Maialen Martija. Tecnaliako ikertzailea eta Euskalmeteko meteorologoa

«Klima krisiari 'El Niño' gehituta, hurrengo urteak oso-oso beroak izango dira»

Euskalmeteko ahots ezagunetako bat da, baina ikerketan ere nabarmendu da Martija. 'El Niño' fenomenoak Euskal Herrian dituen ondorioak ikertu ditu, besteak beste.

JAZKI FONTANEDA / FOKU.
Nagore Arin - Iñaki Petxarroman
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun

Tecnaliako ikertzaile eta Euskalmeteko meteorologoa da Maialen Martija (Bilbo, 1981). Euskal Herriko Unibertsitatean egiten du lan (EHU), irakasle, Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Fisikaria da, eta hortik iritsi zen meteorologiako adarrera. Hamar bat urtez aritu zen Euskalmeten iragarpenak egiten, eta ondoren sartu zen ikerketa munduan. Hor hasi zen ENSO —El Niño Hegoaldeko Oszilazioa— edo El Niño eta La Niña itsaslasterrak aztertzen: Europa mendebaldean duten eragina, hain zuzen. Horri buruzko tesia ondu du.

Ikusi gehiago: 'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea

Asko ari da El Niño fenomenoaz hitz egiten. Zer da, zehazki?

ENSO bakarra da, eta El Niño eta La Niña fenomeno bereko fase bi dira, fase positiboa eta fase negatiboa. Ozeano Barean gertatzen da fenomenoa, ekuatorean. Kontuan izan behar da Ozeano Barea erraldoia dela. Orduan, hor gertatzen den guztiak eragina du toki guztietan. Han, normalean, alisioak izaten dira, ekialdeko haizeak. Alisio horiek itsas azaleko ur beroa Peruko kostaldetatik Ozeaniarantz desplazatzen dute, baina, El Niño dagoenean, horiek ahuldu egiten dira, eta ura ez da Ozeaniarantz iristen, baizik Peruko kostaldean pilatzen da. Ondorioz, bertako itsas azaleko uraren tenperatura igo egiten da, eta ohi baino beroagoa izaten da. La Niña kontrakoa da: alisioak indartu egiten dira, eta, beraz, Peruko kostaldeko itsas azaleko ura gehiago mugitzen da Ozeaniarantz, eta, hala, itsas azaleko ura ohi baino hotzago egoten da han.

Zenbat urte irauten du zikloak?

Izatez, datu fidagarriak XX. mendekoak dira, 1950etik aurrerakoak. Ordutik aurrera, atzeman dugu zikloa aldatu egin dela. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, adibidez, zikloak bi eta hiru urteko frekuentzia zuen. Gero, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, sei eta zazpi urtekoa. XXI. mendean sartuta, frekuentzia berriz ere aldatu egin da. Beraz, batez beste esaten da zikloek hiru eta zazpi urte bitarteko frekuentzia dutela.

2023ko udan sartu gara El Niño sasoian. Zertan igartzen da?

Esan bezala, Ozeano Barea izugarri handia da, eta, izugarri handia izanik, apur bat berotuz gero sortzen duen energia ere izugarria da. Energia hori guztia atmosferara pasatzen da. Orduan, El Niño denean, munduko tenperatura ohikoa baino altuagoa izaten da oro har, Ozeano Barekoa ere hala delako. Beraz, ziurrenik, datozen urteak ohi baino beroagoak izango dira batez beste.

Tesian, ENSOk Europa mendebaldean duen eragina ikertu duzu. Zer esango zenuke?

Bertan duen eragina oso zuzena da. Itsasoko ura beroagoa baldin bada Peruko kostaldean, errazago sortzen da konbekzioa, trumoi hodeiak azkarrago garatzen dira, eta euri gehiago egiten du Europa mendebaldean. Zailagoa da ikustea munduko beste edozein tokitan duen eragina. ENSO da klima aldakortasunean eraginik handiena duen fenomeno naturala. Europa mendebaldeari dagokionez, hau ikusi dugu: El Niño eta La Niña faseek sortzen dituzten anomaliak islatu egiten direla atmosferan, eta horri telekonexioa deitzen zaio. Ondorioz, energia gehigarri handi bat sortzen da, eta uhin moduan zabaltzen da mundu osoan. Zehazki, hor sortzen diren telekonexioek edo uhinek jet korrontea erabiltzen dute Europara heltzeko.

Zer da jet korrontea?

Ipar latitudeetan dagoen haize indartsu bat da. Haize indartsu hori mendebaldekoa da; beraz, uhinek hori erabiltzen dute garraiatzeko. Askok ezagutuko dute jet, haren ondorioz Ameriketara hegazkinez joateko denbora gehiago behar baita itzultzeko baino. Orokorrean esanda, neguan, ENSOren eragina muturrekoa denean, jet korrontea ere indartsua denean, El Niño-rekin euri gutxiago egiten du Europa mendebaldean, eta La Niña-n, euri gehiago.

Eta uda sasoian?

Udan jet korrontea ahulagoa izaten da, eta, askotan, El Niño eta La Niña fenomenoak ere ahulagoak izaten dira. Gainera, jet korrontea mugitu egiten da tokiz, eta iparralderago egoten da, baina ez beti. Orduan, hamarkadaz hamarkada, Euskal Herrian aldatuz joan da El Niño eta La Niña faseen eragina. Tesian topatu duguna izan da udan, La Niña daukagunean, uda beroagoak izan direla. El Niño fasean, berriz, ikusten dugu udak ohi baino euritsuagoak izaten direla.

Esan dezakegu, beraz, datozen urteetako udak ohi baino euritsuagoa izango direla?

Hala beharko luke, baina klima krisia sartzen denez tartean, beste faktore asko daude. ENSOk klima aldakortasunaren parte handi bat azaltzen du, %40 edo %50 bat. Beste erdi hori beste fenomeno batzuek baldintzatzen dute. Esan dezakegu, printzipioz, udak euritsuagoak izango direla.

Klima krisia aipatu duzu. Aldagai hori gehituta, zer espero dezakegu datozen urteez?

Munduko Meteorologia Erakundeak esan du klima krisiari El Niño gehituta hurrengo urteak oso-oso beroak izango direla, azken urteak baino beroagoak. Kontuan izan behar dugu azken urteak oso beroak izan direla, baina La Niña genuela. Beraz, era batera edo bestera, La Niña-k nolabait geldiarazi du klima krisiak eragindako berotze hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.