Espainiako Estatuaren «erasoei» erantzuteko, indarrak biltzen jarraitu behar dela adierazi dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek. Eragile horien arabera, Bateragune auziaren inguruko epaia «larria eta mingarria» da, eta hala ulertu du euskal gizartearen «gehiengoak». Horren harira, gogorarazi dute bost zigortuak konponbide prozesuaren alde «ekarpen ukaezina» egin zutela, eta salatu dute, hain justu, prozesu hori «oztopatzeko» epaitu zituztela. «Bakegileak atxilotzen eta espetxeratzen dituen estatuak argi eta garbi adierazten du bakerik ez duela nahi», nabarmendu dute.
Gernikako Akordioa sinatu duten eragileen ordezkariek agerraldia egin dute Donostian, eta guztien izenean mintzatu dira Aralarreko Rebeka Ubera eta Alternatibako Enrique Martinez. Han izan dira, halaber, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko bozeramailea eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, besteak beste. Auzitegi Gorenak herenegun berretsitako erabakia salatu, eta euskal herritarrei dei egin diete Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta beste herri ugaritan gaur arratsalderako antolatuta dauden elkarretaratzeetan parte hartzera. Prozesuaren aurkako erasorik ez. Konponbide garaia da izango da mobilizazioen leloa, eta epaiarekin ados ez dauden eragile eta herritar guztiei parte hartzeko eskatu diete. Hego Euskal Herriko hiriburuetan, ordu eta leku hauetan egingo dira elkarretaratzeak: Donostian, Bulebarrean (19:00etan); Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan (19:00etan); Bilbon, plaza Biribilean (20:00etan) eta Iruñean, Udaletxeplazan (20:00etan). Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak debekatu egin du Nafarroako hiriburuko elkarretaratzea.
«Trabak eta oztopoak»
Gernikako Akordioaren sinatzaileen arabera, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari ezarritako zigorra «ez da Euskal Herrian zabaldutako bake eta normalizazio prozesuak jasandako lehenengo erasoa». Salatu dute «prozesu hau hasi zenetik» Espainiako Estatuak «trabak eta oztopoak» baino ez dituela jarri. Gogorarazi dute ETAk jarduera armatuen amaiera iragarri zuenetik —iazko urriaren 20an—, atxiloketak eta tortura salaketak izan direla, erakunde politiko eta sozial askok legez kanpo jarraitzen dutela eta Espainiako Estatuko espetxeetan euskal presoen egoerak «okerrera» egin duela. «Traba eta oztopo horiek guztiak mingarriak izan arren, Gernikako Akordioan bat egin genuen eragileok euskal herritarrei behin eta berriz eskatu diegu bake eta normalizazio prozesuaren aldeko konpromisoa era aktibo batean berresteko», azpimarratu dute.
Eleak mugimenduak ere bat egin du Gernikako Akordioaren deialdiarekin, eta exijitu du «epaiketa politiko» guztiak bertan behera uzteko eta legez kanporatutako alderdi eta eragile guztiak legeztatzeko.
'Bateragune auzia'. Erreakzioak
Konponbidearen aldeko ahaleginak «indarberritzeko» deia egin dute
Gernikako Akordioak adierazi du epaia «larria eta mingarria» dela, eta mobilizazioak antolatu ditu gaur arratsalderako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu