Sorturen legeztatze prozesua

Koalizioa osatzeko itxaropentsu ageri da Pello Urizar

EAk, Alternatibak eta independeentek osatuko lukete, eta Sortuk lekua izango luke, legeztatuko balute

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi Pello Urizar itxaropentsu da, eta aukera nahikoa badagoela dio ezkertiarren eta abertzaleen artean maiatzeko hauteskundeetan parte hartzeko koalizioa osatzeko. Urizarren arabera, EAk, Alternatibak eta independenteek osatuko lukete koalizio hori, baina Sortuk ateak irekita edukiko lituzke, azkenean, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia irauli eta legezko alderdi izatea lortuko balu.

Radio Euskadiri emandako elkarrizketan egin zituen adierazpen horiek EAko idazkari nagusiak. Urizarrek azaldu zuen EAk sekula ez duela ezkutatu indarrak biltzeko borondatea: «Duela urte eta erdi, jendaurrean aurkeztu genituen barne gogoetaren ondorioak, eta argi utzi genuen, orduan, guretzat funtsezkoa dela espazio subiranista bat sortzea. Horrek ondorioak izan behar ditu, subjektu politiko bat ere sortu behar du, gizartearen sostengua jaso dezan», esan zuen Urizarrek.

«Larunbatean Lizarran argi geratu zen prest gaudela lanean jarduteko gurekin lan egin nahi duten guztiekin, batzen gaituena lehenetsiz eta aldentzen gaituena albo batera utziz», adierazi zuen EAko idazkari nagusiak.

Horregatik, Nafarroan EAk eta Herritarron Garaia plataformak sortutako subjektu politikoa Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetara eramatea prozesu naturaltzat du Urizarrek. «Nafarroarako balio duenak balio du, baita beste hiru lurraldeetarako ere», dio.

«Legalitatearen barruan»

Urizarrek berretsi egin zuen bere alderdia esan eta esan ari dela era horretako agertoki baten aldeko apustua egiteko prest dela, «klabe batzuetan, alderdi politiko guztiak legezko balira, eta beste klabe batzuetan, izango ez balira». EAko idazkari nagusiaren arabera, bigarren hori gertatuko da itxura guztien arabera.

Dena den, ez du etsi eta uste du ezker abertzaleak legezko izateko aukera baduela, eta hori Sortu alderdiaren bitartez izango dela. «Legezkotasuna lortuko balu, guk koalizio horretako kide izateko proposamena egingo genioke Sorturi, ez balu lortuko, ordea, ezinezkoa litzateke. Hori da dena», azaldu zuen Urizarrek. Aukerarik ez balego, beraz, EAk, Alternatibak eta independenteek osatuko lukete indar abertzale eta subiranisten subjektu politiko berria.

Subjektu politiko berrikohautagai guztiek, Urizarrekesan zuenez, giza eskubideen defentsan engaiatuko dituen «kode etikoa» sinatu beharko dute, «EAn 1990etik egin izan dugun gisan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.