Konponbidearen aldeko aldarria egin du Eskisabelek

Hamazazpi urteko espetxe zigorra jarri dio Parisko Auzitegiak, eta zortzikoa Ugartemendiari

Erredakzioa
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
ETAko zuzendaritzako kide izatea egotzita, Parisko Auzitegiak hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri dio Pello Eskisabel preso lasartearrari eta zortzi urtekoa Manu Ugartemendia errenteriarrari. Frantziako Poliziak 2005ean atxilotu zituen, Okzitaniako Cassade herrian, eta ordutik preso egon dira.

Atzo eman zuen epaileak erabakiaren berri. Aurretik, hitza hartu zuen Eskisabelek, eta «euskal herritarren borondatea iparrorratz duen prozesu demokratiko» baten beharra aldarrikatu zuen. «Ba al dago zerbait demokratikoagorik herriari hitza ematea baino, askatasunez bere etorkizuna erabaki dezan? Horixe izan da betidanik ezker abertzalearen eta ETAren eskaera», adierazi zuen Eskisabelek auzi salan.

Era berean, gatazka konpontzeko bidean nazioarteko eta Euskal Herriko eragileak, ETA barne —urtarrilaren 8ko su-etena aipatzen du beren-beregi—, egiten ari diren lana goretsi zuen, eta Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera «errepresiboa» salatu. «Ez da nahikoa demokrazia hitzaz ahoa betetzea; demokrata gisa aritzea beharrezkoa da».

Martxoaren 17an hasi zen epaiketa. Prozesu guztian akusatuek «borrokaren zio politikoak» azaldu eta konponbidearen aldeko aldarriak egin dituzte.

Zigorren xehetasunak

Atzo ezagutarazitako epaiaren arabera, Eskisabelek zigorraren bi heren bete beharko ditu gutxienez, eta espetxetik irtetean, Frantziatik kanporatu egingo dute. Zigorrak ezarritako hamazazpi urteetatik sei urte egin ditu espetxean preso lasartearrak.

Ugartemendiak zortzi urteko zigorra bete beharko du, auzitegi berak 2006an ezarritako bigarren zigorra bateratu ostean. Zortzi urte horietatik, beraz, sei egin ditu espetxean Errenteriako presoak. Hura ere Frantziatik kanporatuko dute zigorra betetzean.

Fiskaltzak eskatutakoa baino zigor txikiagoa ezarri du, azkenean, epaileak. Eskisabelentzat 20 urteko zigorra eskatu zuen, eta 12 urtekoa Ugartemendiarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.