Muskizko Udalak (Bizkaia) baimenak eman dizkio Petronorri koke planta zabaltzeko eta abian jartzeko. «Udalak esku artean dituen hiru txostenak argiak dira: baimenak eman behar genituen; ezin genuen ezetz esan», azaldu du ohar baten bidez Muskizko alkate Borja Liañok (EAJ).
Udalak gogorarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industrian inoiz egin den inbertsiorik handiena dela, eta proiektuak ingurumen baimenak lortzeko agintzen diren kontrol guztiak gainditu dituela. Muskizko Udalak berak ikerketa bat eskatu zion kanpoko ingurumen ikuskaritzarako enpresa bati, eta emaitzak balekoak izan direla azaldu du Liañok. «Neurri zuzentzaile guztiak hartu dituzte, halako azpiegitura batek eskatzen dituen ingurumen baldintzak betetzeko».
Eusko Jaurlaritzak iaz eman zion ingurumen baimena. Muskizko Udalak bezala, baldintza guztiak betetzen dituela defendatu zuen orduan Pilar Unzaluk, Ingurumen sailburuak:«Plantaren jarduerak ez du kalterik eragiten. Horrek ez du bermatzen gorabeherarik izango ez denik, baina gaur egun ez da beharrezkoa bestelako neurririk hartzea».
Koke Plantaren Aurkako Plataformak eta Meatzaldea Bizirik taldeak helegiteak jarrita dauzkate baimen horien aurka, baina oraindik ez dago horiei buruzkoerabakirik. Iazko otsailean Administrazioarekiko Auzietarako Bilboko Epaitegiak baliogabetzat jo zuen Abantoko Udalaren baimena. Epaiaren arabera, Petronorrek ez zituen beteak aurrezJaurlaritzak ezarri zizkion baldintzak. Ez zituen aurkeztu agindutako txostenak; edo, behintzat, ez zegoen frogatuta aurkeztu zituenik.
Koke planta abiatzea baimendu du Muskizko Udalak
Borja Liaño alkateak esan du jaso dituzten txostenen arabera ingurumen baldintzak betetzen dituela plantak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu