Ianire Estebanez. Psikologoa

«Komunikazioa bikotean jada ez da norberak kontatu nahi duena»

Interneteko sare sozialek gazteen arteko harremanak aldatu dituztela uste du, eta beti konektatuta egoteak kontrola errazten duela.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Andreen eta gizonen arteko haustura digitala arindu egiten da gazteen artean; areago, neskak nagusi dira Interneteko sare sozialetan. Baina tresnok ez dira behar bezala erabiltzen, harremanak ez direlako berdintasunean oinarritzen eta bortizkeria sor daitekeelako, Ianire Estebanez psikologo eta genero indarkerian adituak (Santurtzi, Bizkaia, 1979) ohartarazi duenez. Asteon Clara Campoamor elkarteak antolatutako jardunaldietan hartu du parte.

Nola aldatu dituzte teknologia berriek eta sare sozialek gazteen arteko harremanak?

Pertsonen prestasuna aldatu dute. Lehen, harreman afektibo batean, une batzuetan ez zegoen jakiterik beste pertsona zertan ari zen; egun, sare sozialen ondorioz, uneoro duzu bestearen berri: non dagoen, norekin... Komunikazioa jada ez da norberak kontatu nahi duena; bestea enteratzen da, sare sozialetan oso agerian gaudelako. Nik uste dut intimitate espazioak gordetzea osasungarria dela, baina kontrakora goaz, beti besteentzat prest egotera; hala, zailagoa da ezetz esatea.

Hain agerian egotea desberdina da mutilentzat eta neskentzat?

Mutil batentzat ere badago kontrolatua izateko arriskua, baina aldea da haiek oso barneratuta daukatela euren mugak garrantzitsuak direla, eta azkarrago konturatzen dira neska bat jeloskorra denean, edo kontrolatuta sentitzen direnean errazago jartzen dute distantzia. Neskentzat mugak ipintzea zailagoa da, ez dutelako sentitzen espazio propio horren beharra; sarri, harreman afektibo bat edukitzeak denerako egotea esan nahi du haientzat.

Eta bikotetik kanpo?

Beste arrisku bat dute: sexu jazarpena; mutil-lagunen kontrola ez ezik, ezezagunena ere jasan dezakete. Interneten ez da gauza bera neska edo mutila izatea: emakumeak sexu objektutzat dituen abagune horretan agerian egoteak dakar edozeinek zure argazkiak ikusi, harremanetan jarri, iraindu edota jazarri ahal izatea.

Sare sozialak ere desberdin erabiltzen dituzte, ezta?

Neskek sentimenduak agerian uzteko joera handiagoa dute, berez adiskide hurbil bati kontatuko lioketena sareko lagun guztiei jakinarazten diete, eta horrek oso zaurgarri bihurtzen ditu. Uste dut ez direla ohartzen zein neurrian jartzen diren agerian, erasotzen dieten arte.

Zergatik errazten dute sare sozialek kontrola bikotearen barruan?

Doan direlako, eskuragarri daudelako, Internet leku guztietan dagoelako, gazteak uneoro daudelako sare sozialetan sartuta... Eta dena kontatzen dute; sare sozialik gabe ez lukete bata besteari buruzko hainbeste informaziorik edukiko. Beti on line egoteak kontrola errazten du, besteak beste, tresna batzuek ez dutelako ez erantzuteko ia aukerarik ematen, eta ez erantzutea arbuiotzat hartzen delako.

Bikotea hausten denean ere min egiteko tresna bihurtu dira...

Sare sozial askotan egoera sentimentalaren berri eman daiteke; gazte batzuek elementu hori erabiltzen dute bikotekideari esateko harremana haustea hausnartzen ari direla; ez zaio zuzenean bikotekideari jakinarazten, baina bai denen aurrean. Etetean, berdin gertatzen da irainekin edo argazkiak argitaratzearekin: teknologiak mina areagotzen du, lagun eta ezagun guztien aurrean egitean, umiliazio bihurtzen da.

Interneten egoteko, nola jabetu behar dute emakume gazteek?

Gure hitza indartu behar dugu. Argi dago irudiaren esparruan bagaudela: gizonez zein andreez hitz egitean agertzen gara, objektu gisa. Baina ez hitza duen subjektu gisa. Genero rolen ondorioz, ez gara ausartzen iritzia ematera, eta bai gure irudia eta emozioak agerian uztera. Baina gu ere Interneten erabiltzaile garen neurrian, gure edukiek eta ahotsek hor egon behar dute, gizonenen ondoan; ez bagaude, isil gaitzaten utziko dugu. Jabekuntzaz ari naizenean, iritzia emateaz eta bestelako edukiak sortzeaz ari naiz.

Baina gazteek ez al dute neurria galdu, adibidez, sare sozialekin?

Gehiegi erabiltzen dituzte, txarto, euren intimitatearekin lotutako gauzetarako. Hezkuntzako gabeziak agerian geratu dira sare sozialetan: helduen bitartekaritzarik ez dagoenez, gazteek nahi bezala hazi eta garatu dira, batak besteak egiten duenari jarraiki, inork ez dielako irakatsi zer parteka daitekeen hor. Komunikabide gisa duten ahalmena baliatu behar da. Eta neurrian: erabaki behar dugu beti on line egon nahi dugun ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.