Bilboko konpartsak. Jai ereduaren etorkizuna

Konpartsak, amatatzen?

Krisia Bilboko Aste Nagusira heldu dela nabarmena izan da aurten: %25 diru gutxiago bildu dute konpartsek. Etorkizunaz galdetu die BERRIAk Mamiki, Komantxe, Pa...Ya eta Abanteri.

Bilboko Aste Nagusiaren jai eredua aldarrikatu zuten konpartsek, 2010eko eta 2011ko festetako planto egunetan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusiaren berezitasuna dira, kanpotarrak erakartzen eta liluratzen dituztenak, bertakoei festak zirraraz bizitzea ahalbidetzen dietenak. Kolorez, algaraz, bizitzaz, parte hartzez, nortasunez eta aldarrikapenez janzten dituzte festak Bilboko Konpartsek. 34 urteren ondoren, jai herrikoien eredu bilakatu dira. Baina eredu horri eustea gero eta zailagoa da talde batzuentzat: euren lana gero eta ezkutuago dago, diru gutxiago biltzen dute, eta arazoak dituzte kide berriak topatzeko. Amatatzen ari ote da konpartsen argia?

Aste Nagusia amaitu orduko, balantzea egin zuten, eta ondorio nagusian ia bat datoz konpartsa guztiak: jaietara ere iritsi da krisia. Aurreko urteetan ere antzeman zuten, baina aurten nabarmena izan da: diru bilketan beherakada esanguratsua izan dute, %25 ingurukoa. Baina jende gutxiago ibili al da? «Nahiko gorabeheratsua» izan dela azaldu du Abante konpartsako kide Agurtzane Sotchek: «Azken egunetan nahiko ondo funtzionatu zuen, baina lehenengoetan zalantza geneukan, zuloak estaltzeko beste lortuko al genuen».

Iritzia orokorra da: festen lehen erdian pattal ibili da giroa, ohi baino jende gutxiagorekin; txosna batzuk goizago itxi ere egin dira. Datu adierazgarria eman du Sotchek: «Igandetik astelehenerako gauean 350 euro baino ez ziren lortu sei orduan». Astearen bigarren erdian hobera egin du, «konponduz joan da», baina ez diru bilketa orekatzeko adina: kutxa gutxiago egin dute, azken bi urteetan baino jaiegun bat gehiago eduki arren —azteazkenetan plantoa egin zuten konpartsek 2010ean eta 2011n—.

Funtsean, kontsumoak egin du behera. «Jendea badago, baina lehen bost trago hartzen zituztenean orain bi», esan du Nakor Santamaria Pa...Ya konpartsako kideak. «Asko afalduta etorri dira etxetik», erantsi du Mamikiko Marije Etxebarriak. Denek antzeman dute kaleko edanak gora egin duela, hau da, prestatuta ekarri dituztela edariak. «Duela urte batzuk hasi zen fenomenoa, baina gutxi ziren, eta gune jakin batzuetan zeuden kokatuta. Urteekin gora egin du», ekarri du gogora Sotchek. Ildo horretan, 24 orduko dendekin lehia handia izan dutela onartu du Etxebarriak: «Litroak prestatuta saldu dituzte, eta ogitartekoak oso merke, bi euroan. Kalitateari begiratu gabe».

Edateko ereduaren aldaketari erantzuten dio joera horrek, Abanteko kidearen ustez: «Gazte ugarik ez dute garagardo edo kalimotxorik edaten, konbinatuak baizik, eta garestiagoak dira; asko edan eta gutxi gastatzeko modurik errazena litroak dira». Santamariak, aldiz, ez du uste arazo larririk dagoenik. Egoera desatseginen baten lekuko izan arren —«txosnako barra gainean utzi izan dituzte litroak»—, ulerbera mintzo da: «Guztiok izan gara gazteak, eta badakigu zer den dirurik ez edukitzea. Baina gero eta jende gehiago egon txosna gunean, orduan eta indartsuago ibiliko gara konpartsak». Alde ona ikusten dionik ere bada, Komantxeko Eduardo Gonzalez kasu: «Gizarteratzeko modu bat da, sarri. Eta litroak egiten dituztenak gero txosnara datoz».

Baina hainbesteko kaltea egitean al diete litroek txosnei? Baiezko biribila eman du Sotchek. Euskalgunean ikusitakoa jarri du adibide: ia eguneroko, bizpahiru kontzertuk ikus-entzule asko izan dituzte, «baina litroekin», hau da, musika emanaldiak ordaindu dituzten txosnetan kontsumitu gabe. Konpartsetako kideek musu truk egiten duten lana ez estimatzea dakarrela ondorioztatu du: «Jendeak ez daki hor zer dagoen, ez dute konpartsen mundua ezagutzen. Edonori galdetuta, jai eredu hau nahi du, baina arriskuan jartzen ari gara».

«Egungo gazteek ez dute ikusi nondik sortu ziren konpartsak; ez dira atzeko lanaz jabetzen», gaineratu du Santamariak. «Txindurri lana» dela zehaztu du Etxebarriak. Hori guztia aintzat hartu zein ez, Bilboko Aste Nagusia «erreferente» bihurtu dela berretsi du Gonzalezek: «Urte asko daramatzagu eredu hau defendatzen; gizartearen babesa duelako ari da eusten».

Hain justu, konpartsa bat martxan jartzea eta mugitzea «lan handia» dela frogatu berri du. Konpartsa gazteena baita Komantxe: 2008an abiatu zituen konpartsen federazioan sartzeko izapideak. Talde berriek urtebetez hartu behar dute parte konpartsa guztiek elkarlanean antolatutako jardueretan, txosna jartzeko eskubidea izateko. Baina Bilboko Udala gurutzatu zitzaien: presoen argazkiak erakusteagatik, 2010ean txosna jartzea debekatu zien Kaskagorri eta Txori Barroteri, eta, haien «estalkia» zelakoan, baita Komantxeri ere.

Hartara, iazko festetan jarri zuten txosna lehen aldiz. Gonzalezek ez du argi esperotakoa baino errazagoa edo zailagoa izan zen, baina kostatu egiten dela ziurtatu du: «Lan konprometitu handia da, ordu asko... Merkatuko beste edozein espaziotan dirutza litzateke, eta hemen jendearen borondate onarekin eta militantziarekin estaltzen da».

Urte osoko lana

Eta ez da aste bakarrera mugatutako lana. Urte osoan zehar prestatzen dituzte jaiak; baina, gainera, Inauteriak ere elkarlanean antolatzen dituzte, baita santomasetan parte hartu ere. Halaber, konpartsa bakoitzak mugimendu sozial bat edo auzo bat ordezkatzen du, eta esparru horiek ere dinamizatzen dituzte. Jaietan lortutako dirua erabiliz, bestalde. Abantek laguntzak eman izan dizkio Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA kazetei, eta euskara sustatzeko jarduerak antolatu izan ditu. «Baina azken urteetan oso diru gutxi geratu da. Urtean zehar gauzak egiteko oso txarto ibiliko gara», azaldu du Sotchek.

Pa...Ya, berriz, Otxarkoagako konpartsa da, auzoko festen antolakuntzan parte hartzen du, eta jai batzordeari dirua ematen dio; Abril mendian baserrietako erromeria egiten dute abuztuko lehen zapatuan, eta kartoizko banda bat ere sortzekotan dira. Aurten, gainera, Berbalaguna jarriko dute martxan, udalak bertan behera utzitako euskara ikastaroak ordezkatzeko.

Izan ere, diru gutxiagorekin gehiago egin daitekeela sinetsita dago Nakor Santamaria. Horretara behartuta daude, behintzat, konpartsak. «Diru sarrerak murriztea logikoa da; ezin dugu beti igotzen ibili». Pa...Yan jaietako jarduerei buruzko hausnarketa egiten dute urtero, zer gehitu, zer kendu eta zer aldatu aztertzeko. «Guztia berrasmatu behar dugu, aktiboak izan».

Antzeko ikuspegia dute Mamikin. Marije Etxebarriarentzat ez da dramatikoa diru bilketa jaitsi izana: «Herri buruargi baten jarrera da. Ez litzateke normala izango aurreko urteetan beste kontsumitzea». Erantsi du konpartsak ez daudela jaietan diruagatik, baina ondoren azaleratu da isatsari hozka egiten dion arraina: irabazi asmorik gabeko taldeak izan arren, dirurik gabe ezin dute jaietan parte hartu.

Behar horrek erabaki eta aldaketa asko eragin ditu Mamikin bertan; hamar urtez ez zuten alkoholik eskaini emakumeen txosnan, 1989ra arte. «Arroz esnea eta zukuak saltzen hasi ginen. Alkoholaren inguruan oso eztabaida gogorrak izaten genituen urtero, ea gure funtzioa herriari alkohola eskaintzea al zen. Azkenean amore eman genuen, sekulako lana egiten genuelako, baina gutxi saldu». Berriki berpiztu da antzeko auzi bat: garagardoa eta kalimotxoa ematera mugatu ziren joan den urtera arte, baina alkohol gogorra ere ez dute erabat txertatu nahi izan: rona, vodka eta ginebra baino ez dute saltzen. «Eta mojitoa, guri asko gustatzen zaigulako».

Izan ere, oinarrizko gastu asko dauzkate konpartsek: soilik Aste Nagusian jartzen duten txosnaren azpiegiturak 10.000 euro inguru eskatzen die; horri gehitu behar zaizkio federazioaren kuota, hornitzaileei ordaindu beharrekoa, lokalaren alokairua... Ezkor ibiltzeko arrazoiak dituzte Abantekoek: «Gastuak murriztu beharko ditugu, ezinbestean. Baina, zuloa eginez gero, argi geratuko litzateke honek ez duela ematen».

Gero eta gazte gutxiago

Aurrekontua ez da, ordea, BERRIAren aldeko konpartsaren buruhauste bakarra. Agurtzane Sotchek aitortu du musikari buruz eztabaidatzen ari direla Euskalgunean. Euskarazko kantuak baino ez dituzte jartzen, «baina oso zaila da jaietan egun guztia girotzea musika euskalduna bakarrik erabiliz». Antzeman du jendea inguruko txosnetara joaten dela, «denetarik jartzen dutelako», eta uste du Euskalgunean eredua erretzen ari direla: «Ordu batzuetatik aurrera agian malguago joka daiteke».

Baina kezkarik handiena belaunaldi aldaketarekin daukate: «Jendeak konpartsa uzten du, eta berririk ez da sartzen. Guk uste dugu konpartsen eredua erakargarria dela, baina agian jendea ez dator bat; edo erosoak gara, indibidualistak, ez zaigu musu truk lan egitea gustatzen...». 100 eta 200 kide artean eduki ohi dituzte konpartsek, baina 60 ditu Abantek. Dena den, zenbakia ez da hain erabakigarria disgnostikoa egiteko; Mamikin 150 andre daude, baina arazo bera dute, Etxebarriaren arabera: «Gazte asko hurbiltzen zaigu txandak egitera, baina gero ez dute ardurarik hartzen, ezta mugimendu feministan militatzen ere».

Pentsa zitekeen auzoetan larriagoa dela arazoa, baina garai eztia bizi du Pa...Yak: 200 kidetik gora ditu, duela bost urte koordinaziorako egitura ia erabat berritu zuenetik. Belaunaldi horretakoa da Santamaria bera ere: «Azkenean, familia konpartsa batenantzekoak gara: gure gurasoak konpartsako kideak dira, eta gu ere sartu gara, gure kuadrillekin».

Joera horretatik kanpo, berriz, konpartsetan sartzea zaila dirudiela uste du Eduardo Gonzalezek: «Kanpotik bloke itxien itxura dugu, eta, lagunen edo senideren bat barruan eduki ezean, jendea ez da animatzen». Komantxeri dagokionez, hala ere, lasai dago. «Okupazio mugimenduan beti egon da erreleboa, gazteez elikatzen delako. Bilboko auzo guztiek dute gazte batzar bat».

Desagertzeko arriskurik?

Gazterik ez edukitzea eta diru bilketa jaistea uztartuta, agerian geratu da konpartsa batzuen iraupena arriskuan dagoela. Txosnen arteko fusioa aipatu du Sotchek. Urtebetez jaietan ez parte hartzea pentsatu izan dutela aitortu du Etxebarriak: «Inoiz planteatu dugu gure artean, nekatuta bukatzen dugulako, baina ez gara gai. Horrek ez du esan nahi ezin dugunik eskatu urtebeteko eszedentzia, hausnartzeko. Gerta daiteke, eta agian egin behar da».

Jai eredua bera ez dute arriskuan ikusten, hala ere. Gonzalezentzat naturala da gorabehera horiek gertatzea: «34 urte dauzka eredu honek; tarte horretan, konpartsa batzuk jaio dira, beste batzuek jarraitu dute, eta beste batzuk desagertu egin dira. Eredua ez da monolitikoa: etengabeko bilakaeran da, gizartea bezala».

Ildo horretan, krisia aukera bihurtzeko modua izango dela uste du Santamariak: «Dirurik edo belaunaldi gazterik ez dagoelako, gerta daiteke konpartsaren bat desagertzea, baina agian beste bat sortuko da. Baliabide gutxi dagoen garaietan mugimendu sozialek gora egiten dute, kolektibo pila bat sortzen dira... eta baliteke hortik konpartsa bat jaiotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.