«Elkartasuna konpromiso laranjaz janztera» deitu dute Jone Amezagaren senideek, Jone Libre dinamikako kideek eta dozenaka herritarrek lagunduta, Busturialdeko Hitza-k azaldu duenez. Gernikan agerraldia egin zuten atzo, manifestazio baten aurretik. «Terrorismoa goratzea» egotzita Espainiako Auzitegi Gorenak hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra berretsi ondoren, gaztea atxilotzeko arriskuan dagoela ohartarazi zuten. Jone Libre dinamikakoek iragarri dute ahalik eta eragile eta pertsona gehienengana joko dutela babes bila. Bide horretan, batzarrera deitu dute gaurko: 20:00etan, Gernikako Astra kultur fabrikan. «Jone kartzelatzea eragotzi behar dugu».
Jone eta Eider libre lelopean egin zuten manifestazioa. Eider Uruburu euskal preso ohia joan den ostiralean atxilotu zuten Parisen, Etxerat-ek jakinarazi duenez, haren bikotekidearen aurkako epaiketan. Frantzian sartzeko debekua zuen Uruburuk, eta zortzi hilabeterako kartzelatzeko agindu zuen epaileak hori urratzeagatik.
Ertzaintzaren jokaera ere gaitzetsi zuten. Dinamikako kideek salatu dutenez, haien eskaera bat dela-eta agindu dute Amezaga bilatu eta atxilotzeko. Zigorra berretsi ondoren, kartzelan aurkezteko hamar eguneko epea eman zion Auzitegi Gorenak gazteari, baina arte hori Ertzaintzak eskatuta erretiratu diotela jakinarazi zuten, eta senideek azaldu zuten atzo goizean etxera ere joan zitzaizkiela ertzainak Amezagaren bila. «Zer interes dauka [Ertzaintzak] horretarako? Nork eman du agindu hori?».
2013ko azaroan, Espainiako Auzitegi Nazionalak hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra jarri zion Amezagari, «terrorismoa goratzea» egotzita. Zehazki, 2012ko Gernikako azken astelehenean pankarta bat jarri izana leporatu zioten. Akusazioa «Poliziaren azpijokoa» izan zela salatu izan dute Jone Libre dinamikakoek, eta epaiketa ere «fartsa bat» izan zela. Amezagak urtebeteko kartzela zigorra zuen lehendik, eta aurrekari horregatik sartu behar du espetxean.
28en aldeko ekintzak
Sarean elkartasun mezu ugari zabaldu ziren Amezagari elkartasuna erakusteko. Besteak beste, Madrilen epaitzen ari diren 28 gazteek Auzitegi Nazionaletik bidalitakoa, auzi saioa izan baitzuten atzo. Datozen asteetarako hainbat ekintza antolatu dituzte Segiko kide izatea egotzita epaitzen ari diren 28 gazteei elkartasuna adierazteko. Besteak beste, Iruñeko herri harresiak herenegun iragarri zuen Atarrabian herri afaria antolatu dutela abenduaren 26rako.
«Konpromisoa» eskatu dute, Jone Amezaga ez espetxeratzeko
Gaztearen aurkako hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak, «terrorismoa goratzea» egotzita

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu