«Beldur itzela daukagu». Gabriel Maria Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hitzez hitz adierazitakoak ondo laburbiltzen du hiesaren inguruan osasun agintariek dituzten ardurak. Urte askotako ahaleginaren ostean gaindituta ziruditen drogazaleen hainbat joera berriro indarberritzen ari direla jakinarazi zuen Inclanek.
Iaz, sexu bidezko kutsaketen gorakada izan zela nabarmendu zuten; aurten, berriz, etorkizunean berriro ere drogazaleen artean birusa hedatzeko arriskua dagoela aitortu zuen Inclanek. Izan ere, heroina kontsumoaren beherakadaren atzetik etorri da kokaina zaina barnetik sartzeko ohitura eta horrek berriro isiotu ditu alarmak Osasun saileko arduradunen artean.2001. urtean %16 igo zen xiringen kontsumoa drogazaleen artean. Hori izan zen gertatzen ari zenaren lehenengo abisua. Ondorengoak larriagoak izan dira: azken bi urteetan %43 igo da kopurua, eta orain 1994an zegoen kontsumo maila berdina da: 544.000 xiringa. Datua xiringa trukatzeko zerbitzua eskaintzen duten eragileek eman dute. Zenbaki horren atzean droga kontsumoan izan den ohitura aldaketa dago: lehenago sudurretik hartzen zen kokaina askok eta askok zaina barnetik hartzen dute orain.Arazoa larria dela egiaztatu zuen Inclanek. Lehenengo eta behin kokaina horrela hartuz gero kontsumoa «konpultsiboa» izaten delako, eta hartzaile bakoitzak egunero 10 edo 12 aldiz sartu behar izaten duelako droga zainetan: «Ez dakigu kontsumo horren ondorio edo arrazoia den, baina gertatzen da kokaina horrela hartzen dutenek paranoiak, eldarnioak eta antzeko sintoma klinikoak izaten dituztela, eta horrek erreztu egin dezake halako baten droga hartzaileek xiringa bera partekatzea».Heroinarentzat ordezkorik badagoen arren, metadona, kokainarentzat ez dagoela inolako alternatibarik ohartarazi zuen Inclanek. Arazoa berri-berria da, herrialde garatuetan ematen dena eta oraindik zelan erantzun ez dute asmatu agintariek.
'Bizi eta utzi bizitzen'
Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunean, aurten, Bizi eta utzi bizitzen izan da mundu mailako osasun arduradunek zabaldu nahi izan duten mezua. Horren helburua argia da Inclanen berbetan: «Gaixoekiko errefusa eta diskriminazioa prebenitu, gutxitu eta ezabatzea». Bere ardurapean diren zerbitzuetan egindako ahaleginek ondorioak izan dituztela azpimarratu zuen: «Batetik, 50 edo 60 ume seropositibo dauzkagulako hezkuntza sarean normaltasun osoz integraturik. Garai bateko beldurrak gainditu ditugu, argi geratu delako eskola jardueretan ezinezkoa dela kutsaketa gertatzea».
Bestetik, gaineratu zuenez, «EAEko osasun zerbitzu guztietan desagertu dira betirako gai susmagarriak salatzen zituzten puntu gorriak. Diskriminatzailea zen hori. Orain odol guztientzako prebentzio neurri berdinak hartzen dira, hiesa ez baita kutsakorra den gaitz bakarra».Amaitzeko, premia duten hies gaixoei gibela aldatzeko egingo zaizkien ebakuntzak aipatu zituen sailburuak, hori delako gai honen inguruan Osakidetzak eman duen azkenengo urratsa.
Sexu bidezko kutsatzeak
Gabriel Inclan sailburuak gogoratu zuenez, 2001 urtean hasi ziren larritzen sexu bidezko kutsaketak gorantz egin zutelako nabarmen, batez ere emakumeen artean. Duela zenbait urte sexu harremanen bidez izandako kutsaketak hamarretik sei besterik ez baziren ere, datorren urterako kasu berrien hiru laurdenak bide horretatik etorriko direla seguruen, uste dute osasun arduradunek.
Inclanek berak aitortu zuenez, badirudi hiesa gaixotasun kronikoa bihurtu denetik jendeak uste izan duela arriskua amaitu egin dela eta, aurreko astean nabarmendu zuen legez, «beldurra galdu diote gaixotasunari». Zentzu horretan erne ibiltzeko eskatu zien herritarrei, batez ere gazteei. «Ez dezala inork pentsa gaixotasuna kontrolpean jartzea lortu dugulako, arazoa ere kontroplean daukagunik. Ezta gutxiago ere!», azpimarratu zuen Gabriel Maria Inclanek.Nafarroan, zenbaki hotzei so eginez, hiesa dutenen kopuruak gora egin zuen iaz (31 kasu berri). Birusarekin kutsatu zirenen kopuruak, berriz, behera (34 kasu berri). Arrazoia, Nafarroako osasun arduradunen iritziz, tratamenduetan dago, hainbat urtez erretrobirusen kontrako botikak hartu dituztenengan txikitzen ari delako sendagaien eragina.Nafarroako Gobernuak, halaber, «kezkagarritzat» jo du gaixo askok hiesa dutela jakiten dutenean ohartzen direla seropositiboak direla. Drogak hartzeko xiringen bidez kutsatutakoen artean, hirutik batek jakin du seropositibo dela eta gaixo dela batera; sexu harremanen bidez kutsatu direnen artean altuagoa da portzentaia, erdiak ezagutzen baitu batera birusa duela eta gaixotasuna garatu duela.Hiesaren aurrean «arrisku jarrerak» badirela gogoratu du Nafarroako Gobernuak, «ez arrisku taldeak». Gazteek «beldurra galdu» dutela eta «prebentzioaren garrantzia» nabarmendu du. Era berean, gaixotasunari aurre egiteko hezkuntza funtsezkoa dela azpimarratu du Nafarroako Gobernuak.
HIESAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Kokaina zainean hartzeko joerak gaitza areagotu dezakeela ohartarazi dute
Osakidetzak dio sexu harremanen bidezko kutsadurak azken urte bietan bezala egin dezakeela gora drogazaleen kutsadurak hemendik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu