ETAk jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri baino egun batzuk lehenago deitu bazuten ere, ETAk egindako iragarpenak indar handiagoa ematen dio gaur Bilbon Gernikako Akordioaren sinatzaileek konponbidearen alde antolatua duten manifestazioari.
Euskal Herriak konponbidea nahi du dauka lelotzat Bilboko Casillatik 17:30ean abiatuko den manifestazioak. Gernikako Akordioaren sinatzaileek gizartea egin nahi dute ireki berri den prozesuaren protagonista eta bultzatzaile; horretarako deitu zuten gaurko manifestaziora, herritarrak «eragile aktibo» izan daitezen, herenegun Hego Euskal Herriko hiriburuetan jarritako mahai informatiboetan adierazi zutenez.
«Guztion egitekoa»
«Gizartea ezin da gertaeren ikusle hutsa izan, bizikidetza, adiskidetzea eta bakea herritar guztien elkarlanaren emaitza izan behar direlako, emakumeen eta gazteen parte-hartzeari bereziki erreparatuta», adierazi zuen atzo Oskar Matute Alternatibako ordezkariak, gaurko manifestaziora deitzeko.
Gernikako Akordioko eragile guztiek elkarrekin egin zuten deia duela egun batzuk, eta asteon eragile bakoitzak ere egin du. Atzo Alternatibak egin zuen, baina ez zen bakarra izan.
Etxerat-ek ere deitu zuen gaur Bilbora joatera. «Guztion egitekoa da gatazkaren oinarriei eta ondorioei helduko dien eszenatoki berriari ateak irekitzea. Euskal gizarteak, bere borondatearen bidez, irekiko dio atea eszenatoki inklusibo horri, presoak eta iheslariak etxera itzul daitezen», aipatzen zuen oharrak.
Konponbide integrala
Gernikako Akordioaren izenpetzaileek ahalegin berezia egin dute gaurko manifestaziorako. Eskuorri banaketa masibo baten bidez, gaur Bilboko kaleetan eskatuko dutena azaltzen ahalegindu dira.
Gaur eskatuko duten konponbideak ezaugarri batzuk biltzen ditu, eta horiek dira: Integrala behar duela izan, «gatazkaren ezaugarri guztiak kontuan hartu eta erantzuna emanez, sorburu dituen oinarri politikoetatik abiatuta»; demokratikoa, «pertsona guztien eskubideekiko errespetuzkoa eta erabakitze eskubidean oinarritua»; galtzailerik gabekoa, «benetako bake eta normalizazioak guztiok irabazle egiten gaituelako, gatazka armatuaren, inposizioaren eta diskriminazioaren aurrean»; eta elkarrizketatuta, «elkarrizketa eta negoziazioa bakea lortzeko eraginkortasunaren bermea duten bitarteko bakartzat hartuz».
Ibilbide horretarako, berriz, Gernikako Akordioaren sinatzaileek aurreneko mugarriak ere ezarri dituzte: euskal presoen egoera hobetzea, gaixo daudenak askatzea, Parot doktrina bertan behera uztea, Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea eta prozesu politikoan parte hartzea errazteko baldintzak hobetzea; aukera politiko guztien legalizazioa, bai Sorturena eta baita legez kanpo jarritako gainontzeko eragile eta elkarteena ere; erasoen desaktibazioa, «epaiketa politiko guztiak geldiaraziz eta pertsona guztien aurkako jazarpena amaiaraziz».
Gernikako Akordioaren izenpetzaileek biktima guztien errekonozimendua ere bultzatuko dutela azaldu dute.
ETAren jardun armatuaren amaiera
Konponbidea eskatzeko herritarren txanda gaur
Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta, manifestazioa egingo dute 17:30ean, Bilbon, Casillatik abiatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu