Enpresa digitalak, Codesyntaxek eta BERRIAk antolatutako Betor topaketetan, hitzaldia emango du gaur Xabier de la Mazak Donostian, Deustuko Unibertsitatean, 18:30ean. Berria.info-n zuzenean ikusi ahalko da hitzaldia.
Iazko urritik, Pantori.es-en artisau elikagaien sustapena eta salmenta bideratzen duzue Internet bidez. Zer ezaugarri ditu enpresak?
Funtzionamendua, berez, erraza da: astelehenetik ostiralera, egunero produktu berezi bat sustatzen dugu. Bezeroek aukera dute oso produktu bereziak prezio onean etxean jasotzeko. Produktua ez dugu manipulatzen, baizik eta ekoizlearen eskutik bezeroarengana zuzenean doan merkantzia da.
Zer zailtasun eta gorabehera ditu proiektuak?
Pantori proiektu logistiko bat da, eta, horretarako, talde on bat behar dugu. Adibidez, denbora asko inbertitzen dugu ekoizle onak aurkitzen. Espainiako estatu osoko ekoizleekin lan egiten dugu, eta askotan haiengandik konfiantzarik eza dago. Ondorioz, maiz, negoziazioak luzatu egiten dira. Negoziazio horietan, ekoizleekin asko hitz egin behar izaten dugu. Bestalde, berebiziko gaia garraioarena da. Zenbaitetan produktua leku batetik bestera eramateko orduan arazoak sortzen dira. Azpikontraten azpikontraten bidez izaten dira garraio jario batzuk, eta horrek bere eragina izaten du. Ondorioz, bezero batzuei produktua berandu edo gaizki iristen bazaie, ika-mikak izan ditzakegu. Proiektua txikia izanik, zenbaitetan biluzik gelditzen gara garraio kontuengatik. Une oro, Interneteko mezuekin eta deiekin adi egon behar dugu, bezeroei arreta zerbitzua emateko. Banaketa kudeatzen ez ezik, gaizki-ulertuei eta hutsei erantzuten ordu asko ematen ditugu.
Pantori bezalako proiektu batean nolakoa izan behar du komunikazioak eta marketinak?
Komunikazioaren tonuak natural eta freskoa izan behar du. Argazki eta bideo onak izateak onura argia du. Indargune bat da. Sare sozialetan ere freskotasuna transmititu behar da, bezeroekin hitz eginez. Elkarrizketen bidez, gainera, komunikabideetan ere oihartzuna izan dugu. Xehetasun txiki asko hartu behar dira aintzat proiektu duin bat aurrera eramateko.
Internet bidezko salmenta asko handitu da azkeneko urteetan. Baina saltzeko nola aritu behar da?
Interneten saltzeko, zerbitzuak edo produktuak ona izan behar du, eta saltzeko abilezia naturalak ere hala behar du. Ez dut ezagutzen modu fisiko batean saltzen txarra den inor Interneten saltzen ona denik. Kudeatzeko ere abilezia behar da. Horrez gain, zer hartzailerengana iritsi behar duzun jakitea garrantzitsua da. Gure kasuan, badakigu jende sibarita dugula helburu. Garatutako xehetasunak haiek harrapatzeko dira. Estrategia komertziala barnetik egin behar da.
Euskal Herrian ondo ari al gara Internet bidezko marketin eta komunikazioan?
Ez dut uste. Jende gehienak tontakerietarako erabiltzen du Internet. Baina kontuan izan behar da Internetek azkeneko hamabost urteetan sekulako aldaketak ekarri dituela munduan. Euskal Herrian berandu gabiltza, ez dakigu saltzen, eta ez dugu asmatu bezeroarekin beste harreman batzuk sortzen. Gauza asko egiteko dauzkagu oraindik. Deskontu da salba daitekeen adibide bakanetakoa. Deskontu bezalako proiektu asko izango bagenitu, inspirazio gehiago edukiko genuke inguruan. Euskarazko produktuei dagokienez ere, freskotasuna erakutsi behar da, eta negozioak lehiakorra izan behar du.
2014. urtean .eus domeinua martxan izango da. Zer abantaila ekarriko ditu?
Internetek orain arte ahalbidetu du globalizazioa, baita lurralde bateko pertsonen arteko konexio fisikoa sarera eramatea ere. Hau da, komunitate kontzeptua garatzea. Iruditzen zait .eus domeinuarekin lor daitezkeela komunitate talde identifikazioa eta ezaugarri bereziak garatzea. Interneteko negozioetan gaudenok adi egon beharko dugu zer ezaugarri azaleratzen diren domeinuarekin. Guretzat ezagutza iturri bat izango da.
Xabier de la Maza. Pantori enpresaren sortzailea
«Komunikazio tonuak natural eta freskoa behar du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu