena, kolokan jarriko dugu.

Hain justu, bi krisien arteko lotura ikusi dute hainbatek, konfinamendu garaiko neurriei begira batez ere. Zer hausnarketa utziko du pandemiak klima larrialdiaren eremurako?

Klima larrialdiaren kasuan ez da hain neurri bortitzik hartu, segur aski pertzepzioa beste bat delako: klima krisiak hurrengo hamarkadetan eragingo digu. Arriskua gero eta gehiago ikusten dugu, baina oraindik ez zaigu guztiz erreala iruditzen. Gainera, auzi honek gure sistema ekonomikoa bera zalantzan jartzea dakar, eta tartean dauden eragile batzuek ez dute horri buruz entzun nahi. Segur aski ez dugu neurririk hartuko arrisku bat parez pare ikusi arte, baina agian orduan berandu izango da. Eta klima larrialdiari aurre egiteko neurriek izan behar dute epe luzekoak, sendoak eta denboran irauteko modukoak. Gainera, sektore batzuetan desazkundea planteatu behar bada, debate sozial indartsua egin behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.