Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Iñigo Iruin abokatuak Arnaldo Otegi hautagai izateko aurkeztutako babes helegitea. Orain dela bi urte auzitegi berak atzera bota zuen Iruinen lehen babes helegitea, eta Otegi (EH Bildu) ezin izan zen Eusko Legebiltzarrerako orduko iraileko hauteskundeetan hautagai izan. Orain, duela hilabete bat Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Bateragune auzian Auzitegi Nazionaleko epaiketa modu justuan ez zela egin ebatzi ondoren, jarrera aldatu du Konstituzionalak, hautagai izatearen "oinarrizko eskubideaz" doktrina ezartzeke duela esanda, eta tramiterako onartu du Iruinen eskaera, abokatuak BERRIAri azaldu dionez.
Konstituzionalak hamar eguneko epea emango die Auzitegi Nazionalari eta Gorenari dokumentazioa aurkezteko, eta bi aldeek —fiskaltzak eta Iruinek— euren arrazoiak eta eskaerak egiteko tartea irekiko da gero.
Bateragune auziko epaiagatik kasik sei urte eta erdian preso egon ondoren, 2016ko martxoan atera zen kartzelatik Otegi. Auzitegi Nazionalak 2011n hari 2021eko otsailera arteko inhabilitazio zigorra ere ezarri zion, baina Iruinek duela bi urteko abuztuan esan zuen 2016ko martxoan bukatu zela sufragio pasiborako inhabilitazioa. Otegiren defentsak zioen sufragio pasiborako inhabilitazio berezia espetxe zigorraren "osagarri" gisa jarri ziola Auzitegi Nazionalak, auzian kondenatu zuenean, eta, Espainiako Zigor Kodearen eta Auzitegi Goreneko nahiz Konstituzionaleko jurisprudentziaren arabera, zigor nagusiarekin "batera", une berean betetzen direla "zigor osagarriak". Beraz, abokatuak esan zuen Otegik sufragio pasiborako eskubidea indarrean zuela 2016ko martxoaren 1ean Logroñoko (Espainia) espetxetik irten zenetik.
Otegiri kargu publikoetarako inhabilitazioa ere ezarri zioten 2011n, baina ez zuten zehaztu zein karguri eragingo zion, eta, Iruinek azaldu zuenez, Espainiako jurisprudentziak argi dio zehaztu ezean ezin dela ezarri kargu publikoetarako inhabilitazioa.
Konstituzionala orduan ez zen mamira sartu, aurrez Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea eta Donostiako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegia sartu ez ziren bezala, eta irailaren 6an atzera bota zuen Iruinen babes helegitea. Iruinek salatu zuen "zigor osagarria" zena "zigor nagusi" gisa hartu zutela, izaera aldatuta.
Abokatuak ez zuen Europara jo, eta berriro hasi zuen prozesu judiziala, lehenik Auzitegi Nazionalera joz. Hark ez zuen onartu helegitea. Ezta gero —iazko irailean— Gorenak kasazio helegitea ere. Orain bai Konstituzionalak babes helegitea; iazko urrian aurkeztu zuen Iruinek.
Beste aukera bat ere bai, agian
Horrez gain, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak izan dezake beste aukera bat hautagai izateko: Espainiako Gobernuak ez badio Europaren azaroko ebazpenari helegitea aurkezten, Estrasburgoren erabaki hori finko bihurtuko da, eta orduan defentsak Gorenean Bateragune auziaren berraztertze helegitea aurkezteko aukera izango du. Defentsari arrazoia emanez gero, baliogabe geratuko litzateke ordu arteko ibilbide judiziala.
Duela gutxi Estatuaren Abokatuak iragarri zuen bera ez dela Europan helegitea aurkeztearen aldekoa. Madrilek beste bi hilabeteko epea du aurkeztu edo ez erabakitzeko.