Konponbideari begirako bide orri bat aurkeztuko du EH Bilduk bihar

Gatazka eta ondorioak konpontzeko helburuz, alde bakarreko proposamena egingo du: Bakerako Euskal Bidea.Memoria, espetxe politika, desarmatzea eta desmilitarizazioa izango ditu ardatz

Aitziber Laski bar Lizarribar
Bilbo
2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Aieteko Bake Konferentzia egin zenetik eta ETAk jardun armatua amaitutzat eman zuenetik hiru urte eta erdi igaro direla, gatazkaren konponbidea oraindik ere blokeatuta dago. EH Bilduren esanetan, «oztopoak» daude aurrera egin ahal izateko. Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera itxiak «horma gaindiezina» eraiki duela iruditzen zaio, eta ezin dela «horma» hori noiz kenduko duten zain egon. Aurrera egitea erabaki du, beraz. Horretarako, alde bakarreko proposamena egingo duela iragarri du. Bihar aurkeztuko du Bakerako Euskal Bidea, Donostian.

Koalizioak urtarrilean plazaratu zuen Euskal Bidea ekinbidearen «garapena» da bihar aurkeztuko duena. Haren «filosofia bera» duela azaldu dute Rebeka Uberak eta Oskar Matutek: «Euskal gatazka politikoaren ondorioak konpontzeko bide orri gauzagarria proposatzen dugu».

«Jakitun gara gehiago egin dezakegula, eta egingo dugu», esan du Matutek; «ez gara egongo gainontzekoek zer egingo zain guk egin dezakegun guztia egiteko».

Baina bidea ez dute bakarrik egin nahi. Hortaz, proposamena irekia izango dela diote. Gatazkaren ondorioak konpontzeko «adostasun zabalak» behar direla, eta lortzen saiatuko direla. Elkarlana, gainera, ez dute alderdi politikoen artekoa soilik izatea nahi. «Proposamena herritarrentzat da».

Aurkeztuko duten bide orria «egingarria eta logikaz betea» dela diote, eta «jarrera eraikitzailez» eginikoa denez «euskal herritarrekin, eragile politikoekin eta sozialekin partekatu eta adostu» nahi dituztela edukiak. «Bidea elkarrekin marraztu nahi dugu». Izan ere, Matutek zehaztu duenez, ez da euren burua «baieztatzeko» ekitaldia izango; «eskua luzatzeko ekitaldia da» biharko prestatu dutena, eta hala ulertu behar dela ohartarazi du.

Proposamena bihar aletuko du EH Bilduk, Miramongo parke teknologikoan. Edukirik ez du aurreratu, baina bai ildo nagusiak. Lau ardatz nagusi izango ditu Bakerako Euskal Bideak: biktimak eta memoria; zigor eta espetxe politika eta iheslarien itzulera; armagabetzea; eta desmilitarizazioa.

Gai bakoitzak, lau ildoetako bakoitzak bere lanketa zehatza izango du, koalizioaren hitzetan. Baina laurek elkarren artean lotura zuzena dutela diote, eta, beraz, osotasunean hartu behar direla, lau atal bereiziek «bide orri bakarra» osatuko dutela. Bihar 11:00etatik aurrera ezagutuko dira poposamenaren eduki zehatzak.

Alderdiak kanpainaurrean

Kanpainaurrean murgilduta daude alderdiek. EH Bilduk Bilborako, Donostiarako, Gasteizerako eta Iruñerako dituen alkategai Aitziber Ibaibarriaga, Juan Karlos Izagirre, Miren Larrion eta Joseba Asironek, lau hiriburuen elkarlana sustatzeko apustua egin dute Iruñean.

EAJk Arabako ahaldun nagusi izateko duen hautagaiak, Ramiro Gonzalezek, bestalde, Araban industria babesteko plan bat bultzatuko duela agindu du. Juan Maria Aburto Bilboko alkategaiak ere ekonomiari eman dio garrantzia, eta hiriburuan «kalitatezko enplegua» sortzeko ahalegina egingo duela azaldu du. Markel Olano Gipuzkoako hautagaiak «herritarrak entzutea» hartu du lehentasuntzat.

PSE-EEk Gipuzkoako ahaldun nagusi kargurako duen hautagai Denis Itxasoren hitzetan, berea da «Bildu boteretik botatzeko aukera fidagarri bakarra».

Javier Ruizek, PPk Bizkairako duen hautagaiak, «EAJren entxufatu armada» amaitzeko eskatu du babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.