Konponbiderako eragile izateko eskatu dio Batasunak Frantziari

Frantzia konponbiderako prozesutik at gelditzea pentsaezina dela azpimarratu du Batasunak Parisen egindako agerraldianElkarrizketaren bidean Euskal Herria onartu egin beharko duela berretsi dio

Xabi Larralde Batasuneko mahaikidea, atzo arraltsaldean Parisen egindako agerraldian. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
ETAk menia iragarri eta egun gutxira Batasunak Pariserako bidaia egin du, Frantziak Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidean duen erantzukizuna aldarrikatzeko. ETAren agiriak «Euskal Herria ziklo politiko berri baten atarian» ezarri duela nabarmendu du Xabi Larraldek, Batasuneko mahaikideak. Bruselako adierazpenaren eta Gernikako Akordioaren bidean egindako «beste urratsgarrantzitsu bat» dela gogoratu du. Horretaz jabetzeko eskatu dio Frantziari. Egoera horrek «pilota Frantziaren eta Espainiaren teilatuan» uzten duela erran du.

Euskal Herriak pairatzen duen gatazkaren «eragile zuzena» dela gogoratu nahi izan dio Frantziari Batasunak, eta gatazka luze horren arrazoia politikoa izanik horren konponbideak ere politikoa izan behar duela nabarmendu du. «Frantzia eragile zuzena da Euskal Herriko gatazkan, etajakin badaki ezin dela konponbide prozesua aurrera atera kanpo gelditzen baldin bada» adierazi du Larraldek.

Frantziako espetxeetan 150 euskal preso daudela azpimarratu du Larraldek, eta berriki «gerra zikina gogoratzen duten gertakariak» egon direla. Jon Anza 2009ko apirilean desagertu zen, eta abantzu urte bete beranduago hilik agertu. Frantziak hori argitzeko borondaterik ez duela dio Batasunak. «Euskal Herriaren onarpena ukatzeko estrategian» Parisek Ipar Euskal Herriko gehiengo sozialak eskatzen duen berezko instituzioa ukatzen duela berretsi du. Gisa berean, gutxiengoen eskubideak bermatzen dituzten nazioarteko itunak ez izenpetzea edo baliogabetzea leporatu dio Frantziako Gobernuari.

Urratsak epe laburrera

Gatazkaren eragile den aldetik konponbiderako prozesuan parte hartzeko eskatu dio Frantziari. Bide horretan urratsak egin egin behar dituela adierazi dio, eta polizia operazioei eta epaileen esku- hartzeari bukaera eman. Euskal Herrian iritzi eta hautu politiko guztiak bermatze aldera, eskubide zibil eta politiko guztien bermea eskatu dio, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta estatus politikoa aitortzeko.

Baina, oroz gain, gatazka bera sortu duten arrazoi politikoak gainditzeko prozesua izan behar dela nabarmendu du Batasunak. Euskal Herriko gizarte zibileko eragileekin batera Frantziak negoziazio prozesu bati ekin behar diola azaldu du. «Horrek erran nahi du Frantziak eragile horiekin batera aztertu beharko duela Ipar Euskal Herriaren onarpen politikoa eta lurralde horri berezko estatutu instituzionala ematea».

ETAk egin duen urratsa aski ez dela dioten eragileei erantzun die «adierazpen hertsi horiek» ez daudela ETAk egindako urratsaren «dimentsio historikoaren» hein berean. Prozesua aitzinatzeko «adierazpen arin» horiek utzi eta epe laburrera urratsak egiteko eskatu die bi estatuei.

Euskal gizarte zibileko eragileek bezala, «gatazkaren erro politikoaren muina» landu beharko dutela jakinarazi die Frantziari eta Espainiari: autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna. «Frantziak eta Espainiak euskal gizarte zibilaren erabakia errespetatu beharko dute». Aldi berean, ETAk eta bi estatuek ondoko puntuak negoziatu beharko dituztela jakinarazi du: armak uzteko prozesua, euskal presoak askatzeko prozedura eta nola hartu kontuan gatazkaren biktimak eta haien familiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.