Auzi politikoak

«Konponbide baketsua» trabatu nahi izatea egotzi diote Espainiari

Gazte mugimenduaren kontrako auzian eta 'herriko tabernen auzian' urrian epaituko dituztenek «konpromisoa» eskatu duteManifestazio nazionalerako deia egin diote euskal gizarteari urriaren 26rako, Bilbon

Herriko tabernen auzian zein gazte mugimenduaren kontrako auzian urrian Madrilen epaituko dituzten 80 lagunetako hainbat, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2013ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Espetxeak nola hustu hitz egiteko garaia denean» Espainiako estatuak espetxeratu egin nahi dituela salatu dute 80 euskal herritarrek. Urrian epaituko dituzte, Herriko tabernen auzia gisara ezagutzen den 35/06 auzian erdiak —zortzi,10 eta 12 urteko espetxe zigor eskaerak—, eta gazte mugimenduaren kontrako makroepaiketan beste erdiak —sei urteko zigor eskaerak—. Aste berean hasiko dira bi epaiketak, astelehenetik asteazkenera egingo dituzte gazteen aurkako aurreneko auzisaioak, eta ostegun eta ostiralean ezker abertzaleko alderdi politikoetan lanean aritutako beste 40 lagunen kontrakoak. Espainiako Gobernuaren asmoa argi ikusten dute: «Euskal Herriari egiten zaion eraso frontala da hau. Estatuak eraso egiten dio garai berria zabaltzeko Euskal Herriak agertu duen erabakiari».

Donostian agertu ziren auzipetu ia denak, batera, elkar hartuta. Han ziren Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Joseba Alvarez,Floren Aoiz, Adolfo Araiz, Ainara Bakedano, Aritz Lopez, Asier Coloma, Mikel Aiestaran eta Olatz Izagirre, besteak beste. Arnaldo Otegi eta Jose Luis Elkoro auzipetuen argazki bana ere agerian ziren.

Bi auzitan egon arren, alde berean daudela ulertzen dute. Halaxe jarri baitituzte auzitegiek. Bi epaiketak batera, eta justu orain jarrita, asmo jakin bat dauka estatuak, auzipetuen irudiko: «Blokeatu egin nahi du konponbide baketsua. Atzerako martxa sartu nahi du». Eta, salatu dutenez, estrategia horretan ez ditu epaiketak bakarrik baliatu Espainiak: «Horregatik atxilotzen ditu etxera bueltan datozen atzerriratuak. Horregatik eusten die salbuespeneko zigor neurri guztiei. Horregatik betikotzen ditu preso politikoen eta senideen aurkako zigorrak. Gatazka betikotuz, estatuari bere horretan eusteko asmoz».

Baina, arazoa berea duela ohartarazi diote auzipetuek Espainiari, auzipetu guztiek, Karmelo Landa 35/02ko auzipetuaren eta Itxaso Torregrosa gazte mugimenduko auzipetuaren ahotik. «Krisi ekonomikoa, ustelkeriaren zulo beltza», krisi instituzionala eta lurralde ereduaren krisia dituela nabarmendu dute, eta bere «ahulezian» aukera demokratikoak eskaintzeko ezintasuna izatea egotzi diote. «Indarrez eta itxikeriaz blokeatu nahi digu bakerako bidea, bakearen beldur delako».

Ez dute atzera egingo

Estatuaren asmoak asmo, auzipetuek argi dute beren helburua: «Garai berria ekarri eta bake iraunkorra finkatzeko ahaleginean gabiltza». Orain arte «ahaleginak eta bi» egin dituztela, eta ohartarazi dute aurrerantzean ere horretan segitzeko asmoa dutela. «Oztopo guztien gainetik»,euskal herritarrentzako «garai eta aukera demokratiko beteak» lortu arte, eginahalean jarraituko dute. «Aurre egingo diegu makroepaiketa politiko hauei zein salbuespeneko politika guztiei, bertan behera uztea lortu arte».

Horretarako, baina, badakite beraiek bakarrik ez direla nahikoa: «Elkartasuna, mobilizazioa, jendarte zibilaren aktibazioa, herri erakunde eta instituzioen konpromisoa... hortik dator Euskal Herriaren garai berria». Eta badute konfiantza herritarrengan.

«Borondate oneko herritarrok soilik lor dezakegu gutxi batzuek konponbideari jarri nahi dizkioten oztopoak gainditzea», esan zuten. Horregatik, manifestazioa antolatu dute urriaren 26rako. Erasoen gainetik, Euskal Herria aurrera leloarekin egingo dute, Bilbon. Epaiketak hasita egongo dira, eta auzipetuak Madrilera bueltaka. «Herritarren konpromisoaren eta elkartasunaren bidez lortuko dugu bakearen aurkako erasoei aurre egingo dien harresi herritarra altxatzea, konponbideari atea parez pare irekiko dion herri indarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.