EPPKren agiria

Kolosala izan da

2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iragarpen guztien gainetik bai, kolosala izan da presoen eskubideen aldeko Bilboko mobilizazio erraldoia. Zinez, pozak gure bihotzak bete ditu. Zorionak helarazi nahi dizkiogu bertaratu zen jendetza osoari, arrakasta gauzatzeko lanean jardun duten guztiei. Harro gaude oso gure herriaz. Gutako bakoitzak eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bere eskakizun eta ekimenekin jaso dugun babes sozial eta politikoa sekulakoa izan da. Madril eta Parisek Herri osoa aurrez aurre dutela aurreratzen genuen azken agirian, eta erakustaldi berria izan dute Bilbokoa.

Ez gara telefono deiaren ez egunkariaren zain geratu. Guk ere mobilizazio orokor honetan parte hartu dugu. Frantzia, Espainia eta beste lurraldeetan gaudenok mobilizazio astea egin dugun hilaren 9tik 13ra:baraualdi, txapeo, kartelada eta bestelako ekimenak izan dira han eta hemen gure Herriarekin batera. Halaxe jarraituko dugu aurrerantzean ere antolaturik, mobilizaturik eta baturik, gure hitza, Herriaren hitza gauzatu arte. Eskubideak gauzatu arte.

Uzkur, zurbil eta lekuz kanpo geratu dira olatu honetatik at mantendu nahi izan dutenak. Halaxe izan da PNVren jokabidea, beste behin ere, inork gutxik uler dezakeen hautu politikoa eginez, autismotik hurbil eta hitzak hitz, oraino mugitu ez diren inposatzaileen lerroetan paraturik. Aukera berria galdu du, eta faktura pasatu behar dio.

Gobernu espainola presionatuta sentitzen da, are denbora berriek beharturiko egoera politikoak espetxe politika kuestionatu eta aldarazi beharra etxe atariraino iritsi zaionean. Gobernu espainol zein frantsesari, arduradun politiko orori, jukutriak alboratzeko premia helarazten diegu. Konponbidea gutako bakoitzaren gainean jartzen dutenean tronpatzen dira: irteera indibidualik ez da egongo arazo politikoari heldu gabe, eta ikuspegi orokor eta kolektiboari muzin eginez. EPPKri inposatu zaizkion salbuespeneko neurriak oro Kolektibo osoari aplikatzen zaizkio, hein berean dagokie neurriok indargabetzea. Kolektiboa prest da, azken ekimenekin erakutsi bezala, aurrera urratsak egiteko, Euskal Herrian abiatutako prozesu demokratikoan bere ekarpen positiboa egiteko. Ibilbide horretan hain mingots egiten zaien amnistiaren ideiak konponbide demokratiko integrala esan nahi du guretzat. Gatazka politikoaren existentzia eta konponbide demokratikoa bere baitan dituena, hitzak hitz eta legeak lege, euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxera ekarriko dituen prozesu demokratikoaz ari gara. Arduragabekeria litzateke hori saihestea.

Azkenik, gure indar guztiarekin salatu nahi dugu administrazio penitentziarioaren jokabidea, Frantzia nahiz Espainiakoa, xantaia eta presio ankerrenean oinarritzen ari dena gaurko egoeran ere. Baita joko politikorako bazka diren komunikabideetako intoxikazioak ere. Urratsak egiteko eta jokabidea aldatzeko garaia dute!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.