Euskal Preso Politikoen Kolektiboak larunbatean plazaratutako adierazpena «aurrerapausoa» da Etxerat elkartearen ustez. «Garrantzitsutzat» jo ditu bai presoek izandako barne eztabaida bera, bai ondorioak. «Gatazka konpontzeko ematen diren pausoak txalotzen ditugu, eta gure senide eta lagunen zein gure eskubideen errespetuaren alde ematen den mugimendu oro ongi etorria izango da», adierazi du. «Salbuespen egoera» amaitzeko eskatu, eta Espainia eta Frantziako gobernuei «konponbide garaia baliatu» eta «espetxe politika ankerra desagerrarazteko» esan die.
«Konponbidea, normalizazioa eta bakea ekarriko dituen bueltarik gabeko bideari bultzada emateko garaia» dela esan die Herrira-k.
Alternatibaren ustez, adierazpena «herritarrek ospatzen duten baina gobernuek ukatzen duten garai politiko berria berrestera dator». «Borroka armatuaren amaiera baieztatu» du EPPK-k, Oskar Matuteren hitzetan, eta bake justua eta iraunkorra lortzea «bideragarria» da.
EPPK-k «ETAren asmoen gaineko informazio faltsu eta interesatu oro apurtu» duela uste du Matutek. Presoei indarkeriatik aldendu eta biktimen mina aitortzeko egin izan dieten exijentzia du adibide, presoen adierazpenak «horixe egin duela apropos ahaztu» dutela iruditzen baitzaio. «Bakearen eta konponbide demokratikoen garaia» zabaltzen ari dela azaldu du, eta ezin dela atzeratu.
Konponbidea lortzeko «pertsona guztien eskubideak eta askatasunak berrezarri» beharko direla ohartarazi du Alternatibako buruak, eta, bide horretan, presoen aurkako salbuespen neurriak kentzeko eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei. «Euskal Herriak espero eta behar dituen pausoak dira, normalizazio politikorako eta askatasunerako bidean, non batzuek iraunarazi nahi duten gatazkaren ondorioz presorik izango ez den».
Ezker abertzalearen esanetan, «prozesu demokratikoan sakontzeko urrats garrantzitsua» da adierazpena. Areago, «prozesu hau amaiera onera eramateko ekarpenak egiten jarraitzeko jarrera osoa» erakutsi duenez, «abiapuntu sendoa» dela deritzo.
«Aitzakia oro amaitu zaie urratsik ez egiteko», esan die Espainiako eta Frantziako gobernuei. Salbuespen neurriak alboratzen hasteko, euskalpresoei «legedi arrunta» ezartzeko esan die. «Zenbat eta lehenago abiatu bide positiboan, hainbat eta onuragarriagoa izango da».
Bestalde, EPPK-k euskal eragile politiko, sindikal eta sozialaren gehiengoarekin bat egin duela ondorioztatu du; «aro berria mamitzeko» abiatutako «agenda positiboa» bere egin duela. Hala ere, oraindik «agenda negatiboan» agintari lar ari direla ohartarazi, eta «normalizazio politikoko jokalekua bultzatzen» jarraitzeko eskatu die euskal herritarrei.
Aralarren esanetan, «azpimarratzekoa» da EPPK-k ETAren erabakia berretsi izana, Anoetako Adierazpena, Gernikako Akordioa eta Aieteko Adierazpena bide orri gisa hartu izana eta «indarkeria guztiek eragindako min denen aitorpena egin» izana.
Espetxe politikan aldaketarik egin ez izana ez dela onargarria dio, eta Frantziako Gobernuak Espainiakoarekin bat egin izana «atzerakada nabarmena» dela. Hainbat jarrera politiko ez direla ulergarriak ere ohartarazi du, eta PSE-EE eta EAJ aipatu ditu.
«Konponbide garaia baliatzeko» esan die gobernuei Etxerat-ek
Alternatibaren ustez, «garai politiko berria berretsi» du EPPK-k, eta «bake iraunkor eta justua bideragarria da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu