Katalunia. Diada

Konplizitatea bilatzen

Independentistak sareak deituta, hainbat euskal herritarrek parte hartu dute Diadako mobilizazioan, Bartzelonan. Aurretik kalejira bat egin dute. «Ikastera» ere etorri dira.

Independentistak sareak atzo Bartzelonan antolatutako kalejira. BERRIA.
Bartzelona
2015eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Bada Katalunia eta Euskal Herria lotzen dituen osagai bat: Espainiako Estatuaren kide izatea. Baina bi herrialdeetako sektore askok dute independentzia nahia, eta partekatzen duten desira horrek elkartu egiten ditu. Atzokoa adibide. Izan ere, Bartzelonan izan dira hainbat eta hainbat euskal herritar, Diadan, Kataluniaren egun nazionalean. «Beste urteetako Diadak oso garrantzitsuak izan dira, baina aurtengoak mugarri bat ezarri du», esan du Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko eledunak. «Hau ez da Kataluniara begira egoteko eta elkartasuna adierazteko momentua soilik, baizik eta konplizitate hori antolatzeko eta gu ere engaiatzekoa».

Kataluniak Euskal Herriarentzat duen garrantziaz oharratazi du Independentistak sareko kideak: «Oraindik ez gara jabetu katalanak zabaltzen ari diren bideak guretzat duen garrantziaz. Hemen gertatuko denak egundoko garrantzia dauka Euskal Herrirako. Guk hor asko dugu ikasteko. Izan ere, independentziarako gure bidaia martxan jartzen badugu, sekulako atakan egongo gara, eta horrelako tokietatik pasatu beharko dugu eta jasotzen ari diren mehatxu eta erasoak jasan beharko ditugu». Beraz, ikasteko eta elkartasuna adierazteko asmoz, euskal independentistek beren aztarna utzi dute Bartzelonako kaleetan.

Hona etorritako euskal herritarrak giro lasaian batzeko Euskal Etxean biltzeko deialdia egin du Independentistak sareak, eta hamarnaka lagun bildu dira. Jendea joan-etorri etengabean ibili da, ordea, kalea borborrean izan baita; hamaika mitin, hitzaldi eta martxa izan dira goizean goizetik Bartzelonan, eta ez da izan denbora galtzeko unerik.

Sarearen deialdi nagusia 15:30ekoa izan da. Meridiana kalean, Ferran Reyes plazan biltzeko deia egin du, eta han osatu dute zutabea, joaldunak buruan zirela berariaz euskal herritarrentzat jarritako tarteraino joateko—65.enera—. Ikurrinekin eta zapi berdeekin, jende asko abiatu da Meridianan behera joaldunen atzetik. Bidean, katalanek «independentzia» oihuekin hartu dituzte. 65. zatira iritsi, eta kataluniarren artean nahasi dira Euskal Herriko lagunak.

Pozik da jasotako erantzunarekin Ariznabarreta. «Azken urteetako esperientzia oso positiboa izan da, eta uste dut jende askok eskertzen duela hemen denok batera egoteko aukera hau. Katalanek ere ondo hartzen dute gu etorri izana».

Sareko kideak adierazi du «Katalunian gertatu den sinbiosia Euskal Herriak oso kontuan» hartu beharrekoa dela, «herria mobilizatuta baitago, herri bat martxan dago, eta alderdiak eta instituzioak ere badira. Prozesua administratzen jakin dute, nahiz eta krisialdiak izan diren, eta honek fruituak eman ditu. Herriak alderdiei egindako presio politikoak eta aldi berean emandako babesak, politikariek konpromisoak hartzea eragin dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.