Astelehenero legez, atzo Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzordeak hurrengo asteetan legebiltzarrean jorratu beharreko mozio, galdera eta lege ekimen guztiak aztertu zituen. Mozioen artean,UPNk, PPk eta PSNk elkarrekin aurkeztutako bat nabarmentzen zen. Mozioak Espainiako Gobernuari eskatzen dio bide berriak ireki ditzala «ETAren amaiera modu eraginkor eta irmoan ahalbidetzeko».Atzokoa lehen tramitea baino ez zen izan, eta oraindik legebiltzarkideek osoko bilkuran mozioari buruz eztabaidatu beharko badute ere, hasieratik argi dago UPNren, PPren eta PSNren gehiengoarekin aurrera aterako dela. NaBaik eta Bilduk, aldiz, salatu dute otsailaren 21ean Espainiako Kongresuan hitzartutako testuaren «kopia bat» baino ez dela.
Parlamentuan ere kontrako jarrera azaldu dute NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak, eta mozio horri zuzenketak egiteko asmoa dutela azaldu dute. Nafarroa Baiko eledun Patxi Zabaletaren irudiko, Parlamentuko testuak Espainiako Kongresuan eztabaidatutako agiria «hitzez hitz» kopiatzen du, baina, gainera, bereizgarri bat duela iruditzen zaio. «Nafarroako Gobernua edozein ekimenetatik kanpo geratzen da». Adierazgarritzat jo du mozioak ezer ez esatea elkarrizketari buruz. Horregatik, haren ustez, elkarrizketaren aldeko beste ekinbide batzuen aurkako «erantzun ezkorra» baino ez da mozioa.
Bakartxo Ruiz Bilduko bozeramailearen arabera, zuzenean Madrildik «inportatutako testua» besterik ez da mozioa, eta ez du inongo ñabardurarik gaineratzen «Nafarroako errealitatera egokitzeko». Haren ustez, mozio horren edukia «baztertzailea» da, eta Nafarroako gizarteak jada gainditua duen planteamendu bati eta «zaharkitutako hizkuntza bati» erantzuten dio. Nafarroako Gobernuari jarrera aktiboagoa izateko eskatu dioBakartxo Ruizek, eta eskaera berezia egin dio Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari: «Nafarroak berezko ahotsa aldarrikatu zuen Madrilen, baina hori eskatzen jarrita, egin dezala hemen guztiokin hitz eginda eta ikuspuntu eraikitzaile batekin. Oraindik ez du halakorik egin»
Jose Miguel Nuin, Ezkerra koalizioko eledunaren ustez, Nafarroako Parlamentuak ez luke jada Kongresuan aurkeztutako testuen oihartzuna errepikatu bakarrik egin behar. Era berean, Nuinek azaldu du mesedegarria litzatekeela Espainiako Estatuak ere urratsak egitea prozesua «azkartu» dadin.
Raxoiren jarrera
Carlos Garcia Adanero UPNko eledunaren arabera, «Nafarroako Gobernuari entzuteko konpromisoa agertu du» Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak. Aurreko prozesuarekin alderatuta, jarrera hori «berria» dela iritzi dio. Garcia Adaneroren arabera, Loiolako Mahaiko agiriek agerian utzi zuten aurreko prozesuan Nafarroari buruz eztabaidatu zela negoziazio mahaian, nahiz eta Nafarroako ordezkaririk bertan izan ez.
PSNko Juan Jose Lizarberen arabera, berriz, Nafarroako Parlamentua ezin da prozesutik kanpo geratu. «Nafarroak terrorismoaren gaitza jasan du, eta Parlamentuak gai horri buruz hitz egin beharra du». Lizarbek espero du eztabaida horretatik «hitzarmen garrantzitsu» bat lortzea, «inolako mugarik gabe».
PPko Ana Beltranen ustez, berriz, mozioaren bidez agerian geratu da «zuzenbide estatuari esker» lortu dela ETAk bere jardun armatua behin betiko uztea.
Kongresuko ebazpenaren «kopia» bat hitzartu dute UPN, PSN eta PPk
«ETAren amaiera ahalbidetzeko bide berriak irekitzeko» eskatu diote Espainiako Gobernuari, mozio baten bitartezNaBaik eta Bilduk salatu dute Nafarroako Gobernuari ez zaiola erantzukizunik eskatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu