Beatriz Zabalondo

«Komunitatea etxe honetako habeetako bat da»

Egunkariak euskaraz bizitzeko testuinguru oso bat eskaintzen duela nabarmendu du Zabalondok. Estilo liburuaren garrantzia azpimarratu du.

Beatriz Zabalondo, BERRIAko erredakzioan. JON URBE, FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko ekainaren 15a
16:24
Entzun

BERRIA Taldeko lehendakaria da Beatriz Zabalondo (Elgeta, Gipuzkoa, 1961). 2013an hartu zuen kargua, egunkariak hamar urte bete zituenean; hogeigarren urteurrena ospatuko du aurten: «Nabarmentzekoa da jende askori esker iritsi garela honaino; denei eskerrak eman behar zaizkie».

Hogei urte bete ditu aurten BERRIAk. Hogei urte igaro dira Euskaldunon Egunkaria itxi zenetik. Nolakoa izan da ordutik honako bidea?

Gorabeheratsua izan da. Ilusio handi batetik sortutako egunkari berri bat izan zen, baina trauma handi batetik gentozen, eta ilusio hori testuinguru horretan ulertu behar da. Gero, BERRIAk urte zailak eduki ditu. Enpresa ikuspuntutik, azkeneko urteak hobeak direla esango nuke. Kazetaritza ikuspuntutik, berriz, hogei urte hauetan asko ikasi eta hobetu da.

Egindako bide horretatik zer nabarmenduko zenuke?

BERRIAren kapitalik handienetako bat jendea da, eta beti izan da. Talentua da proiektu honen gauzarik inportanteenetako bat. Diru gutxi daukagu, baina, talentuari esker, gauza ederrak egin dira.

Zergatik uste duzu dela garrantzitsua BERRIAren pareko egunkari bat izatea?

Erronka inportante bat da hizkuntza minorizatu guztietarako. Munduan egon nahi dugu, eta besteen pare. Zer ez daukagu? Ez dauzkagu hainbeste hiztun, ez dauzkagu hainbeste baliabide; baina bestela berdinak gara. Guk gurea garatu nahi dugu, eta munduari hori erakutsi. Gure hizkuntza bakarra da, eta egunkaria behar du hizkuntza honek ere. Hau da gure hizkuntza, eta hau da gure kultura. Hori bezain sinplea eta hori bezain konplikatua da.

Zer ematen dio BERRIAk euskal gizarteari?

Euskara eta euskal kultura. Uste dut hori dela parterik inportanteena. Euskarazko egunkari nazional bakarra da, baina ez hori bakarrik: euskaraz da, eta euskal kultura da. Eta zer gehiago? Mundua euskaratik ikusteko modu propio bat ematen dio. Edo munduan gertatzen diren jazoeren interpretazio bat, eta gertaera horiek analizatzeko giltzak. Egoteko modu bat ere bada. Euskaraz bizitzeko modu bat ere bai. Testuinguru oso bat eskaintzen du euskaraz bizitzeko.

Zein dira proiektuaren ildo nagusiak?

Produktu edo proiektu gisa ulertuta, euskara eta informazioa. Eta gero, enpresa gisa bideragarria izatea ere bada ildo inportante bat.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua egin nahi da. Horretan jartzen dira indarrak?

Bai, baina erronka zailak dira. Kazetaritza libre egitea oso zaila da. Gure testuingurura etorrita, esan nahi du askatasuna izan nahi dugula edukiak gure erara, gure ikuspuntutik eta gure baliabideekin eskaintzeko. Irekia izatea, berriz, zer da? Nire ustez, gizartearen mugimenduetara egokitzea, eta ez izatea mugatua. Eta konprometitua... Kazetaritza baldin bada, konprometitua izan behar du. Alde horretatik, badago konpromiso bat egiaren, hizkuntzaren eta gizartearen aurrean.

Eguneroko kazetaritza jardunean ikuspegi feminista eta genero ikuspegia sustatzen ere saiatzen da BERRIA, eta, horri esker, Emakunderen berdintasun saria jaso zuen iaz. Zer urrats egin dira alor horretan?

Gizarteak eskatzen duen gauza bat da ikuspegi feminista eskaintzearena. Gizartean txertatuta dagoen mugimendu bati erantzutea izango litzateke. Dena den, gogoratu behar dugu BERRIA sortu zenean eta estilo liburua egin zuenean, deontologia atalean agertzen zela dagoeneko. Hori dena elaboratuta zegoen duela hogei urte. Areago, Euskaldunon Egunkaria-rekin hasi ginenean ere bazegoen. Nolabait, Egunkaria-rekin eta BERRIArekin datorren ernamuin bat da. Eta horri kasu egin behar zaio.

Saria aitortza bat izan zen?

Sari guztiak dira ongi etorriak, eta hau ere bai. Uste dut aitortza bat dela, baina baita merezimendua ere. Urteetan egindako lanari esker lortutako merezimendu bat da.

Feminismoa indarra hartuz joan da azken urteetan. BERRIAn ere aldaketa nabari da egiteko moduetan? Eta edukietan?

Nabari da edukietan, lehen baino gehiago jorratzen delako. Beti dago gehiago egitea, baita diskurtsoetan ere. Gauza bat da feminismoarekin lotutako gai bat berri bihurtu eta hori ematea, eta beste gauza bat da zeharkakotasunez albiste guztietan txertatzen diren diskurtsoak ikuspegi feministatik lantzea. Uste dut hor ere lan asko egin dela. Eta gero, beste parte bat dago: enpresa barrukoa. Berdintasunean sinisten badugu, hortik hasi behar dugu. Aurrerapausoak egin dira, baina ez dugu guardia jaitsi behar. Hori hor dago, eta zaindu egin behar da.

BERRIAn hasieratik nabarmendu izan da komunitatearen indarra. Zer garrantzi dute BERRIAlagunek?

BERRIAlagunak zutabeetako bat dira proiektu honetan. Euskalgintzako babesa oso inportantea izan da, gizartearen babesa ere hor dago, eta hor behar ditugu babesle horiek. Irakurle moduan, laguntzaile moduan, edo dena dela. Proiektu hau sostengatzen duten habeetako bat da komunitate hori.

Eta zer egin dezake BERRIA Taldeak komunitatea handitu eta zabaltzeko?

Komunitatera heltzeko dugun erreminta nagusia eguneroko kazeta da. Eta informazioa eta euskara dauzkagu eskaintzeko. Informazio zuzen eta orekatu bat euskaraz eskaintzen jarraitu behar dugu. Hori da gure eginkizuna. Eta hori da komunitateari esateko: eskerrik asko, hemen gaude, baina jarraitzen dugu lehenengo egunean bezala lan hau zintzo egiten. Gero, proiektua bera hobetzeko ahaleginean dihardugu, baita komunitatearekin harremanak estutzen ere. Harreman estutze horiek ere badira komunitatea sendotzeko urratsak.

BERRIAk hasieratik eduki du erronkatzat bideragarritasuna. Zein da gaur egungo egoera ekonomikoa?

Gorabehera handiekin bizi izan da BERRIA. Ondo hasi zen, gizartearen babes hori jaso genuelako, baina egon ziren zailtasunak hasiera horretan ere. Eta geroago, konplikazioak egon dira. Hala ere, esango nuke azken urteetan txukun samar gaudela. Lan asko egiten da, eta oraindik ere ez dugu jendeak merezi duen guztia emateko adina. Egia da ez gaudela zorretan, baina enpresa ikuspuntutik hobetzea nahiko genuke.

Eusko Jaurlaritzak eta BERRIAk akordioa sinatu zuten 2019an. Zer garrantzi izan zuen?

Inflexio puntu bat izan zen, oso positiboa, eta, harrezkero, egoera asko hobetu da.

Hala ere, ezinbestekoa da komunitatearen babesa, ezta?

Dudarik gabe. Komunitatea etxe honetako habeetako bat da. Hori gabe, ez genuke ez babesik, ez laguntza ekonomikorik, ez irakurlerik, ez sostengu sinbolikorik... ezer ez.

BERRIAk urte hauetan egin dituenen artean, zer proiektu nabarmenduko zenituzke?

Beti esan dut: etxe hau diruz pobrea izan da, baina talentuz oso aberatsa. Euskaldunon Egunkaria-rekin hainbat proiektu sortu ziren, eta BERRIAk ere asko izan ditu. Orain, beharbada, BERRIA Ikasgela eta podcastak datozkigu burura, baina izan ditugu beste hainbeste proiektu ere. Esaterako, Mantangorri; eta Kulturako eta Mendiko gehigarriak. Oso proiektu interesgarriak dira, eta funtzionatzen duten heinean aurrera egin behar da. BERRIA telebista ere hor dago. Eta estilo liburua: hasiera-hasieratik dagoen proiektu bat da, oinarrizkoa, ardatza. BERRIAren bizkarrezurra da.

Urteurrenarekin batera, hainbat berrikuntza egingo dira. Zein norabidetan? Zer urrats egingo dira?

Berrikuntzarik inportanteena da lanerako sistema berria ezarriko dela. Erredakzio guztia bateratua izango da, eta sistema berean lan egingo dute kazetari guztiek. Horrekin, lan fluxua askoz integratuagoa eta errazagoa izango da. Nabarmentzekoa da paperak eta webguneak beste itxura bat hartuko dutela; diseinua berrituko da.

Zeintzuk dira BERRIA Taldearen etorkizuneko erronka nagusiak?

Bideragarritasun eta egonkortasun ekonomikoa bermatzea. Horiek oso inportanteak dira. Eta egonkortze eta bideragarritasun horretan, nire lehenengo fokua langileak dira. Dudarik gabe. Gero, euskara hizkuntza minorizatua den aldetik, euskaraz bizitzeko eta lan egiteko gogoari eutsi behar diogu, ez bakarrik BERRIA bezala, baizik komunitate eta herri bezala. Uste dut hor erronka handiak ditugula. Gazteengana hurbiltzea ere izango da erronketako bat.

Aldaketak izan dira hedabideak kontsumitzeko ohituretan. Nola ikusten duzu, oro har, komunikabideen egoera?

Inflexio puntu batean gaude. Alde batetik, teknologiek ekarritako aldaketak daude, eta horiek eragina izan dute audientzietan eta kontsumitzeko moduetan. Kazetaritzan eta informazioa lantzeko moduetan ere beste egoera batean gaude. Kalitatearen estandarretan jokabide arriskutsuak nabaritzen hasi gara. Informazio faltsuaren hedapena, esaterako. Eta horien gainean dugu inteligentzia artifizialaren kontua ere. Alarmak piztu dira. BERRIAn ez ditut arrisku horiek gain-gainean ikusten; oraingoz ez, behintzat. Baina ingurua oso zatar jartzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.