Euskal Hirigune Elkargoaren konpentsazio araua urratzen duen bizitegi bat okupatu dute Miarritzen (Lapurdi). Alda mugimenduaren arabera, erregistro zenbaki faltsu batekin agertzen zen Booking eta Gites.fr plataformetan. Horietako baten bidez, hiru egunetarako alokatu dute Aldako kideek 450 euro ordainduta, eta han instalatu dira. Jabearen arau haustea dela eta, hiru urterako ahozko kontratua adostu dutela diote. «Jabeak ez du bizitegi hori epe laburreko turismorako etxebizitza gisa alokatzeko eskubiderik. Ondorioz, etxebizitza arloko legedi normala aplikatu behar da. 450 euro eman dizkiogu alokairurako, eta hark etxeko giltzak eman dizkigu. Guretzat, ahozko kontratu baten balioa du. Gure etxean gara, eta, epaile batek kontrako erran art,e hemen egoten ahal gara hiru urte», esplikatu du Xebas Christy Aldako bozeramaileak.
Xebas Christy @Alda_EH-ko kideak esplikatu du ekintzaren funtsa @berriapic.twitter.com/lF247iujOQ
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) June 19, 2023
Martxoaren 1ean sartu zen indarrean turismorako etxebizitzak mugatzea helburu duen konpentsazio araua. Horren arabera, bizitegi bat turismorako erabili nahi duen jabeak bestelako lokal bat bizitegi bilakatuz konpentsatu beharko du; bestela, ez du etxebizitzaren erabilera aldatzeko baimena eskuratuko. Gaur egun turismorako diren etxebizitzak urte osoko alokairura itzultzea lortu nahi dute neurri horren bidez. Aurreikuspenen arabera, 11.000 bizitegi libratu daitezke ondoko urteetan. Norbanakoen kasuan, epea bukatu arte atxiki ditzakete lehenagotik eskatuak zituzten erabilera aldaketak, baina, enpresen kasuan, konpentsazioa berehala aplikatu behar dute.
Hori da Miarritzeko kasua. Erantzukizun mugatuko sozietate bat da egoitzaren jabea. Eraikinean dauden hiru etxebizitzetatik bi turismora bideratuak zituzten orain arte, baina martxotik ez du horretarako eskubiderik. Alta, bizitegietako bat plataformen bidez epe laburrerako alokairuan proposatzen du oraindik ere, «erregistro zenbaki faltsu batekin», Aldaren hitzetan. Konpentsazio araua urratzeagatik 50.000 euroko isuna arriskatzen du jabeak; bizitegia urte osorako alokairura itzultzen ez badu, egun bakoitzeko mila euroko isuna gehituko litzaioke.
«Badakigu gaur egun ehunka enpresa ari direla araua urratzen tentsio eremuan diren herrietan. Hau ez da kasu bakartu bat», azaldu du Christyk. Miarritzeko Herriko Etxea deituko dutela adierazi du, egoeraren berri emateko eta eskatzeko plataformekin lan bat egin dezala erregistro zenbaki faltsuei begira. Horrez gain, bizitegiaren iragarkia zekarten plataformei ere idatzi diete, hura ezabatzeaz gain, ondoko hilabeteetako alokatua zuten erabiltzaileei jakinarazi diezaieten ez dagoela turismo bizitegi gisa erabilgarri. Arratsalde hasierarako, Gites.fr plataformak bere webgunetik kendua zuen bizitegia.
Salaketa jabearen kontra
Prentsari ekintzaren berri eman ondotik, etxebizitzaren jabea deitu dute egoeraren berri emateko, baina elkarrizketa luzatzen utzi gabe deia moztu du. Hortik gutxira, Aldakoak dauden egoitzara agertu da, oldarkor, negarra eragiteko gas bonba bat eskuetan zuela. Bere bidea oztopatzen saiatu den Aldako kide bati eraso egin dio, eta eskuan zauritu du. Ondoren, etxebizitzara indarrez sartzen saiatu da, baina ez du lortu. Lehen estaian itxi da, bera bakarrik; momentu baten buruan, ekintzaileek jakinarazi dute bizitegiko ura moztu diela.
Tentsio momentuak @Alda_EH-k okupatutako egoitzan. Jabea agertu da haserre, negar eragiteko gas bonba bat eskuetan. Militante bati eraso egin dio. Jabeari esplikatu diote legez daudela hemen, eta etxera sartzen saiatzen bada salaketa arriskatzen duela @berriapic.twitter.com/QhJpFt3o7b
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) June 19, 2023
Frantziako Polizia agertu da ekintzaren lekura, eta gertatu dena kontatu diote Aldako kideek. Izan ere, legez kanpokoa da jabe bat maizterren etxera indarrez sartzen entseatzea eta abisurik gabe ura moztea. Horrez gain, zauritua izan den Aldako kideak ere salaketa jarri du jabearen kontra. Etxebizitzatik joan denean, Poliziak ez dio identifikaziorik eskatu, eta ez dio eragozpenik jarri. «Jakingo dugu aurkitzen, lasai», erantzun diete militanteen kexari.