Euskaltzaleen topaleku izango da bihar Senpere. Ipar Euskal Herriko ikastolentzako oinarrizko sostengua biltzen da Herri Urrats egunean, eta antolatzaileek bertaratzeko deia egin dute, euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko lanean laguntzeko —betiere jai giro ezin hobean—, Seaskaren sareak bakarrik ematen baitu aukera Ipar Euskal Herrian osoki euskaraz ikasteko.
Elgarrekin leloa du aurtengo Herri Urratsek. Koldo Rodriguez Herri Urratseko komunikazio arduradunak eman ditu azalpenak: «Zergatik? Herri Urrats auzolan handi bat delako, eta urteetan hemen eraiki den guztia jendearekin eraiki delako». Horregatik, auzolana, ikastola eta komunitate euskaltzale osoa omendu nahi dituzte aurtengo Herri Urratsen.
Ez dute ahazteko gaur egungo gizartea zeharkatzen duen indibidualismoa, eta gaineratu du hari kontra egiteko mezu bat ere badela. «Beti kontrako norabidean gabiltza euskalgintzan, uraren kontra igerian, eta oraingo honetan ere bide hori hartu dugu. Kontrakorronte hori hartu dugu».
Leloarekin bat datorren ikur bat ere sortu dute: erle beltza. Hain zuzen, erleak bide erakusletzat jo dituzte: «Zein dira elkarrekin lana egiten dutenak eta elkarrekin lana egiten ez badute emaitzarik ez dutenak? Erleak». Baina ez edozein erle. Rodriguezek esan du 20.000 espezie erle badirela, baina Euskal Herrikoa bakarra dela: erle beltza.
4.300Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioa da. 4.300 ikasle eskolatzen ditu 39 ikastetxetan banatuta. Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua osoki eskaintzen duen sare bakarra da.
Kattalin Elizalde kolegioa eta Arberoako Ikastola diruztatzeko
Elkarrekin lana egiteaz gainera, ekosistemarako ezinbestekoak dira erleak, eta Seaskak betetzen duen funtzioarekin lotu du hori: «Euskararen ekosisteman, Seaska behar-beharrezkoa da Euskal Herriko parte honetan euskalduntzearekin segitzeko, haur eta gazteak euskalduntzeko eta geroko Euskal Herri euskalduna eraikitzeko».
«Euskararen ekosisteman, Seaska behar-beharrezkoa da Euskal Herriko parte honetan euskalduntzearekin segitzeko, haur eta gazteak euskalduntzeko eta geroko Euskal Herri euskalduna eraikitzeko»
KOLDO RODRIGUEZHerri Urratseko komunikazio arduraduna
Era berean, Herri Urratseko ikurra lotuta dago Izan zaitez erlezain kanpainarekin. «Kanpaina hori abiarazi genuen ikusi genuelako erleak bagaudela, erlauntzak baditugula, ikastolak, eta erlauntz gehiago eraiki nahi ditugu, baina erletxoak zaintzeko eta erlauntz gehiago eraikitzeko erlezainak behar ditugu, zeren, azken finean, Euskal Herriko sostengurik gabe Seaskak ezingo luke errealitate sendoa izan ezta lanean segitu ere». Horregatik sortu dute erlezainen kanpaina. Kanpainara atxikitzen denak 10 euro baino ez ditu pagatu beharko, eta txapa bat jasoko du trukean.
Herri Urrats bakoitzak helburu jakin bat izaten du, proiektu jakin baterako biltzen da dirua aldi bakoitzean. Aurten, Senpereko (Lapurdi) Kattalin Elizalde kolegioaren lanak ordaintzeko erabiliko da. Izan ere, aurreikusia zuten beste gune bat eraiki beharko zela ikasle uholdeari aurre egiteko, baina uste baino lehenago egin behar izan dituzte lanak, ikasleen kopuruagatik. Diruaren beste parte bat Arberoako Ikastolarentzat izango da. Donamartiriko (Nafarroa Beherea) ikastolak su hartu zuen iazko urrian. Berreraiki egin behar izan dute, eta aseguruak ez du dena bere gain hartu. Beraz, ikastola horretarako ere izango da Herri Urratsen biltzen den dirua.
Kanta ere, leloari lotua
Auzolanari heldu diote, halaber, kanta egiteko orduan. Dupla taldeari proposatu zioten kanta egitea, «Duplaren Ipar Euskal Herriko lehen kontzertua Herri Urratsen izan zen, eta, ordutik, kontzertu gehienak Ipar Euskal Herrian eman dituzte», gogoratu du Rodriguezek. Duplari, baina, baldintza bat jarri zioten: auzolanean egitea. Hala jarri ziren harremanetan Pisoorekin eta Pantxoa eta Peiorekin. «Kantaren bidez, belaunaldi gazteei erakutsi ahal izan zaie zaharrek egindako lana, eta zaharrei erakutsi ahal izan zaie musikak Euskal Herrian eboluzio bat izan duela, eta hor dago Pantxoa eta Peio Pisoo eta Duplarekin kantatzen ikustearen grazia».
Pozarren daude kantak izan duen oihartzunarekin. Ertz asko ukitzen dituzte hitzek: «Maitasunarekin zenbat eraiki den ere jasotzen du kantak. Melenga eman lezake horrela esateak, baina, maitasun hori izan ez balitz, ezinezkoa izango zen eraiki den guztia eraikitzea», gaineratu nahi izan du Rodriguezek.
Esaldi hau ere azpimarratu du Rodriguezek: «Zenbat gau pasatu ditugun zeruari begira. Bada, deia egiten diogu euskal jendarteari zeruari begira egon beharrean Senperen egoteko. Ez da jai hutsa, mobilizazio egun nazional bat da, eta euskaraz bizi nahi dugulako aldarri hori euskararen kontrako oldarraldi horri guztiari erantzuteko modu bat ere bada, nahiz eta festa moduan izan. Ikus dezaten milaka garela».